Turista txarra ni, turista txarra zu
Turista txarra ni –
Azken urteotan, turismoarekiko kezkak nabarmen egin du gora, hori argi dago, eta horrek sortutako gaitzespenak hiritarrak mobilizatu ditu hainbat lekutan. Turistifikazioaren fenomenoa, ordea, ez da modu jakin eta zehatz batekoa, eta ez da berdin gertatzen leku guztietan. Oso fenomeno konplexua da, eta ia perfektua, eta zuk, langile klaseko horrek, jasaten duzu eta eragiten duzu (nahi ez badugu ere). Zu zeu zara besteek eragiten dizutenaren errudun?
Planteamendu hori aspaldi gaindituta dago, baina badu zerbait interesgarria. Duela gutxi, irakurri nuen masifikazioari buruz hitz egiten dela asko, kabitu hitza erabiltzen dela, kanpotik datorren inbasioari buruz, eta bueno, ohartarazten zen erabilera hori nahiko arriskutsua izan zitekeela. Imajinazio apur batekin, badakigu zeintzuek asimilatuko duten oso erraz diskurtsoa.
Horregatik, masifikazio edo saturazio hitza baino, turistifikazioaz hitz egin behar da. Eta turistifikazioa da turistak egiten duena. Bai, baina ez. Bada egia, bidaiatzen duzun momentuan turista zarela, beste guztiak bezala, hor ez dago atzera bueltarik, baina gainera, erabaki baduzu zu bezalako asko dagoen zonalde batera joatea, turistifikazioaren parte zara, noski. Agian, praktika zuzenagoak, arduratsuagoak, ekologikoagoak eta bertakoentzako jasangarriagoak dituzu; baina, funtsean, tokikoentzako, turista bat baino ez zara. Turistek daukaten gauza oso xelebrea da, ez daudela eroso turistaz betetako zonaldean, eta ez dutela beren burua beste turisten mailan ikusten. Nik ez nuke inoiz taberna batean kontsumitzeko ilara egingo, baina horrek ez nau hobea bihurtzen.
Hondartzako jende pilaketak saihesteko, beste hondartza lasaiago batera joango gara. Inkoherentzia moral horrek, ordea, ez ditu gure eskakizunak zertan despolitizatu
Turistarentzako erosoa den hiri eredu batean, errua norena den garbi dago; «zein ondo gauden!» esan duzun bakoitzean, terraza batean itsasora begira, gaugiroan, Mediterraneoko haize leunarekin, edo munduaren beste puntan, koko batetik ura edaten, errua zu hor eroso egotea ahalbidetu duenarena da, edo beste modu batera esanda, zurekin dirua irabazten ari denarena. Hain zuzen ere, batzuetan planteatu behar dugu hau: Donostian, zer gertatu zen lehenago, turistez betetako tabernak ala taberna horietako pintxoen menuak ingelesez idatzita?
Gertatzen dena da, turistaz nazkatuta gaudela, eta hondartzako jende pilaketak saihesteko, beste hondartza lasaiago batera joango garela egun batzuk deskantsatzera. Esan dizuet fenomenoa perfektua dela. Inkoherentzia moral horrek, ordea, ez ditu gure eskakizunak zertan despolitizatu, betiere, borroka norabide egokira zuzentzen badugu.
Aurten, uda Donostian igaroko dut, baina enpresari batzuek dirua gal ez dezaten eta turismoaren gurpilak jarraitu dezan, atzo, gose nintzela, nire lehen ekarpena egin nuen. Ogia erosten dudan okindegian, ekainetik aurrera kanpoko kartelean handi-handian idatzita dagoen gozoa erosi nuen. Bai. Basque cheesecake zati bat erosi nuen.