Betoz judutarrak Gasteizera

Betoz judutarrak Gasteizera –

Gasteizen, Espainiako Estatuaren mendeko beste hiri batzuetan bezala, bazen juderia bat, kale/auzo bat, non judutarrak bizi ziren. Kale hori Alde Zaharrean dago, Barruko kale berria du izena, jende gehienak gaztelaniazko izena erabiltzen duen arren Nueva dentro.

Betoz judutarrak Gasteizera

Orduko Gasteizko judutar biziak Juderian bizi ziren, eta judutar hilak Judimendin. Gaur egun, Judimendi auzo bat da, baina izena judutarren hilerri zaharrari zor dio, gaur egungo Judimendiko parkean zegoena, eta parkea bera existitzearen arrazoi dena.

Espainiako errege-erregina (guztiz) katolikoek 1492an erabaki zuten beren erreinu kristauan judutar erlijioko pertsonak ezin zirela bizi eta Espainiatik egotzi zituzten. (Herritar musulmanekin gertatu bezala, eta, hala ere, euren erlijioa utzi eta katolizismoa onartuta ere, ez ziren inkisiziotik eta jazarpenetik libratu).

Gasteizko judutar biziek Baionara alde egin behar izan zuten, baina Gasteizko agintariekin hitzarmena sinatu zuten, ezen judutar hilak behintzat bakean laga zitzaten Judimendiko hilerrian, gainean etxerik eraiki gabe. Gaur egun, parke horretan paseatu, jolastu edo etzaten garelarik, gasteiztar judutarren hezurren gainean egiten dugu.

Gaur egun, Judimendiko parkean paseatu, jolastu edo etzaten garelarik, gasteiztar judutarren hezurren gainean egiten dugu

500 urte baino gehiago igaro diren honetan, zaila da Baionara joan ziren judutar haien ondorengoak nortzuk diren jakitea (denboraren poderioz, biderkatuko ziren, eta munduko edozein bazterretan zabalduko). Agian, pertsonaren batek froga lezake bere arbasoren bat Gasteizko Juderian bizi izan zela. Eta lortuko balu? Emango genioke etxe bat bertan, oraingo auzokideak beste norabait bidalita?

Wikipediaren arabera, judutarrak K.a. 733an, K.a. 597an, K.a. 63an, eta K. o. 132an egotzi zituzten Palestinatik. Ezinezkoa denez norbaitek frogatzea bere arbaso bat bizi izan zela Palestinan duela hainbeste denbora, Israelera joateko gutxieneko baldintza zure aitita-amametako bat judutar erlijiokoa izatea da. Erlijioa, ez jatorria.

Zergatik ordaindu behar dute palestinarrek errege-erregina katolikoek edo Hitlerrek judutarren kontra eginiko genozidioa? Gainera, sionismoa sortu aurretik, Palestinan musulmanak, kristauak eta judutarrak bizi ziren, Gasteizen ez bezala.

Nazismoa edo muturreko katolizismoa bezala, sionismoa garbiketa etniko bat egiten ari da –“jenderik gabeko lur bat, lurrik gabeko jendearentzat”– egintza burutuen politika ezagunaren bidez: badakite denbora pasatzen denean injustiziarik handiena ere iraganeko historia bihurtzen dela, beharbada, kale edo parke baten izenean fosilizatuta.

ARGIAn argitaratua

Betoz judutarrak Gasteizera

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude