Patanjiliren Yoga Sutrak, norbere burua ezagutzeko lehenengo eskuliburua

Patanjiliren Yoga Sutrak, norbere burua ezagutzeko lehenengo eskuliburua – 

Yoga eskulibururik aspadikoena Patanjali-rena dugu ziurrenera, Patanjiliren Yoga Sutrak hain justu ere. Gure mendebalde postmodernoan hamaika aldaeratan sustratitu den Indiako aspaldiko tradizio soteriologikoa dugu yoga. Agian soteriologiko bainoago, “integratzaile” edo “bateratzailetzat” jo beharko geneuke yoga deritzogun hori. Izanez ere, “yoga” hitzetik erdarazko “yugo” eratorri zen, eta hitzaren adiera nagusia “uztarri” edo “lotura” da, eta “diziplina edo jarraibide bati fermuki lotzea” eman nahi du aditzera. Hori lortze aldera, eta “yoga” izenpean ezagutzera eman den guzti-guztiari kontu egite aldera, gorputzaren nahiz gogoaren diziplina-multzo zabalaren berri eman behar dugu.

Aipatu Yoga Sutrak idazkia yogaren ikuskera teoriko zein praktikoa maisukiro laburbiltzen duen funtsezko testu kanonikoa geneukake. K.a. II. mendean idatzia, alde-alde, eta legendazko Patanjili delakoari aitortzen zaio autoretza. Ustez, berorrek gizaldi eta gizaldietan aterunerik gabe pilaturiko jakinduria yogiko aberats eta oparoa jasotzen du, berrehun bat aforismo motz bezain trinkoren bitartez adierazita. Labur-labur, eta ziurrenerena oso azaletik ere sinplifikatuaz, zera luke xede aipatu eskuliburu honek: nola atera giza gogoa ohiko nahasmenetik eta bere jatorrizko argitasunera itzuli. Azken batez, obra honek bere buruaren askapenaz kezkatu legokeen edozeinentzat ezinbesteko meditazio-gida izaten dirau egun ere, antzina bezala egun ere.

Esandako guztiagatik hortaz, ez da ekarpen makala inonik Patanjilirena. Eta ekarpen makala ez bada, Patanjilik egindako aurkikuntza makala ere ez delako da. Ekarpena, formato honen pean, berarena da, baina aurkikuntza gorago esanda moduan, ez zen berez berarena izan, mendeetango pilatutako jakinduria zen-eta berorretan jasotakoa, berak jaso eta egituratu baino ez zuena. Nolanahi ere den kontua, zer esan genezake jakinduria horri dagokionez? Noiz eta zer-nola jarri zen abian trasmiso-kate hori? norbere barne sakontzetik sorturiko jakinduria hori, norbere barne esperimentatzetik sorturiko jakinduria hori, nola joan zen sortuz? zer xedez sortu zen?

Suaren aurkikuntzan gertatuta moduan izan zela, edo izan zitekeela, imaginatzea gustatuko litzaidake. Pentsa dezagun, imagina dezagun, bada, arritxo eta adaska txiki batzuk elkarren artean igurzten suarekin antzo, “txinparta” modutsuko batekin-edo zabaldu zutela aspaldi zaharreko hartan meditazio edo yoga bidea. Nolabait edo beste-edo, gertakaria horrelatsu irudikatuaz, zera irudika genezake; halako batean, aspaldiko hartan, suarekikoan bezala, “isiltasunarekin” beste horrenbeste gertatu zela; gertakari natural-naturala izan zela, gerora, imitatzearen imitatzez eta errepikatzearen errepikatzez, pertsonaz pertsona, eta belaunaldiz belaunaldi hobetuz joan zena.

Egia esatera, hipotesi hau hipotesi asmotsua baino ez geneukake eta, egia esatera, aspaldi zaharreko “isiltasunezko txinparta” natural hauek zer-nola izan zuten hastapena ezin zinez esan. Alabaina, izan baditugu gaur egundik askoz gertuagokoak ditugun zenbait eta zenbait kontakizun autobiografiko aipatu hipotesi horren alde egin lezaketenak.

Aintzat hartu beharreko pertsona horiek, euren bizialdiko egunen batean, ausaz eta gehienetan aurrez horrelakorik ezer espero gabe, errealitatearen gordinarekin egin zuten tupust eta, horren ostean, benetako isiltasunezko amildegia ezagutu zuten estreinako aldiz. Existentzia, euren existentzia, une batez bederen, “etenda” edo “zintzilik” geratu zitzaien. Eskuarki oso bizipen laburrak izan ohi dira hasiera batean, baina gerora, behin egunerokotasunera bueltatuta, zerbait zinez baliotsua pairatu izanaren uste sendoaz ekiten zaio bizitzari. Sakontasunetik astinaldi ederra jaso izanaren bizipena norbere gogoan ondo ere ondo txertatu-erroturik geratzen da. Norbere bizitza eta errealitatea ordura artean sekulan ez izandako betetasun ezezagun batetik izaten dira hautemanak. “Bestearekin eta besteekin bat egite” moduko batekin zerikusirik duen bizipena dugu bizitako hori; hitz larrizko errealitate misteriotsu, ezinago baliotsu eta baztrergabearen parte izatearen bizpenetik asko du bizipen horrek.

Ustekabeko “txinparta” horrek, bere horretan utzi ez, eta berau hauspotzeko gogo bizia ernatzen du, berriz ere horrelatsuko bizipenak izateko irrika bizia pizten du. Ausaz-edo aurkituriko hori, giza gaitasun oso baliotsutzat jo ohi da, ordura arteko altxor ezkutua bailitzan. Bukatze aldera-edo, jada iaz bi artiukuletara ekarri nuen Geneviève Lanfranchiren (Esperantzaz haraindi, Geneviéve Lanfranchi-ren lekukotza eta Esperantzaz haraindi, Geneviéve Lanfranchi-ren lekukotza II) jarraiko testigantza hau, aipatu bizipen horietariko interesgarri bat izan daitekeelakoan:

“Bi dimentsiotan bestetan mugitzen ez den animalia batek hirugarren dimentsio baten berri izango balu, dudan adina bertigoa izango luke. Bateratsu, hirugarren dimentsio hori urratu asmo leukake, baina ez lekike inondik ere nola. Halere, ordura artean zuen bi dimentsioko munduaren segurtasuna irrikatuko du eta ez du galdu nahi izango. Kontuak horrela, ibilian-ibilian “grazia” batez-edo erauzia izan deneko azaleko mundu batera lerratu eta lerratu egiten dela konturatuko da, behin eta berriz azaleko mundura bueltatzen dela” (G.LANFRANCHI, Vivre en vacuité, 274. or)

Igor Goitia

Patanjiliren Yoga Sutrak, norbere burua ezagutzeko lehenengo eskuliburua

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude