Argentinako, Txinako, Espainiako, Estatu Batuetako, Frantziako, Georgiako, Thailandiako eta Turkiako hamaika zinemagile
Donostia Zinemaldiko New Directors sailean –
Argentinako, Txinako, Espainiako, Estatu Batuetako, Frantziako, Georgiako, Thailandiako eta Turkiako hamaika zinemagilek euren lehen eta bigarren filmak aurkeztuko dituzte Donostia Zinemaldiko New Directors sailean
…
Argentinako, Txinako, Espainiako, Estatu Batuetako, Frantziako, Georgiako, Thailandiako eta Turkiako hamaika zinemagilek euren lehen eta bigarren film luzeak aurkeztuko dituzte Donostia Zinemaldiko New Directors sailean. Kutxabank-New Directors saria beretzeko lehiatuko dira film horiek guztiak, bai eta hurrengo asteetan iragarriko den besteren bat ere.
Gülizar / Gulizar, Turkiaren eta Kosovoren arteko koprodukzioa, ezkondu aurretik sexu-eraso bat jasaten duen emakume gazte bati buruzko filma da, Belkis Bayrak (Istanbul, 1984) zinemagile turkiarraren lehen film luzea; Apartman / The Apartment (2018) eta Cemile (2021) film laburrekin nazioarteko hainbat lehiaketatan parte hartu zuen Bayrakek.
Roschdy Zem eta Bella Kim dira Hiver à Sokcho / Winter in Sokcho filmeko protagonistak; Koya Kamura (Paris, 1983) zinemagile frantziar-japoniarraren lehen filma, Homesick (2019) film laburraren ondoren zuzendua. Artista frantziar bat Koreara iristean bizitza astinduko zaion neska korear gazte baten istorioa kontatzen digu Frantziaren eta Korearen arteko koprodukzio honek.
Eternity (2010) filma izan zen Sivaroj Kongsakulek (Bangkok, 1980) zuzendutako lehen film luzea, eta Busango, Rotterdamgo edo Hong Kongeko zinema-jaialdietan eman zen, besteak beste. Regretfully at Dawn zinemagile thailandiarraren bigarren lana da eta, bertan, agure baten, neskato baten eta soldadu gazte baten patuak gurutzatzen dira.
Brûle le sang / In the Name of Blood Frantzia, Belgika eta Austriaren arteko koprodukzioa da, Akaki Popkhadze georgiarraren (Tbilisi, 1991) lehen lana da; Je vois (2019) eta Ici en silence tout hurle / In Silence Everything Roars (2023) film laburren egilea da Popkhadze. Besteak beste, Nicolas Duvauchelle, Florent Hill-Chouaki eta Denis Lavant dira protagonistak, eta Nizan girotuta dago, non komunitate georgiarreko funtsezko pertsona bat erail duten.
Walking in Darkness (2019) –Rotterdamgo zinema-jaialdiko Bright Future sailean estreinatutako filma– zuzendu ondoren, Yongkang Tang zinemagile txinatarrak (Taiyuan, 1983) Stars and the Moon lanarekin parte hartuko du New Directors sailean; zuzendariaren bigarren film luzean, mendi-herri bateko haur batek egunak ematen ditu zerura begira, estralurtarrak ikusteko itxaropenez.
Michael Tyburskik (New York, 1984) Sundance zinema-jaialdian egin zuen debuta The Sound of Silence (2019) filmarekin, eta Turn Me On bere bigarren filmarekin lehiatuko da oraingoan Zinemaldian. Zientzia-fikziozko komedia erromantiko hau –Bel Powley eta Nick Robinson protagonista dituena eta Angela Bourassak idatzi duena– pertsona guztiek egunero giza emozio oro desagerrarazteko pilula bat hartu behar duten new age komunitate batean gertatzen da.
Film horiek guztiak jada iragarritako ekoizpen espainiarreko beste filmei gehitzen zaizkie. Bi debut erakutsiko dira: batetik, Antón Álvarezen (C. Tangana) La guitarra flamenca de Yerai Cortés, New Directors sailean emango den lehen filma; eta bestetik, Sandra Romeroren Por donde pasa el silencio / Where the Silence Passes; bestalde, zuzendarien bi bigarren film luze ere programatuko dira: La llegada del hijo / The Arrival of the Son, Cecilia Atán eta Valeria Pivato zuzendariena (La novia del desierto), eta Azken erromantikoak, David Pérez Sañudo egilearena (Ane).
Film guztiak dira Kutxabank-New Directors saria irabazteko hautagai. 50.000 euroko saria da, erdibanatzeko zuzendariaren eta filmak Espainian duen banatzailearen artean. Kutxabank-New Directors saria Kutxabankek, Donostia Zinemaldiaren kolaboratzaile ofizialak, babesten du. Kutxabank-New Directors sariaren epaimahaiak baloratu eta saritzen ditu film hauek. New Directors saileko filmak Gazteriaren DAMA saria lortzeko hautagai ere badira. Sari hori 18 eta 25 urte bitarteko 150 ikaslek osatutako epaimahaiak erabakitzen du.
Donostia Zinemaldiak talentu berrien alde egindako apustuaren adibiderik argiena dugu New Directors, baina ez bakarra; izan ere, zinemagileen lehen eta bigarren lanak Zinemaldiko gainerako sailetan –baita Sail Ofizialean ere– programatu ohi dira, eta Nest mundu osoko zinema eskoletako ikasleen film laburren sail lehiakorrean ere lehen lanak erakusten dira.
Cate Blanchettek Donostia sarietako bat jasoko du Zinemaldiaren 72. edizioan