Euskaraz… nik zergatik ez?
Euskaraz… nik zergatik ez? –
Amatiñok bere blogean.
Imanol Pradalesen lehendakaritzapeko jaurlaritzak Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza saila izango du estreinako, 1980-2024 arteko hamabi legealdi guztietan arlo hori Hezkuntza orokorraren barruan izan baita (1). Sail sortu berri-berriaren arduraduna Juan Ignacio Pérez Iglesias izango da.
Albiste on, bi aldi berean. Batetik, berez garrantzitsua bezain azpimarragarria delako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza arloa Jaurlaritzaren sailen mailara jasotzea. Bestetik, Juan Ignacio Pérez Iglesias delako, segurutik, Europako Batasunaren barrutian den zientzia-kulturaren zabaltzailerik nabarmenenetakoa.
Juan Ignacio Pérez Iglesias, “Iñako”, Biologian doktorea eta Fisiologiako katedraduna, EHUko errektorea izan zen 2004 eta 2008 artean. Aurretik, Euskararako errektoreordea (1997-2000) eta Animalien Biologia eta Genetika Sailaren zuzendaria (2001-2003). Eta, oraintsu arte, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendaria (2010-2024).
Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiako kidea, erakunde honen lehendakaria izan da lau urtez (2020-2024). Baita Donostia International Physics Center-eko kidea (2014-) ere eta, 2019an, Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Saria jaso zuen. Horrez gainera, EiTBren Euskara Aholku Batzordekidea izana da, Senatuko Unibertsitate Kooordinazioko Kontseilukide eta Espainiar Zientzia eta Teknologia Fundazioaren partaide.
Baina ez da hor amaitzen bere zientzia-zabalkunde lana. Naukas programaren sustatzaile nagusia Euskal Herrian, tarteko EHUren Uda Ikastaroetan (Donostia) zein UPNArenekoetan (Uxue), ohiko hizlari aparta han-hemenkako jardunaldietan eta lankide aspergaitza hainbat hedabide nahiz gizarte-sareren zientzia-saioetan. Eta, ez aspertze aldera-edo, sei libururen egile.
Salamancan jaioa (1960), familiarekin batera umetan Ezkerraldera etorria, Portugaleten egin zuen unibertsitate-ikasketei ekin aurreko COUa. Leioako fakultatean izan zuen aukera euskara estreinako entzuteko zenbait ikasleren ahotan. Eta bere buruari galdetu omen zion: “euskaraz… eta nik zergatik ez?”
Galdera-ikur eta guztiko “zergatik ez” delakoa da, beti ere, Iñakoren leloa. Irakurle amorratua, entzule saiatua, kulturazale kementsua bezain zientzia-zabalkundearen apostolua, pizkunde-gizona da Juan Ignacio Pérez Iglesias.
Gatozen, beraz, hasierara. Bi albiste on aldi berean: Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza kategoriaz jasotzea, batetik. Eta Juan Ignacio Pérez Iglesias buru jartzea, bestetik. Zorioneko gu.
1) Hamabost sail izango ditu Eusko Jaurlaritza berriak, Urkulluren aurrekoak 11 izan zituen arren. Arrazoiz edo ez, kritikarik ez da falta izan, sekula baino sail gehiago izango delakoan. Kontua da, ordea, “sekula” horrek ñabartu beharra eskatzen duela. Egia bada ere, Karlos Garaikoetxearen lehen jaurlaritzatik (1980) hona inoiz ez dela izan 14 sail baino gehiagoko legealdirik, ezin ere ahaztu Garaikoetxearen beraren lehen Eusko Kontseilu Nagusiak (1979) 18 izan zituela.
Euskaraz… nik zergatik ez?