Ez neutroa, bai irekia
Ez neutroa bai irekia –
Juan Luis Zabala, Gipuzkoako Hitzan.
Miguel Delibes espainiar idazlearen Cinco horas con Mario nobela berrirakurtzen ari nintzela, pasarte batek geldiarazi zizkidan bat-batean gogoa eta irakurraldia. Honela mintzo zaio alarguna senar zendu berriari pasarte horretan:
«Begira, Asier, hogeita bi urte eta egun osoa mugikorraren pantailari begira, eta hori ez da ona, maitea, onar ezazu, eta lagunak ere berdin, beldurtu egiten naute, benetan. Ez dezagun geure burua engaina, Asier, baina gaur egun neska-mutil gehienak eskuindarrak dira, ez dakit zer gertatzen zaien, burua lerdotuta daukate, askatasunari, gozatzeari eta hizketarako izaten dituzten gaiei buruzko ideia txepelez beteta. Arranopola, duela urte batzuk, gogoratu zaitez! Orain ez iezaiozu hitz egin mutiko bati borroka armatuari buruz, Asier, eta badakit borroka armatua lazgarria dela, maitea, baina azken batean ausarten lanbidea da, eta euskaldunei buruz esango dute gerlariak izan garela, baina ez zaizkigu gauzak gaizki atera, nik uste, ez baita munduan orpoetara iristen zaigun herririk, entzuten ari zara aitak dioena: subiranotasunik, ez; baina balio iraultzaileak eta duintasuna, esportatzeko».
Barkatu, nahastu egin naiz. Igarriko zenuen, irakurle, hori ezin dela Delibesen nobelako pasartea izan, 1966an argitaratu baitzen lehenik, telefono mugikorrak denon eskuetara iritsi baino askoz lehenago; ETA artean ere borroka armatuari ekin gabe zegoenean.
Pasarte hori nik neure kabutan, mutatis mutandi, Delibesen nobelako pasarteari egindako itzulpen egokitua edo bertsioa da (Angel Erroren Itzulpena-Traducción liburuko poemen antzera, hala esatea zilegi bazait). Pasartea, berez, fidel jokatuta honela euskaratuko nuke:
Ezagutu ez dituen errealitateak eta pertsonak erretrata ditzake idazleak, baita idazten ari den garaian inork irudikatu gabekoak ere, zeharka eta nahi gabe.
«Begira, Mario, hogeita bi urte eta Jaungoikoaren egun osoa irakurtzen edo pentsatzen, eta irakurtzea eta pentsatzea ez da ona, maitea, onar ezazu, eta lagunak ere berdin, beldurtu egiten naute, benetan. Ez dezagun geure burua engaina, Mario, baina gaur egun mutil gehienak gorriak dira, ez dakit zer gertatzen zaien, burua zoratuta daukate, askatasunari, elkarrizketari eta hizketarako izaten dituzten gaiei buruzko ideia arraroz beteta. Jaungoiko maitea, orain duela urte batzuk, gogoratu zaitez! Orain ez iezaiozu hitz egin mutiko bati gerrari buruz, Mario, eta badakit gerra lazgarria dela, maitea, baina azken batean ausarten lanbidea da, eta espainiarrei buruz esango dute gerlariak izan garela, baina ez zaizkigu gauzak gaizki atera, nik uste, ez baita munduan orpoetara iristen zaigun herririk, entzuten ari zara aitak dioena: makinak, ez; baina balio espiritualak eta dezentzia, esportatzeko».
Delibesen nobelan mintzo den pertsonaia irabazleen saldokoa da, nire bertsioan mintzo dena ez bezala, eta esaldi bat edo beste herren geratzen da sinesgarritasunaren aldetik. Badakit. Baina horren oso antzeko sakoneko irakurketa bururatu zitzaidan pasartea begi aurrean agertu zitzaidanean, nobelako gorabeherak gerraosteko Espainiatik gaur egungo Euskal Herrira jauzi eginda.
Ezagutu ez dituen errealitateak eta pertsonak erretrata ditzake idazleak, baita idazten ari den garaian inork irudikatu gabekoak ere, zeharka eta nahi gabe. Horretarako, erretratatzen denarekiko gutxieneko enpatia behar da, epaiketa manikeorik gabeko ulertzeko ahalegina. Ez neutro, baina bai irekia izan. Gaur egungo eztabaida politiko gehienetan ohikoa den itxitasunaren antipodetako jokabidea.