In extremis, mila esker

In extremis mila esker –

In extremis heldu naiz orrialde honetara. Patuak hala erabaki du. Izan ere, orain dela bi aste erdi idatzita nuen gaurkoa, baina dokumentua gorde gabe ordenagailua itzali, eta han joan zen egindakoa. Beraz, hemen naiz, abiapuntuan eta gaia guztiz aldatuta. Zoriak halaxe erabakita.

In extremis mila esker

Nahiko sendoak ziren gai ezkorrez idazteko arrazoiak, baina itzuliko dira, berandu baino lehen, horiei heltzeko uneak. Orain zuen begiradak jasotzeko momentua da.

Artzaina izan nahiko nuke”, esan didazu. Kontakizunari baldintza hipotetiko batez ekin diozu, eta horrekin nahikoa izan dut ametsari etorkizunik ez diozula ikusten antzemateko. Nahiko nuke, baina oso zaila da. Ez daukat lurrik. Ez daukat baserririk. Ez daukat… aukerarik? Batzuetan baldintza hipotetikoa kabroia da, oso kabroia.

Hala ere, zure begiek ez dute gezurrik esaten, eta barru-barruan bizi duzu artaldea. Agian, oso argi izan gabe horrek zer dakarren. Edo bai, badakizu, beste horren begietan ikusi duzulako. Orduan hasten naiz ni, zure hipotetikoa errealera pasatu nahian, galdezka. Zuk emandako ezezko bakoitzaren ondoren, nire ziaboga. Azkenengoan, ni, ez dagoela eredu bakarra artzain instalatzeko, kolektiboan ari direnak ere badirela. Eta baserri honen sorrera kontatu dizut. Etxera gonbidatu ere bai, lasaiago hitz egitera.

Zurekin, ordea, ezberdina izan da: “Artzaina izan nahi dut, eta jakin nahiko nuke”… Arakatze prozesuan zaude, susmatzen duzulako –edo jakin badakizulako– aukera egon badagoela. Amonaren baserrian edo lagun batek dituen lurretan, ez dakit, baina zuk baduzu horren guztiaren berri. Ezagutza falta zaizula diozu, probatu nahiko zenukeela denboraldi batez artalde batean bizitzen. Ikusi omen duzu Wwoof sarean gaudela… Kontatu dizut gurean uda ez dela sasoirik onena ardien artean ibiltzeko, hobe duzula erditze garaian etortzea, intentsua bezain ederra dela. Eta gogorra, noski. Horretan geratu gara, bisitan etorriko zarela etxeko besteak ezagutzera.

Autoan, etxerako bidean, pozik noa. Zure hitzak gogoan pasatzen ditut kilometroak, eta barrenak esaten dit, behin eta berriz, badela esperantza. Baita ofizio honetan ere. Berdin dio hipotetikoan ala errealean. Sukaldean sartu bezain pronto, ezagutu zaitudala kontatu diet etxekoei. Haiek ere poztu egin dira, ardiekin amets egiten duzulako.

Askok diotenen kontrara, zu ezagutu izanak baieztatzen dit badirela gazteak –eta ez hain gazteak– euren burua baserrian eta artalde batekin ikusten dutenak. Kale egiten dugunok, ziur aski, geu gara, baserritarrok, gure txikian, zuen bokazio horri eta herri honen elikadura eskubideari erantzuten asmatzen ez dugulako. Ezta administrazioak bere handian ere. Lurraren gaineko espekulazioari mugarik jartzen ez diolako, diru-laguntzetako irizpideek zorpetzera bultzatzen zaituztelako, nekazaritzarako lan unitatetik kanpo lan asko uzten dituelako, industriari ezarritako baldintzak zuri ere aplikatzen dizkizulako…

Ile-moztaileak bukatu du bere lana. Izan dituen laguntzaileei akitu zaizkie indarrak. Eta niri denbora. Esan dizut, in extremis heldu naiz hona.

Dena den, ez dut bukatu nahi eskerrak eman gabe, begiradaz etorkizuna badela egiaztatzearren.

ARGIAn argitaratua

In extremis mila esker  In extremis mila esker

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude