Iciar Bollain, Pilar Palomero, Albert Serra eta Pedro Martín-Caleroren debuta Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian
Iciar Bollain, Pilar Palomero, Albert Serra eta Pedro Martín-Caleroren Urrezko Maskorra –
Iciar Bollain, Pilar Palomero, Albert Serra eta Pedro Martín-Caleroren debuta Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian ariko dira Donostia Zinemaldiaren 72. edizioan
…
- Alauda Ruiz de Azúaren ‘Querer’ serieak Sail Ofizialean parte hartuko du lehiaz kanpo
- Javier Giner eta Aitor Gabilondoren ‘Yo, adicto’ eta Paula Ortizen ‘La virgen roja’ Sail Ofizialeko Emanaldi Berezien parte izango dira
- Antón Álvarezek New Directors sailari hasiera emango dio, eta Cecilia Atán-Valeria Pivato tandemaren, David Pérez Sañudoren eta Sandra Romeroren filmak ere aukeratu dira sail horretarako
Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademian, Madrilen, iragarri dira gaur ekoizpen espainiarrekoak izanik irailaren 20tik 28ra Donostia Zinemaldiaren 72. edizioko Sail Ofizialean eta New Directors, Horizontes Latinos, Zabaltegi-Tabakalera eta Belodromo sailetan emango diren 17 film (12 film luze, film ertain bat, film labur bat eta hiru telesail).
Soy Nevenka / I’m Nevenka filmean, alkate baten jazarpena salatzera ausartzeagatik ondorio latzak pairatu zituen zinegotzi baten benetako istorioa kontatzen digu Iciar Bollainek (Madril, 1967), eta bosgarrenez parte hartuko du zuzendariak lan horrekin Sail Ofizialean. Te doy mis ojos / Take My Eyes (2003), Mataharis (2007), Yuli (2018) eta Maixabel (2021) filmen egileak, film horiekin Zinemaldiko hainbat sari erdietsi ondoren, berriz ariko da lehian Urrezko Maskorra beretzeko, oraingo honetan, Mireia Oriolen eta Urko Olazabalen antzezpena duen obra honekin. Halaber, Zinemaldiak beste sail batzuetan ere programatu izan ditu Bollainen lanak, hala nola En tierra extraña / In a Foreign Land (2014) Emanaldi Berezietan; eta Hola, ¿estás sola? (1996), Flores de otro mundo / Flowers from Another World (1999, Cannesko Semaine de la critique atalean saritua), Katmandú, un espejo en el cielo / Kathmandu Lullaby (2012) eta La boda de Rosa / Rosa’s Wedding (2020) Made in Spain sailean.
Sail Ofizialaren parte izango da, halaber, El llanto / The Wailing, Pedro Martín-Calero (Valladolid, 1983) film laburren eta musika- eta publizitate-industriarako lan ugariren egileak zuzendutako lehen film luzea. Isabel Peñarekin batera idatzi zuen zuzendariak filmaren gidoia; Peñak Rodrigo Sorogoyenekin batera idatzi ditu Que Dios nos perdone / May God Save Us (Sail Ofiziala, Gidoi Onenaren Epaimahaiaren Saria, 2016), El reino / The Realm (Sail Ofiziala, 2018) eta As bestas / The Beasts (Perlak, Donostia Hiria Publikoaren Saria Europako Film Onenari, 2022) lanen gidoiak. El llanto Espainiak Argentina eta Frantziarekin batera ekoitzitako pelikula da, eta denboraren une desberdinetan eta jakin gabe konektaturik egonik arrisku bati aurre egin behar dioten hiru emakumeren rolak dituzte bertan Ester Exposito, Mathilde Ollivier eta Malena Villa aktoreek.
Pilar Palomerok (Zaragoza, 1980) bere hirugarren film luzea aurkeztuko digu, Los destellos / Glimmers, Eider Rodríguez idazlearen Bihotz handiegia kontakizunean inspiratua. Patricia López Arnáiz, Antonio de la Torre, Marina Guerola eta Julián López dira protagonista nagusiak hamarkada batetik gora bananduta eman arren senar ohi gaixoa zaintzeko lana onartzen duen emakume bati buruzko istorio honetan. Las niñas / Schoolgirls (Made in Spain, 2020) –Palomeroren lehen film luzea– Berlingo zinema-jaialdiko Generation Kplus programan estreinatu zen, eta Málagako film onenaren Urrezko Biznaga eta film onenaren, zuzendaritza berri onenaren, jatorrizko gidoi onenaren eta argazki onenaren Goya sariak beretu zituen. Palomeroren bigarren filma, La Maternal, Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen 2022an, eta film horri esker, Carla Quílez antzezleak Interpretazio Nagusi Onenaren Zilarrezko Maskorra eskuratu zuen (ex aequo Paul Kircherrekin).
Bestalde, Albert Serrak (Banyoles, 1975) lehen aldiz parte hartuko du Sail Ofizialean Tardes de soledad filmarekin; tauromakiari buruzko ez-fikziozko film honetan, toreatzaileak zezentokian bizi dituen egoera mental eta espiritualak jorratzen dira. Hasiera-hasieratik, Cannesko Quinzaine des cinéastes atalean hautatu izan dira Serraren lanak, hala nola Honor de cavalleria (Made in Spain, 2006) eta El cant dels ocells / Birdsong (Made in Spain, 2008). Història de la meva mort (2013) filmarekin Locarnoko zinema-jaialdiko Urrezko Lehoinabarra irabazi zuen. Grand Prix saria ere lortu zuen FIDMarseille jaialdian, Roi Soleil (2016) lanarekin, eta Liberté (2019) filmari esker Epaimahaiaren Sari Berezia beretu zuen Cannesko zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean, eta Cannesko Sail Ofizialean Pacifiction filmarekin (Made in Spain, 2022) lehiatu zen.
‘Querer’ seriea, Sail Ofizialean lehiaz kanpo
Sail Ofizialak lehiaketatik kanpoko serie bat sartuko du. Alauda Ruiz de Azúak (Barakaldo, 1978) Querer, aurkeztuko du, 30 urtez ezkonduta egon ostean senarrarekin hautsi eta bortxaketa jarraituagatik salaketa jarri dion emakume baten istorioa kontatzen duen lana. Nagore Aranburu da lau ataleko serie honen protagonista, eta Pedro Casablanc, Miguel Bernardeau, Iván Pellicer eta Loreto Mauleon ere agertzen dira bertan. Ruiz de Azúak Berlinaleko Panorama sailean aurkeztu zuen bere lehen lana, Cinco lobitos / Lullaby (Zinemira amaiera, 2022), Málagako zinema-jaialdian arrakasta lortu aurretik. Bertan, Espainiako film onenaren Urrezko Biznaga, emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Biznagak (Laia Costa eta Susi Sánchez) eta gidoi onenaren Zilarrezko Biznaga eskuratu zituen, baita publikoaren saria ere, eta Goya sarietan zuzendari berri onenaren aitortza jaso zuen.
‘Yo, adicto’ eta ‘La virgen roja’, Sail Ofizialeko emanaldi bereziak
Bestalde, Emanaldi Berezien barruan, Yo, adicto / I, Addict serieak sei ataletan kontatuko digu Javier Ginerrek (Barakaldo, 1977) idatzitako izen bereko liburuaren gainditze-kontakizuna. Oriol Pla aktoreak gorpuzten du Giner, eta seriearen sortzaileetako bat ere bada, Aitor Gabilondo (Donostia, 1974) Patria (Sail Ofiziala Emanaldi Bereziak, 2020) filmaren egilearekin batera. Yo, adicto serieko aktore zerrendan, Nora Navas, Omar Ayuso, Victoria Luengo, Alex Brendemühl, Ramón Barea, Marina Salas eta Itziar Lazkano nabarmentzen dira, besteak beste. Javier Ginerrek eta Elena Trapék (Bartzelona, 1976), Blog (New Directors, 2010), Les distàncies / Distances (Made in Spain 2018) eta Els encantats ( Made in Spain 2023) lanen egileak, zuzendu dituzte seriearen sei atalak (hiruna atal bakoitzak).
Sail Ofizialeko Emanaldi Bereziek, La novia / The Bride (Zabaltegi, 2015) eta Teresa (2023) filmen zuzendaria den Paula Ortiz (Zaragoza, 1979) zinemagilearen film luze berria hartuko dute bere baitan, lehiaketatik kanpo. La virgen roja / The Red Virgin Najwa Nimri, Alba Planas, Aixa Villagrán, Patrick Criado eta Pepe Viyuela protagonista dituen lanean, 30eko hamarkadako Espainian gertatutako benetako istorio bat berrikusi du Ortizek: bere ama zorrotzak Hildegart gaztea apropos izan zuen, etorkizuneko emakume bilakatzeko.
Antón Álvarez, Cecilia Atán eta Valeria Pivato, David Pérez Sañudo eta Sandra Romero, New Directors sailean
La guitarra flamenca de Yerai Cortés lanarekin inauguratuko da New Directors saila, Antón Álvarez musikariaren (Madril, 1990) estreinaldia zinema-zuzendaritzan (musikaren munduan C. Tangana izenez ezagunagoa). Little Spain kolektiboak sinatutako Esta ambición desmedida / This Excessive Ambition –bere mundu-estreinaldia Zinemaldian izan zuena (Belodromoa, 2023)- dokumentalaren protagonista izan ondoren, ez-fikziozko lan honetan Álvarezek Yerai Cortésen musika erabiltzen du ikuslea gitarristaren istorio pertsonalean murgiltzeko, familiako sekretu handi bat argitzeko eta iraganeko mamuak gainditzeko..
Bestalde, La novia del desierto / The Desert Bride (2017) Cannesko Un Certain Regard sailean estreinatu eta Horizontes Latinosen erakutsi ondoren, Cecilia Atán (Buenos Aires, 1978) eta Valeria Pivato (Buenos Aires, 1973) argentinarrak New Directors sailean lehiatuko dira elkarrekin sortutako bigarren lanarekin; La llegada del hijo / The Arrival of the Son pelikulan, emakume bat bere semearekin berriz elkartuko da espetxetik irten ondoren. Maricel Álvarez, Angelo Mutti Spinetta, Cristina Banegas eta Greta Fernández dira filmeko aktore nagusiak.
David Pérez Sañudo (Bilbo, 1987) berriz izango dugu New Directors sailean, bere garaian jada aurkeztu baitzuen Ane / Ane Is Missing (2020), euskal zinemaren Irizar Saria eta gidoi egokitu, emakumezko aktore protagonista eta emakumezko aktore berri onenen Goya sariak irabazi zituen filma. Bilbotarraren bigarren film luzea, Azken erromantikoak, Txani Rodríguezen izen bereko eleberrian oinarrituta dago eta Miren Gaztañaga da aktore nagusia, bularrean koskor bat detektatzen diotenean bizitza osoa birplanteatu beste erremediorik izango ez duen emakume baten rolean. Pérez Sañudo hainbat film laburren egilea ere bada, horietako batzuk Zinemira-Kimuak jaialdian programatuak, eta baita Alardea / Boast (EITB Gala, 2020) seriearena ere. Gainera, Ikusmira Berriak programako zinemagile egoiliarra ere izan da (2023); La última noche de un Erasmus en Roma / An Erasmus Student’s Last Night in Rome proiektua garatzen aritu zen bertan.
Sandra Romero zinemagile andaluziarrak (Écija, 1993), Por donde pasa el silencio / Where the Silence Passes (2020) filmarekin Málagan Zuzendari Onenaren Zilarrezko Biznaga irabazi ondoren fikziozko film laburren kategorian, istorio eta izenburu beretik abiatu da bere lehen film luzea zuzentzeko: familiaren etxera itzultzen den gazte bat du ardatz.
WIP Latam 2023ko bi film Horizontes Latinos sailean
Horizontes Latinos saileko filmen artean ekoizpen espainiarra dutenetako bat Los domingos mueren más personas / Most People Die on Sundays da. Iair Said (Buenos Aires, 1988) hasiberriak WIP Latam Industriaren Saria eta WIP Latam onenaren Egeda Platino Industria Saria irabazi zituen iaz lan horrekin. Saidek esperientzia luzea du aktore eta film laburren zuzendari gisa, eta osabaren heriotzagatik Europatik Buenos Airesera itzuliko den erdi-klaseko gazte judu baten inguruko bizi-abenturak kontatzen dizkigu zuzendariak oraingoan (Saidek berak egiten du protagonistaren rola). Cannesko zinema-jaialdiko ACID sailean estreinatu zen filma.
Horizontes Latinos sailean –Latinoamerikako zinemari eskainitakoan– agertuko da, halaber, Sofía Paloma Gómez (Santiago, 1985) eta Camilo Becerra (Santiago, 1981) zinemagileek batera zuzendutako filma, Quizás es cierto lo que dicen de nosotras / Maybe It’s True What They Say About Us, iaz WIP Latam programan aurkeztutako proiektuetako bat, hain justu. Euren lan berrian, psikiatra arrakastatsu batek sekta batean luzaroan isolatuta bizi izan den alaba zaharrenaren bisita jasoko du.
Animaziozko film labur bat, film ertain bat eta WIP Europaren irabazlea Zabaltegi-Tabakalera sailean
Era berean, Zabaltegi-Tabakalera sailak berriz programatuko du Elena López Rieraren (Orihuela, 1982) film bat: Las novias del sur / Southern Brides, hain zuzen. Cannesko Semaine de la Critique atalean estreinatu berri den film ertain honek Queer Palm saria jaso zuen, eta emakume heldu batzuek ezkontzaz, maitasunaz eta sexualitateaz hitz egiten dute bertan. López Rieraren lehen film laburrek hainbat hitzordutan parte hartu zuten, hala nola, Locarnoko Jaialdian edo Cannesko Quinzaine des Cinéastes atalean. Geroago, zinemagileak El agua / The Water (Zabaltegi-Tabakalera, 2022) –bere lehen film luzea– aurkeztu zuen atal horretan bertan, Ikusmira Berriak egonaldi-programan postprodukzio-saria eta Cannesko Cinéfondation fundazioaren CNC saria irabazi ondoren.
Sag du es mir (2019) pelikularekin debuta egin ondoren, Michael Fetter Nathansky alemaniarrak (Kolonia, 1993) bere bigarren lanarekin hartuko du parte; hala, Alle die Du Bist / Every You Every Me filmak, 2023an Donostia Zinemaldiko WIP Europa programako bi sariak eskuratu zituen koprodukzio germaniar-espainiarra (Mannequins izenarekin). Berlinaleko Panorama sailean estreinatutako filmak lantegi batean lan egiten duen eta lankide batekin maitemintzen den emakume baten istorioa kontatzen digu.
Izibene Oñederra (Azkoitia, 1979) zinemagilea ere Zinemaldiko sail libreenera itzuliko da; Etorriko da (Eta zure begiak izango ditu) / When It Comes (It Will Have Your Eyes) animaziozko film laburrean komunitate batek ingurumen-krisi baten ondorioz jasaten duen kolapsoa erretratatzen du zuzendariak. Oñederrak (Kimuak film laburren katalogoan ohikoa) Hotzanak, for Your Own Safety (2013) eta Lursaguak. Escenas de vida (2019) lanak erakutsi ditu Zabaltegi-Tabakaleran, hainbat film kolektibotan parte hartzeaz gain.
‘Celeste’ seriea, Belodromoan
Anoetako Belodromoan Diego San Josék (Irun, 1978) sortutako eta Elena Trapék (Bartzelona, 1976) zuzendutako Celeste seriea oso-osorik proiektatuko da: guztira, sei atal. Carmen Machi aktorea Zerga Administrazioko Estatu Agentziako ikuskatzailea da eta, erretiroa hartzear dagoela, musika latinoamerikarreko izar batek Ogasun Publikoari iruzur egin diola frogatzeko enkargua jasoko du. Vota Juan, Vamos Juan eta Venga Juan trilogia sortzeaz gain, Pagafantas / The Friend Zone (Made in Spain, 2009), No controles / Love Storming (Made in Spain, 2011) eta Fe de etarras / Bomb Scared (Belodromoa, 2017) idatzi ditu.
Cate Blanchettek Donostia sarietako bat jasoko du Zinemaldiaren 72. edizioan
Iciar Bollain, Pilar Palomero, Albert Serra eta Pedro Martín-Caleroren debuta Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian