San Juan Sua, suaren jaia
San Juan Sua, suaren jaia –
Gizaki eta mundu-zabaleko erlijio eta kultur ezberdinen bilakaeran suari, derrigor, paper ezinbesteko eta erdigunekoa aitortu behar zaio. Ziurrenik, egun, gure kultura hiper urbanoari oso zaila egiten zaio kategoria horrelakoen pean errealitatea irudikatzea. Egungo eguneko gizakiak ezin du jada kontzeptu arkaiko horiekin munduaz eta bere buruaz pentsatu. Halere, hor dirau San Joan Suaren festak. Egun, bere jatorrrizko zentzu eta esanahiz guztiz gabeturik ere, hor darrai oraindik, jada soil-soil ospakizun zen horren azaletiko aztarren gisa besterik ez bada.
San Joan Sua, udarako ekinozioaren ospakizuna, ez dago ulertzerik bere soilean. Neguko solstizoaren ospakizuneko, edo geroago, kristautzearen erasanez, berau beretuko zuen Gabonen ospakizuneko suaren haurtu-emanean ulertu behar da ezinbestez San Joan Sua. San Joan Suak Gabonetako, edo, aurretiaz, neguko suarekiko harreman dialektikoan dihardu. Eta, bien arteko harreman horri erreparatu aurrez, etxeko sua (behe sua) eta kanpoko suaren (su handia) arteko harremanari kontu egin aurrez, noan, arin-arin, suak, aspaldi ez dela, gure etxeetan, gure baserrietan zuen garrantziaz zer edo zer hona ekartzera.
Garrantzi handikoa izan da gure etxeetan sua, gure baserrietan. Orain, egun, gure hiri-giro hiperteknologizatuetan artefaktu gisa zuen eginkizunak jada leku kasik batere ez badu ere, hor dirau, nik uste, sikera gure euskal oroimenean, gure oroimen partekatuan. Neolitoan, gizakiak sedentario samar bilakatu zirenean, hildakoen gainean hasi ziren bizilekuak antolatzen, edota, bestela ikusita, bizilekuen azpia arbasoentzako atseden-leku izaten. Arrutik ondo asko ikusten du zer den euskaldunarentzat baserria, eta zer den bere barruko behe-su ondoan, epelean, atseden gozo hartzea:
Euskal-basetxe maitea, gure
Abi bigun da gozua,
¡Itzali gabe gorde zeuk beti
Oitura garbien sua!
Horrek ekarriko zuen, ziur asko, geroztik etxeko suak igurtzi, kutsu sakratu bat hartzea. Etxeko sua hilentzat eta bizientzako argia eta lotune izango da geroztik, eta sukaldea, sukaldeko sutondoa, sakratuaren eremua, geure-geure zen tenplu domestikoa. Ia gure egunetara arte, baserrietan, hor, berez ezinago inmanente den su horren bueltan aurkitu du euskaldunak transzendentziarako bide bat, geure arbasoen bestaldeko munduranzko sinbolo eta komunikabide. Han entzun genezakeen gure arbasoen zuhurtzi isila, marmarrean antzo, mutu asko esanez, han, sutondo hartan zeutzan gure arbasoek urteetan pilatutako eskarmentu eta jakinduria, baita euren bizia eta gurekiko elkartasuna.
Suak ekartzen digu gure arbasoen ahots lauso bezain ezin isilezkoa. Baina, horrez gain, gu geu, bizitza bera, etengabeko bilakaeran dagoela ondo gogorarazten digu. Bizitzea hiltzen joatea dela gogorarazten digu suak. Bizitza etengabeko aldaketa-emaria da, molde heraklitoarrez esan genezakeen bezala…
Eta aldiak
Egunak banan-banan
ematen dizkigu…” (B.GANDIAGA, Ahotsik behartu gabe, 101 or.)
Sua legez piztuak,
sua legez gara
erre ahala suntsitzen…” (B.GANDIAGA, Ahotsik behartu gabe, 129 or.)
Garrantzi handia izan du suak gureetan. Sua bere era eta betekizun ezberdinetan, su txikia, behe sua, zein kanpoko su handia, hau da, etxe arimaren garra genuekakeen behe sua, zein mundu eta unibertsoaren arimaren agerkizuna geneukakeen su handia.
Kontu hau argi oso ikusten zuen Bitoriano Gandiagak.Gabonen zentzuak, beren suaren zentzuak, San Joanen suarekin lotzen du Gandiagak beti, eta ez, aldiz, liturgikoki espero izatekoa litzatekeen moduan, Pizkunde Pazkoarekin. Salbuespen baten bat bazter utzirik, Gandiagak beti Gabonetako Sua San Joan Suarekin du lotzen. Bi zentzu eta bi su, Gabonetakoa eta San Joangoa; aurrena familia eta etxe barruko gertuko sua, sutondokoa; bigarrena, mundukoa, etxetik kanpokoa biziarazten duena:
Tradizioak, ohiturak
Sanjuan-sua zelaian,
sutondoan Gabongoa
Eguzkiak biziarazten
du zeru goitik mundua,
hori ospatzen du Sanjoan suak;
Gabonak, etxe barruan
sua, etxeko su bajuan eguzkia: euskaldunaren bi urtaroak.
Bi suok ditut oroitzen,
bakoitza bere aroan;
sinbolo-zentzu sakona zuten
haur nintzeneko giroan (Gabon dut anuntzio, 26)
Gabonak eta San Joanak urteko ospakizunetan ospakizun ziren, Gandiagaren irudiko. Eta ospakizun-mugarri dituen hauexek urtean zeharreko martxan atseden une izango ditu, urtean zeharreko egunerokoan eten bat egin eta garen hori guztiori sakon pentsatzeko, sentitzeko. Horren adierazgarrietariko batto-edo, zer nola gogorarazten dioten jai eta mugarri hauek bere jatorria, nondik datorren, berea ere zer den; mendi artean galduriko bere baserri maitea ekarriko diote gogora aipatu jai hauek: “Zulo bat egingo dut. Aldia dut zulatuko aspaldian zehar, harik eta haurtzaroko Gabonen bazterra ikustera heldu arte”. Festa hauek bere baitan zuten oihartzun guztizkoa hemen egoki jasotzen Iñaki Sarriugarte Irigoinenek:
“Izadiminez” liburuko “Amets baten kronika” kontakizunean San Juan bezperako suaz dihardu Gandiagak eta Arantzazu inguruko suek umetako su alai, pozkor eta magikoak dakartsoez poetari, seminarioko gorengo terrazatik Aizkorri, Gomistegi, Zelaizabal, Goikobentako… suak gar bizietatik txingar geldietara zelan diran ikusten dauan bitartean: Orain berak bakarrik ikusten du San Juan suen ikuskaria, bakarrik hitz egiten du eta bakarrik edaten txakolin botila osoa. Orain ez du nori kontaturik umetan eta baserri bakartian zelan prestatzen zuten San Juan sua”. ( Hitz lauz idazten, 23. orr.)
Hau guztiau esanda, ezin hona ekarritako suarekiko sinesmen sakon eta aspaldiko hauek bere horretan utzi. Gurera etorri behar gara, egungo egunetara. Eta, egun, eta aspaldi dela, argindarra dugu gure eguzki, eta bitrozeramika gure behe sua. Kontuak horrela, guri, egun, zer diosku San Joan Suak, zer edo zer esaten baldin badigu oraindik. Are azaleko forma huts eta soil pean besterik ez bada ere, gogoz eta indartsu ospatzen dugu oraindik ere herri eta auzo edozeinetan. Dena dela, mundua zer den, gu geu zer garen, errealitateari oraindik, inoizka, misterio igurtzirik sumatzen ote digun barne sentipenak, ziurrenik inoiz baino lausoago hots egiten dute geure baitan. Bestetik, bizitzaren zentzuaren gaineko itauna bera, erantzutekotan, molde oso bestelako batzuez egingo dugu, eta, erantzun hori eman ahal izateko, momentuz, oraindik, San Joan Suaren osopakizunaren zentzua berritzen eta bestelakotzen asmatu ez dugularik.
San Juan Sua, suaren jaia
Betidaniko rollo eskasa giputzentrista. Nik dakidala Euskal Herri zabalean Borda eta bordariak esaten da. Baserri hitzak askoz kilometro koadro gutxiago hartzen ditu. Nik dakidala, San Joan suak kalean, herriko plazan ospatzen dira eta ospatu izan dira beti. Eta ez gara hasiko Eguberri ekin bezala, baina uda ez da hasten ekainaren 24an.
Nagorerentzat,
https://www.euskaltzaindia.eus/dok/iker_jagon_tegiak/ehha/irudiak/914.jpg
Mapa hori gaizki egina dago. Batetik, ez du Euskal Herria osoa biltzen, eta bestetik, Borda estén den toki asko, gehienak Nafarroakoak, baserriaren alorrean sartzen ditu.
https://nontzeberri.eus/leku-izenak-eta-bordariak?amp=1
Are gehiago, Dupontek esana da. Gipuzkoa ipar ekialdean ere bordariak izan da ohiko hitza.
“Nik dakidala, San Joan suak kalean, herriko plazan ospatzen dira eta ospatu izan dira beti. Eta ez gara hasiko Eguberri ekin bezala, baina uda ez da hasten ekainaren 24an.”–
Eta FNACen parean Olentzero!
Hori Jakintsua GURE Nagore!
Hori bai, idatzia beti bost…eta beti bere azken irakurketatik ikasia berria duena sartzen digu bere marimaestra eginkizuna betetzen.
Lis lis phelix