Ekaineko aipagarriak
Ekaineko aipagarriak –
2024ko ekainean zehar herritarrek Behatokira bidalitako hizkuntza eskubideen urraketen lagin bat, lorpenak eta zoriontzeak jaso ditugu ondorengo zerrendan. Zuk ere intzidentzia bat bidali nahi badiguzu, erabili Euskararen Telefonoa.
URRAKETAK:
» Euskaltelen matxuretarako telefonora deituta, ez du euskarazko arreta hautatzeko aukerarik ematen.
» Donostiako Polizia Nazionalaren bulegoetako makinek euskarazko aukera eskaini arren, ez dute funtzionatzen euskaraz; bai, ordea, gaztelaniaz.
» Trip Advisor webguneak oraindik ez ditu euskaraz idatzitako iritziak onartzen.
» Nafarroako udal eta mankomunitateetako plantilla organikoko hainbat lanpostu argitaratu dira euskarazko profilik gabe.
» Eusko Jaurlaritzaren 112 larrialdietarako telefonoan «mejor en castellano» erantzun diote herritar bati.
» Loreak Mendian arropa markaren webgunea ezin da euskaraz kontsultatu, soilik ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz.
» Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailetik baimenaren ebazpena gaztelaniaz heldu zaio irakasle bati.
» Saizar jatetxean «gaztelaniaz egiteko, bestela ez dutela zerbitzatuko» erantzun zioten herritar bati.
» Bizkaiko Foru Aldundiak gaztelania hutsean ezarri du iragarkia Deia eta El Correo egunkarietan.
» Espainiako Gobernuaren hauteskundeetarako informazio orrialdean (www.infoelectoral.interior.gob.es) euskara hautatu arren, informazioa gaztelaniaz agertzen zen.
» Orbea bizikleta-ekoizlearen webgunea nazioarteko hainbat hizkuntzatan ikusi daiteke, baina ez euskaraz.
» Iruñea eta Zizur Nagusia lotzen dituen oinezkoentzako eta bizikletentzako bidean seinaleak gaztelania hutsean ezarri dituzte.
» Barakaldoko eta Iruñeko Decathlon dendetan euskararen presentziarik ez dago eta euskarazko arreta ere ez dute bermatzen.
» Eusko Jaurlaritzaren Zibersegurtasun Agentziak gazteei zuzendutako bideo bat erdara hutsean zabaldu du. Sare sozial batzuetan azpitituluak ezarri arren, kanpaina osoa gaztelaniaz diseinatu da.
» Euskadi Low Cost enpresaren Ortuellako gasolindegiko informazio gehiena erdaraz baino ez dago.
» Nafarroako Gobernuaren “Gorroto-diskurtsoak eta Fake Newsak” kanpainaren aurkezpena, kartel guztiak barne, gaztelaniaz izan da.
» Gasteizko Udaleko prentsa bulegoak gaztelania hutsean bidaltzen ditu udaltzain eta suhiltzaileen esku-hartzeen berri emateko egiten duen txostena.
» Donostiako Ben&Jerry’s izozki dendak eta Gasteizko Trike Koffee Roasters enpresek atzerriko hizkuntzak erabiltzen dituzte, baina euskara ez.
ZORIONTZEAK:
» Acedoko kanpinari, harreran eta tabernan euskarazko arreta emateagatik eta euskaraz ez zekiten langileek ulertzeko ahalegina egiten zutelako.
» Larraonako Molino pizzeriari, euskarazko arreta eskaintzeagatik.
LORPENAK:
» Barañaingo Udala Kontsumitzaileen Udal Bulegoko informazioa euskaraz argitaratzen hasi da.
» Euskalmeten webguneko akatsak zuzendu dituzte.
» Antsoaingo Udalak aldatu egin ditu lanpostu ezberdinen deialdietako oinarriak euskararen ezagutza merezimendu bezala ezarriz.
» Orioko Euskotreneko igogailuetako mezua euskaraz ere konfiguratu dute.
» Orkoiengo Udaleko Kirol Sailetik helarazitako gaztelaniazko mezua euskaraz ere zabaldu da.
» DGTk ibilgailuen CO2 isurien pegatinarekin igortzen duen gutuneko euskarazko esaldi trakets guztiak zuzenduko ditu.