Energia komunitateak: harreman-sareak ehuntzen
Energia komunitateak: harreman-sareak ehuntzen –
“Energia komunitateak: harreman-sareak ehuntzen” topaketa izan zen ekainaren 15ean Legorretan.
Legorretako Herri Antzokian giro berezia nabari zen pasa den larunbatean. Euskal Herriko txoko ezberdinetako 60tik gora hautetsi, eragile eta energia komunitateetako kide elkartu ziren, Udalbiltzak antolatutako “Energia komunitateak: harreman-sareak ehuntzen” topaketak erakarrita.
Goizeko bederatzietan hasi zen topaketa, Legorretako alkate Iñaki Agirreren ongi etorriarekin. Jarraian, Hitzar Energia Komunitateko ordezkari Erkuden Mendizabalek hartu zuen hitza, Itsasondon (Legorretatik oso gertu) sortutako energia komunitatearen esperientzia elkarbanatzeko. Azpimarratu zuen garrantzitsua dela begirada eskualdean jartzea, eta ez herri bakar batean, maila handiagoan eragiteko eta saretzeko. Ostean, Haritz Alberdi Udalbiltzako lehendakariak Udalbiltzaren esperientzia mahai gaineratu zuen, azken urteetako lanketak aipatuz, baita etorkizunera begirako erronkak eta helburuak ere.
Lehen blokeari eman zitzaion hasiera jarraian: Elena Herrarte Debagoieneko Ernamuina taldearen ibilbideaz aritu zen, saretzearen garrantziaz eta bidean aurkitutako oztopoak gainditzeaz. Iban Lizarraldek, I-Ener sozietateko kideak, Ipar Euskal Herriko egoera zein den kontatu zuen, eta garatzen ari diren energia proiektu garrantzitsuenaz mintzatu zen. Azkenik, Obanosbizi eta Garesbide Energia Komunitateetako kide Txetxu Ezkurrak hartu zuen hitza, Nafarroako Energia komunitateez aritzeko, eta trantsizio energetikoaren bidean dauden legediaz, aukerez eta oztopoez mintzatu zen.
Bigarren blokearen baitan, SOM Comunitats taldeko Marc Rosellóren hitzartzea izan zen; Kataluniako sareaz aritu zen, baita bertako eredua Euskal Herrira ekartzeaz eta energia komunitateei garapenerako eskaintzen dieten zerbitzuaz ere. Ondoren, Goienerreko Larraitz Veintemillasek haien esperientzia partekatu zuen, dagoeneko hasi baitira SOM Comunitat plataformarekin lanean. Bigarren blokea amaitzeko, Lupe Lizasok Garesbideren esperientziaren berri eman zuen, haiek izan baitziren aipaturiko euskarria erabiltzen lehenak euren komunitatearen barruan.
Atsedenaldiaren ostean, talde dinamika bat garatu zen, Ko-energia taldeko Artelan eta Arankoa abokatuekin batera. Bi ordu inguru iraun zuen saioan, energia komunitateek dituzten beharrak eta ondorioak landu zituzten, eta bigarren mailako sare bat eraikitzeko lehen pausuak ematen hasi ziren, energia komunitateak indartzeko helburuarekin. Topaketa Enerkide proiektuaren aurkezpenarekin amaitu zen. EHUko irakasle Aitor Urrestik aurkeztu zuen egitasmoak mugaz gaindiko energia-komunitateak bultzatzea du xede, komunitate horiek gainditu behar dituzten oztopo nagusiak aintzat hartuko dituen metodologiatik eta tresna-kaxetatik abiatuta.
Energia komunitateak: harreman-sareak ehuntzen