Clarisa Navas zinegile argentinarrak jasoko du Zinegoak 2024 Ohorezko Saria
Clarisa Navas zinegile argentinarrak jasoko du Zinegoak 2024 Ohorezko Saria –
Zinegoak, Bilboko LGTBIQ+ Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia atzo hasi da modu ofizialean, Arriaga Antzokian antolatu den hasiera ekitaldiarekin. Gonbidapenak agortuta daudela, inaugurazioan hainbat osagai izan ditugu: Eddi Circa bakarlariaren emanaldia, On The Go filmaren proiekzioa edota Clarisa Navas zinegile argentinarraren hitzartzea, Zinegoak 2024 Ohorezko Saria jasotzeko. Navas Bilbora etorri da saria jasotzeko eta atzo goizean Arriagan antolatutako prentsaurrekoan parte hartu du.
“Hoy partido a las 3” edo “Las mil y una” luzemetraien zuzendaria eskertuta eta hunkituta agertu da Zinegoakeko sari nagusiarekin: “Uste dut horrelako aitortza batek balio duela hain bakarrik ez gaudela sentiarazteko. Asko hunkitu ninduen albistea iritsi zenean, hemen dena oso zail baitago, eta batzuetan badirudi ezerk ez duela zentzurik. Etorkizuna oso hondatuta dago, baina elkartuz gero, zerbait gerta liteke. Bihotzez eskertzen dizuet, besarkada luze bat bezala sentitu dut”.
Zinegoakeko zuzendariak, Alaitz Arenzanak, Navasen zinema egiteko modua azpimarratu du: “Zuzendari, gidoilari eta produktore bat da, klase eta genero ikuspegidun zinema garatzen duena, pasioz eta konbentzimenduz. Zinema horrek sorkuntza kolektiboko prozesuak sustatzen ditu, eraldaketarako motor eta palanka gisa”.
Navasek gaur egun Argentinan bizi den egoeraz ohartarazi du: “Zaila da sentsazioa azaltzea, baina hilabete hauetan, ultraeskuina gobernura heldu zenetik, bizi-baldintzak amildu egin dira gehienentzat. Kultur adierazpen guztiak, hemen bizi garenon eskubideak, baina baita herri honen memoria ere, sistematikoki suntsitzeko plana ikaragarria da. Oso nekagarria da, egunero borroka egin behar delako. Hori dela eta, zaila da pentsatzea nola jarraitu zinema egiten, edo zer leku izan dezakeen film batek herrialdearen ia erdiak gosea duenean. Hala ere, bizitzen ari garen hondamendi sozial hori beste zerbait imajinatuz ere eraiki behar da. Uste dut guk, queer garenok, pixka bat grabatuta daukagula hori, beharrezkoa dela borrokatzea eta desiratzea bestelako mundu bat amesteko eta sortzeko. Orain hemen berriro okertzen ari da, eta horrek larritasun handia sortzen du, baina ez diogu utziko hain erraz gertatzen”.
Zinemagileak gaur egun lantzen ari den proiektuak ere aipatu ditu: “El príncipe de Nanawa” amaitzen saiatzen ari gara. Duela ia 10 urte hasi genuen film hori, eta prozesu txiki batetik ere sortzen da, Paraguaiko eta Argentinako mugan kasualitatez ezagutu nuen haur baten ondorioz. Gauza askok hunkitu ninduten berataz:bere amets eta desio guztiak entzun nituen. Munduan orain dela gutxi zegoen, baina berak bazekien gauzak ez zeudela ondo, baina hala ere errealitate ezberdin bat imajinatzera ausartzen zen, dena aldez aurretik galduta egon arren. Une horretatik denbora asko igaro da, eta bizi-baldintzak asko okertu dira, amets batzuk bete ahal izan dira, gehienak ez, baina maitasun bat dago, denboran irauten duena “.
Atzoko inaugurazioa eta gero, astebetez Zinegoakek hamaika jarduera antolatu ditu sexu-aniztasunagaz eta kulturagaz lotuta, Bilboko areto ezberdinetan: Bilborock, Golem Alhondiga, BilbaoArte, Bira, Getxoko Muxikebarri zentroa… Era berean, nazioarteko hainbat gonbidatu ere egongo dira Bilbon, jaialdiak antolatu dituen solasaldi eta aurkezpenetan parte hartzeko: Karan Vuslat zuzendari turkiarra (Mavi Kimlik) Adrián Silvestre zuzendaria (Hágase tu voluntad), Kotsikos Filippos-Evangelos drag aktore greziarra (Avant-Drag!), Maria Gisèle Royo eta Julia de Castro (On The Go) eta abar.
Amaiera ekitaldia uztailaren 1ean izango da Bilborock aretoan, eta bertan banatuko dira aurtengo sari guztiak, gure epaimahaien eskutik.
Clarisa Navas zinegile argentinarrak jasoko du Zinegoak 2024 Ohorezko Saria