Euskararen aldarri europarra versus supremazismo linguistikoa
Euskararen aldarri europarra –
Euskara hizkuntzarik europarrena dela esan liteke antzinatasunari begiratuta. Jakina da beste bi hizkuntza ere —finlandiera eta hungariera— preindoeuropartzat hartzen direla askotan. Eta askoz jakinagoa da gaur arte bi mila urte luzez latinak eduki duen Europako eta zibilizazioko «hizkuntza frankoaren» papera ingelesa ari dela hartzen, baina horrek ez dio artikulu honen lehen esaldiari zilegitasunik kentzen; hau da, euskara da Europako hizkuntzarik zaharrena.
Baina euskararen aldeko jaiek arrakasta ikaragarria izaten duten bitartean eta aldi berean egunerokoak dira erakunde batzuetan eta epaitegietan gure hizkuntzari jartzen zaizkion mugak eta oztopoak. Korrikaren eredua beste herrialde aunitzetan kopiatzen ari dira; Nafarroa Oinez, Bizkaiko Ibilaldia, Iparraldeko Herri Urrats, Gipuzkoako Kilometroak, Araba Euskaraz eta beste hainbeste jaialdi, esate baterako, Nafarroako erdialdekoak —Mañeru, Tafalla, eta abar luze bat— hor daude hizkuntzaren indar berritzearen adibide moduan. Baina epaiketek, legeek, oztopo administratiboek eta modu askotako tranpek, trikimailuek eta erasoek ere hor jarraitzen dute.
Ongi eta behar bezala defendatzen ote dugu euskara? Egokiak al dira bultzatzen ditugun aldarriak, estrategiak eta taktikak? Argudio egokiak eta baliagarriak erabiltzen ote ditugu? Nire ustez eraberritu beharra dago-eta —sakonki eraberritu beharra gainera— euskararen aldeko argudiaketa. Hizkuntza ofizialen berdintasun juridikoa da aldarrikatu beharrekoa. Zaharkituak gelditu dira estatutuko eta amejoramenduko ereduak.
Europa osoan, elebidunak edo eleaniztunak izan beharko herritarrak hemendik aurrera eta eredu horri begira egin behar dira argudiaketak eta aldarrikapenak. Euskara beste hizkuntza ofizialak baino beheragoko mailan kokatzen duten legedia, epaiak, diktamen ospetsuak eta ebazpen administratiboak injustuak dira eta izango dira hizkuntza aunitz eta herritar eleaniztunen gizarte batean.
Koofizialtasuna egiazkoa eta justua izatekotan hizkuntza ofizialak maila berdinean jarri behar dira. Orube linguistiko horretan jokatu behar dute hizkuntza askatasunak eta hizkuntza eskubideek, benetakoak izatekotan; eta hori zen erreformako lehen urteetan ulertzen zena. Gazteleraren edo frantsesaren nagusitasuna inposatzen duten konstituzio, legedi, epai, irizpen edo diktamen eta erabaki administratiboak ez dira demokratikoak eta ez dira justuak; pertsonen berdintasunaren eta ondorioz giza eskubideen kontrakoak dira. Hau da, hizkuntzen maila ezberdina ezartzen duen egitura supremazismoa da. Frantsesaren arauketa Iparraldean eta gaztelerarena Hegoaldean, bai NFK, nola zoritxarrez EAEn ere supremazismoa da.
Egiazki hizkuntza eskubideen gutxiespena aspalditik dator mendebaldeko pentsaera eta kulturan. Frantziako Iraultzako leloan, liberté (baina frantsesa inposatuz), egalité (baina euskara eta beste hizkuntzak zapalduz) eta fraternité (baina beste hizkuntzekiko, eta haien kulturarekiko elkartasunik gabe), mendebaldeko demokrazien muinean dago. Gezurra badirudi ere, Frantziako Iraultzako ezberdintasun anker honek, ustezko zibilizazioaren aurrerapenari irudia eta justifikazioa ematen dion heinean kolonialismo kapitalistak justifikatu zituen.
XX. mendeko Espainiako egitura autonomikoetan hizkuntzen koofizialtasun aipamena iruzurretan oinarritzen da; ustez koofizialak diren hizkuntzak ez direlako maila berdinean jartzen. Gernikako estatutua zaharkituta gelditu da arlo honetan; eta «Amejoramendua» berriz, nafar negoziatzaileek —ez estatukoek— parlamentuaren koofizialitateko agindua sabotatuta onartu zuten eta gerozko euskararen lege, dekretu, agindu Nafar Kontseiluaren diktamen eta erabakiak kutsatuta eta pozoinduta daude. Egunen batean argitaratuko dira sabotatzaile haien izenak.
Baina eztabaida teoriko eta historikoak dagokien une eta gunerako utzita, atxiki gatzaizkion XXI. mendean euskarak behar duen estrategiari. Euskaldungoa, gehiengo handi baten, herritar eleaniztunez osatzen da dagoeneko eta osatuko da hemendik aurrera; euskara Europar eremu eta nazioarteko hizkuntza, tresna eta bitartekaria da; ez estatu batekoa edo bikoa. Errealitate honi dagokion estrategia eta aldarrikapenak dira eratu eta taxutu beharrekoak. Euskararen aldarriak europarra izan behar du eta orain jasaten eta nozitzen dugun egoera supremazismotzat salatu behar dugu, nahiz salaketa hori batzuek eta besteek zitaltzat joko diguten.
Familian eta gertu-gertuan azken euskaldun elebakar haiek ezagutu genituenok eta jasan eta nozitutako gutxiespen eta zapalkuntza saminak gogoan ditugunok, ez dugu igarotako egoera eta aro hari buruzko estrategiarik amestu behar. Aitzitik etorkizuneko gizartean pentsatuz eraiki behar dugu euskararen aldarria; eta aldarri horrek europarra izan beharko du. Gainera euskararen bizi iraupena bai Euskal Herriak nazio bezala izan edo ez izan lezakeen aurreikuspenekin egokitu behar da; —bien ala bien posibilitateekin alegia— jokatu beharko baita historiak erakusten duen bezala. Independentzia zale baten egitekoa da euskarari eustea edozein egoera eta kasuan.
NFK eta EAEko estatutuak saboteatuak izan ziren eta orain zaharkituta gelditu dira. Hizkuntzen koofizialitatea hizkuntza ofizialak berdinak izatean dago; bestela ez da koofizialitatea. Baina gainera Euskal Herrian ez ezik nazioartean dagoen euskaldungoak hizkuntzaren aldarri europarra eraikitzera bultzatzen gaitu gogoeta endemiko eta endogamiko guztien gainetik. Ez genioke guk geuk etsaiak egindako iruzurrari estaldurarik eman beharko gogoeta antzuekin.