Guardia zibilaren semea
Guardia zibilaren semea –
Jose Mari Pastor berrian.
Espainiako futbol selekzioko jokalari batek guardia zibila du aita eta ertzaina ama. Gauza jakina zen lehena. Aspaldidanik. Bigarrena, ez hainbeste. La Razón egunkariak eman du horren berri Espainiak eta Italiak Eurokopan elkarren kontra jokatu behar zuten egunean. Gurasoen lanak futbolari horri zer arazo sorrarazten dion azaldu du hedabide eskuindarrak. Zenbait zelaitan haren kontrako oihuak entzuten dira bere taldearekin jokatzen duenean. Gorrotatzaileek, sare sozialetan hater deritzen horiek, larrutu egiten dute ahal duten bakoitzean.
Bikotekideak eta lagunak aukeratu egiten ditugu. Gurasoak eta seme-alabak, ez. Zer egokitzen zaigun ikusi eta aurrera. Ez dago besterik. Familia mintzo, isildu zintzo. Ez ginateke hemen izango arbasorik gabe. Haiek ekarri gintuzten mundura. Gurasoen seme-alabak gara, onean eta txarrean. Hala izanik ere, zenbateraino baldintzatu beharko gintuzke faktore horrek? 21. mendeko alemaniar batek ezin du iritzi politikorik izan aitona edo birraitona SS edo Wehrmacht-eko buruak izan zirelako? Zure aitona-amonak faxistak izan baziren —edo txeketan ibili ziren komunistak, eskuindarren kasuan— zer esatea zaizu zilegi? Haien iraganak zure oraina eta geroa bahitu behar ditu betiko?
Gurasoak guardia zibila eta ertzaina dituen jokalari bat. Oso kasualitate handia, batez ere duela hogeitaka urte. Non ezagut zezaketen elkar guardia zibil batek eta ertzain batek? Drogaren kontra batera egindako operazio batean? —ostegunean halako bat egin zuten Bizkaian—. «Telefono zenbakia emadazu, hurrengoan material hobea izango dugu eta». ETAren aurkakoan? «Gudari hauei kantarazteko txepel zorriak zarete txapel gorriak. Metodo hobeak irakatsiko dizkizut, polit hori». Poliziak aisialdian lotzen diren tokiren batean? Errazago halako egoera batean bertso saio batean baino.
Ez da azti orojakilea izan behar euskal gatazka delakoari buruz jokalari horrek zer ikuspuntu izango duen asmatzeko. Txikitatik etxean bizi izan duenak arrastoa utziko zion. Aita, euskal herritar askoren ustez okupazio indarra, arriskuan, mehatxaturik dagoela jakitea… Ordea, aita eta ama guardia zibil, polizia edo ertzainen aldetik torturak edo tratu txarrak jasotakoak dituen kirolariaren esperientzia eta pentsaera ez dira horren berdinak izango.
Ezaguna da check your privilege esaera. Denok egin beharreko ariketa da, batez ere botere posizio batean daudenek. Mugarik behar al du azterketa autokritikoak? Baiezkoan, noraino? Lagun batekin elkartu zara eta zuen adinekoa izango den gizona ikusi duzue. Haren aitona jauntxo frankista horietako bat zela esan dizu adiskideak. «Hark ez du errua gurasoak edo aitona-amonak halakoak izan badira. Orain boto abertzalea duela esango nuke», erantzun diozu. «Bai, baina aitonak gerra ostean lapurtutakoa hartu du oinordetzan. Ederki aprobetxatu da. Ez dio itzuli herriari edo zegokion jendeari, ez».
«Nahi beste gol sar dezatela, baldintza batekin: aurkariek haiek baino gol bat gehiagoz irabaztea. Beti»
Euskal jokalari bat, aita guardia zibila eta ama ertzaina dituena, Espainiako taldearen hamaikakoan. Gurasotasunaren loteriak jasotakoagatik kritikatu behar dugu? Kritikatzen hasiz gero, soil-soilik Espainiarekin bat egiteagatik kritikatuko nuke. Ez da haren erantzukizuna aita euskal jendea torturatu eta hil duen institutu armatu espainiarreko kidea bada. Iñigo Cabacas, bere taldearen jarraitzailea, hil zuen Polizian ari da ama, bai. Hark ez zituen aita-amak lanbide horietara eroan. Ez diot horregatik txisturik joko.
Nik onena opa diot bere taldean. Espainiako selekzioari, aldiz, ez. Horrekin ez dut esan nahi Espainiarekin —edo Frantziarekin— ari diren euskal futbolari edo entrenatzaileak gaixotzea edo lesionatzea nahi dudanik. Nahi beste gol sar dezatela, baldintza batekin: aurkariek haiek baino gol bat gehiagoz irabaztea. Beti. Gol bakar bat gehiago, besterik ez, inor ez umiliatzeko. Berdin dio atezaina guardia zibil baten semea edo bertsolari inklusiboenaren alaba bada. Beste garai batekoa izango naiz. Zer egingo diogu, ba.
https://zuzeu.eus/euskal-herria/guardia-zibilak-isuna-jarri-dio-aldatu-gidoia-ekimenari/
Ba horixe