Gazteen artean, ezker-eskuin banaketa politikoa genero ikuspegitik ere aztertu daiteke
Ezker-eskuin banaketa politikoa –
Azken bi hamarkadetan, herrialde garatuetako belaunaldi gazteetan zabaldu da generoen arteko urruntze ideologiko bat. Gizon gazte gero eta gehiagok ideia kontserbadoreak edo eskuin muturrekoak onesten ditu eta emakume zein pertsona ez-bitar gazte gero eta gehiagok bere burua aurrerakoitzat du eta ezkerrean kokatzen da. Urruntze ideologiko horrek, politikaz harago, kultura eta nortasun pertsonalarekin zerikusia du. Zein ondorio izan ditzake gure gizarteetan?
Mendebalde globaleko herrialde gehienetan, kontsideratu ohi da gazteak direla orokorrean aurrerakoiagoak eta zaharrak aldiz kontserbadoreagoak. Azken urteotan iritzi politikoen artikulatzeko ardatz berri bat gehitu zaio adinari: generoa ere kontuan hartzen da. Gaur egun, Mendebaldeko emakumezko gazteak nabarmen aurrerakoiagoak dira adin bereko gizonezkoak baino. Hainbat ikerketek erakusten dute iritzi politikoei dagokionez pertsona ez-bitarren multzoak emakumezkoen ezaugarriak dituela.
AEBetan zabalduak diren hainbat gizarte joera geroago hedatzen dira Europan, baina kasu honetan bilakaera aldiberekoa dela dirudi –herrialdez herrialdeko berezitasun gutirekin–. Aurtengo martxoan, The Economist aldizkariak Ipar Amerikako, Europako eta Hego Koreako –Asian izanik ere, Mendebaldeko hainbait ezaugarri ditu– hogoi herrialderen inkesta politikoen datuak aztertu ditu –ikerketa hori binarismotik eramana da eta ez da ez-bitarrei buruzko daturik zehazten–. Analisi horren arabera, 2000 urtean ez zen generoen arteko ezberdintasunik nabaritzen iritzi politikoei dagokienez. Aldiz 2020an tartea argia da: beren burua aurrerakoitzat dute 18-29 urteko gizonezkoen %51k baina adin bereko emakumezkoen %63,5ak. Hogei herrialde horietan emakume gazteak dira gizon gazteak baino aurrerakoiagoak.
Europari dagokionez, tarte handiena Polonian ikusten da, eta Europan baino nabarmen handiagoa da AEBetan. Gainera, bereziki emendatu da azken hamarkadan: 2008an ez zen genero ezberdintasunik ageri, aldiz 2022ko Ordezkarien Ganberako hauteskundeetan gizonezko gazteen %46ak eta emakumezko gazteen %28ak errepublikanoen alde bozkatu dute.
Flandrian (Belgikako iparrean), azken hauteskundeetan gizon gazteek gehien bozkatu dituzten alderdiak izan dira eskuin muturreko Vlaams Belang eta eskuineko N-VA. Emakumezko gazteen artean, berriz, Groen alderdi ekologista eta ezkerreko Vooruit. Polonian iazko hauteskundeetan, 18-29 urtekoen artean gizonezkoek gehien bozkaturiko alderdia eskuin muturreko Konfederacja izan da. Gizon gazteen bozen %26 bildu dituen alderdi horren lemetariko bat da “feministen aurka, benetako emakumeen defentsan”. Halako edukiarekin ez da harritzekoa adin bereko emakumeen bozen %6 bakarrik lortu izana, eta emakume gazte gehienek abortua berriz legalizatzearen aldeko zentro ezkerreko alderdientzat bozkatu izana.
Gizon gazteak, zaharragoak baino antifeministagoak
Polonian duela bost urte IPSOS erakundeak egindako inkesta baten arabera, 18-39 urteko emakumeen iritziz klima aldaketa da Poloniarentzako arriskurik handiena. Adin tarte bereko gizonen iritziz, aldiz, LGBT mugimendua eta “genero ideologia” dira arrisku nagusiak. Poloniako Konfederacja alderdiaz gain, hainbat herrialdetan agertu dira diskurtso oso maskulinistak dituzten eskuin muturreko alderdiak, hala nola, Frantzian Reconquête, Espainian SALF edota Portugalen Chega. La Croix egunkariaren arabera, Chega alderdiak 2020an onarturiko barne mozio batek gomendatzen zuen abortatu zuten emakumeei obarioen ebakitzea, berriz egin ez zezaten. Hainbat protestaren ondorioz kendu bazuten ere mozioa, onargarritasunaren leihoa zabaltzen lagundu zuen.
Europako 27 herrialdeetarako bilakaera deigarri bat nabari da The Economist aldizkariko azterketan: orokorrean, 18-29 urteko gizonak 65 urtetik gorako gizonak baino antifeministagoak dira. Diote, emakumeen eskubideen garapena urrunegi joan dela eta horrek gizonentzako aukerak oztopatzen dituela. Hainbat herrialdetako emakume gazteen iritziak kontrako bilakaera erakusten du. Adibidez, Erresuma Batuan emakumeen bizi baldintzak okerragoak direla deritzote gehiago emakume gazteek. Hego Korean aldaketa nabarmenagoa da: 20-30 urteko gizonen %80ak dio gizon izateagatik diskriminatuak direla, baina 60 urtetik gorako gizonen %30k bakarrik.
Gizarte aldaketen hautemate ezberdinak
Mendebaldean, luzaz goi ikasketetatik baztertuak izan ondoren, gaur egun gizonak baino diplomatuagoak dira emakumeak –batez ere belaunaldi gazteetan–. Nahiz eta honek ez duen oraingoz ondorio proportzionalik lanpostu eta soldatari dagokienez, gizarte dinamikei buruzko ikuspegi informatuagoa dute emakumeek gaur egun. Horrez gain, unibertsitatetik igarotzea ikuspegi aurrerakoi eta berdinzaleagoarekin lotu ohi dute soziologoek. Herrialde aberatsetan sexismo arruntak atzera egin du azken hamarkadetan, eta horren hautemate ezberdina izan dezakete emakume eta gizonek eguneroko bizitzan: batzuentzat askatasun gehiago, bertzeentzat arau berriei egokitu beharra, gogo onez edo ez hain onez. Denbora luzeko bilakaera horien hautemate kontrastatua biderkatzen dute sare sozialek, erabiltzaile bakoitzak bere “burbuila sozialean” bere iritziak sendotzen dituelarik, eta hori izan daiteke handituz doan polarizazioaren erruetarik bat.
AEBetan, Survey Center on American Life (Amerikar Bizitzari buruzko Inkesta Zentroa) erakundeak eraman duen ikerketa baten arabera, 1990eko hamarkadaren bukaeran eta 2000ko hamarkadaren hasieran jaiotako belaunaldikoek zailtasun gehiago dute bikote harremanak lotzeko eta bakarrik sentitzen dela dio aurreko belaunaldikoek baino gehiagok. Emakumeen %31k baina gizonen %16ak bakarrik beren burua LGBTtzat dute. Proportzio horiek aurreko belaunaldietakoak baino handiagoak dira, eta are handiagoa da generoen arteko aldea. Gizonekin bizi nahi ez duten –eta ezkondu gabe bizi ahal diren– gaur bezainbat emakume izatea historikoki berria da.
Joera horren aurka oldartzen dira, noski, gizonesfera eta eskuin muturreko alderdi maskulinistak, eta feminismoa eta LGBT mugimendua desagertarazi nahi dituzte, “balio tradizionalen” izenean, baita azal zuridun ume gehiago sorrarazteko ere. Eskuin muturrari lotzeko bideetariko bat baita antifeminismoa. Bilakaera horri eman beharreko konponbidea ez da erraza. Nola gizon gazte gehiagori ulertarazi arau maskulinistek gizonak eta mutil gazteak ere kaltetzen dituztela eta LGBT mugimendua ez zaiela arrisku? Nola ulertarazi klima aldaketa eta zaintza direla benetako erronkak?
Belaunaldi gazteetan gertatzen diren kontrako bi mugimendu horiek, politikaz harago, kultura eta nortasun pertsonalarekin zerikusia dute, horregatik dira hain sakonak. Horregatik ere arrakala honen konponbideak, nahitaez, aldaketa sakonak beharko ditu.
Eskuma ezkerra dikotomia gezur hutsa bilakatu da. Hemen, edo abertzalea edo globalista da kontua, eta “aurrerakoiek:” AEBtatik datorren ideologia globalistaren alde egin dute, tamalez. Horrek euren burua nazionalistatzat duten hainbat gazteen desafekzioa dakar normala. Antsoian, Manchester, Wisconsin edo Pragaren artean inolako desberdintasunik ez dadin egon nahi duten politika hoiek, erabat suizida dira. Ea bilakaerak nora garamatzan.
Eskuma-ezkerra dikotomia gezur hutsa bilakatu dela diotenen artean, ezkerretik datorren jende gero eta desideologizatuagoa, asimilatuagoa, burgestuagoa aurkitzen dugu. Bizimodu eroso baten abaroan kapitalismoaren injustiziak eta kolapso saihestezina ikusteari utzi diotenak, etorkinek egunerokotasun goxoa mehatxatzen diotela ikusten dutenak… Behialako iraultzaileak, kontserbadore bilakatuta. Yuppie bihurtutako hippieak.
Normala da. Ez gara gai izan Euskal Herri sozialista bat eraikitzeko. Errealitatea aldatu ezin dugunez, aldatu dezagun ikusmoldea. Autoestimua babestu beharra dago.
Abertzalea Vs. globalista dikotomia moduan planteatzea zera da, argi esaten ez bada ere: globalista txarra da, ez du aberria defendatzen, etorkinei bidea irekitzen die eta nortasuna galarazten du. Abertzalea ona da, mugak ixten ditu eta nortasuna defendatzen du. Globalista “aurrerakoitzat” aurkezten bada, abertzaletasun kontserbadore bat nahi delako egiten da.
Zorionez, Euskal Herrian aspaldi asmatu zen abertzaletasuna eta ezkerreko balioak lotzen. Eta lotura horixe izan da euskal nortasuna bizien mantendu duena azken bost hamarkadetan. Nahi bai baitugu herri libre bat izan, hain zuzen ere baztertuek leku bat izan dezaten. Ondo baitakigu zer den baztertua izatea.
Horrexek ematen digu nortasun berezia euskaldunoi.
Euskal Herria munduko baztertuen herri askea bilakatzen bada, ez izan nolako zalantzarik, Euskal Herria izateari utziko dio. Horregatik, hain zuzen ere, zuen jarrerak, abertzaletasunetaz, ezer gutxi dauka, harrera globala gurearen defentzaren aurrean lehenesten duzuelako. Pijo-yupi-aburgesatu honek argi dauka, aberriari eutsi, hori da une historiko honetan dagokiguna.
Artikuluaren gaira itzuliz…
Tradizionalki, genero estereotipoen defentsa alde kontserbadorearen esku egon dela kontuan hartuta, trans mugimenduaren eskutik rolen indartze bat ematen ari dela ikusten da. Emakume izatea ile luzea, ezpain gorriak eta soinekoa eramatearekin lotzen da, eta gizon izatea, ile motza eta zakarkeriarekin. Ez dirudi oso aurrerakoia denik gazte transen artean ikusten den joera hori. Atzean gelditu da garai hura, non aldarrikatzen baitzen panpinekin jolasten den mutil bat ez dela zertan homosexuala izan. Gaur neska identitatearekin lotuko da zuzenean, genero estereotipoetan oinarrituta.
Gizon bikote aberatsek eta emakume txiroek haurrak salerostea ere ez du ematen oso ezkerreko jokabidea.
Ezkerra eta eskuinaren arteko dikotomia faltsua izatea baino, izan liteke jendeak ezkerreko eta eskuineko jokamoldeak askorik pentsatu gabe nahasten dituela, norbere apeten arabera.
Ez dut besterik eztabaidatuko, baina… nolatan lotzen da, eta nork lotzen du, “gizon izatea, ile motza eta zakarkeriarekin”? Akaso ez da izan eta badira izan emakume guztiz zakarrak, eta izan dira eta badira izan gizon finak eta delikatuak?
Eta gero, direlako estereotipoei ihes egin behar diegula diote?
Nor dira pertsona “ez bitarrak”?
Ba, “ez binario” edo “ez bitarrak”, hitz gutxitan esanda, azpikultura urbano bat baino ez dira, beraiek oso pertsona bereziak direla uste bai baina, ezagututakoan gizon-emakume zeharo arruntak direla igartzen zaien pertsonez osatutako azpikultura bat.
Kasu eman zeri deitzen diogun ezkerra eta “aurrerakoia”:
Estatu Batuetako Alderdi Demokratan eta hango unibertsitate kanpusetan sortutako dotrina posmodernistek ez dute ezkerrarekin zer ikustekorik, ez bederen ezkerraren hatsarre tradizionalekin: ilustrazioa, arrazoimena, filosofia materialistak eta abar.
Beraz, kontuz “ezkerra” zeri deitzen diogun. Abortoa eta gizon-emakume homosexualen eskubideak, adibidez, bai, ezkerreko programa politiko baten parte izan beharko lukete beti.
Ordea, norberaren sortzezko sexua kategoria biologiko eta juridiko gisa lanbrotu eta ezabatu nahi izatea ez da ezkerrekoa, ez behintzat ikuspegi feminista batetik. Hein berean, emakumeen ugaltze gaitasuna ustiatzea aberats batzuen apetak asetzeko ere ez da ezkerrekoa. “Puta librearen” mitoa elikatu eta sinetsaraztea ere ez da ezkerrekoa.
Hiru aipatu ditut: 1) sexuaren errealitate materiala ukatzen duten dotrina eta legeriak, 2) Gestazio subrogatu izenekoa eta 3) Prostituzio legala. Hirurak Euskal Herriko ezker koalizio handiak defendatzen ditu. Postura horiek EH Bildu ildo posmo-liberal batera zuzentzen dute.
Mikel Haranburu, ez dakit NAIZEN elkartea ezagutzen duzun. Bideo batzuk grabatu zituzten, aktore profesionalekin, jendeari asuntoa esplikatzeko. https://zuzeu.eus/zuzeutb/sexu-ezaugarriak/
Horrelako gauzak esatera iristen dira, eta gehiago. Esketx bakoitza perla bat da: “Denok dauzkagu ezaugarri femenino zein maskulinoak” (dialogo horretan emakume batek depilatzen duen ezpaingaineko bixarraz ari dira, hori ezaugarri maskulinoa delakoan). “Ezaugarri femenino eta maskulinoekin SEXUATZEN JOATEN GARA BIZITZA OSOAN ZEHAR” (egia esan sexuatzea fetoan gertatzen da, baina haiei bost inporta errealitatea).
Entzuten diezu eta oso, oso argudio sexistak dauzkate.
Politika feministek noski generazio antifeministak bultzatuko dituzte. Generazio oso bateko gizonak galbidera eraman dituzte politika hauek. Gutxiengoa dira gizonak unibertsitatean, baina emakumeentzako kuotak daude enpresa askotan (noski eraikuntzan edo garraioan ez kar kar kar). Lan arriskutsuenetan, guztiak gizonak dira, beraz hildakoak ere. Preso guztiak ere gizonak dira. Ukrainako gerra? Gizonak heriotzera behartu dituzte, emakumeei ihes egiten utziz. Azkenik, guzti honekin, suizidiora bultzatzen dituzte gizon gazteak.
Nola ez dira gizon gazteak feminismoaren aurka egongo? Nola utziko dute miseriara behartuak izatera?
Gizon: ez bozkatu zure aurka dagoen alderdirik. Zure semeak, anaiak… gorroto dituen alderdiak bozkatuko dituzu?