Mozal legea eta EAJ: maitasunezko edo gorrotozko istorio bat?

Mozal legea eta EAJ –

Julen Arzuaga, EH Bilduko legebiltzarkidea eta abokatua, ERRIAn.


Segurtasun Sailak Ernaiko gazteen aurka egin du, eta zigor desproportzionatua ezarri die bidezko protesta bat egiteagatik, hala nola Aitor eta Galder lankideen espetxeratze arbitrarioaren kontra egiteagatik. Herritarren Segurtasunerako Lege eztabaidagarria erabili du gehiegikeria horretarako. EAJ “Mozal legearen” aurka agertu zen, baina gogo biziz aplikatu du. Maitasunezko edo gorrotozko harremana da? Ikus dezagun.

Mozal legea eta EAJ
Argazkia. FOKU. 2022-11-08 Gasteiz. Amnistia Internacional GKEaren elkarretaratzea legebiltzarraren aurrean Mozal legearen aurka.

2015ean ezinezkoa zen jarrera berme-emaile batetik Rajoyko gobernuak bultzatutako hau bezalako lege bidegabe bat defendatzea. Une haietan Europako austeritate-neurriak onartu ziren, pertsonak baztertu eta bankuak erreskatatzen ziren, pobreak pobreagoak ziren eta aberatsak aberatsago. Eta, jakina, horren kontrako protesta maila oso altua zen. Kongresuan PPren oposizio osoak legea atzera bota ondoren, eztabaida Gasteizera ekarri zen eta EAJk, EHBildu eta PSOErekin batera, Legez Besteko Proposamen bat bozkatu zuen 2016ko ekainean, testu honekin: “Legebiltzar honetako gehiengo politikoa lege honen aurka dagoenez, ez aplikatzeko konpromisoa hartzen da”.

Politikoki behartutako jarrera zen, argiki, baina sinatutakoari eusteko borondaterik ba al zegoen? Laster adierazi zuen EAJk protesta-eskubiderik oinarrizkoena murrizten zuen arau honekiko debozioa, Legebiltzarraren akordioa paper errea bihurtuz. Beltrán de Heredia sailburuak laster onartu zuen: “hori da herritarren segurtasunaren arloan indarrean dagoen araudia”. Aplikatu behar zen, beraz. Urkullu gobernua protestaren aurkako tresna eraginkorrak eskaintzen zizkion lege baten defendatzaile leiala bihurtu zen praktikan.

Kasu zehatz honetan, Ertzaintzaren zuzendaritzak ezartzen du “herritarren segurtasunari eragindako arriskuaren garrantzia” dela eta Ernaiko gazteei larritasun-maila handiena aplikatu diela, 2.500 euroko isunarekin zigortuz, orain arte altuena. Trafikoa oztopatu zuten, inork ez du ukatu, baina ez da berdina neurgailua protesta nork egiten duen arabera: ertzain batek, langile batek edo gazte batek. Legea ez da berdina guztientzat. Protestan ere klaseak daude, EAJren arabera.

«Laster adierazi zuen EAJk protesta-eskubiderik oinarrizkoena murrizten zuen arau honekiko debozioa, Legebiltzarraren akordioa paper errea bihurtuz»

Laburbilduz: EAJk onartu zuen legea ez betetzea. Gero bai, betetzera behartuta dago. Azkenik, aplikazio arbitrarioa egin du, batzuk besteak baino gehiago zigortuz. Kontua da, irtenbiderik badago? behartuta dago EAJ lege hau aplikatzera? Eta kasu zehatz honetan gainera, larritasun horrekin aplikatzera? Erantzun borobila: ez. Eta gainera Katalunian frogatu dute posible dela beste era batera egitea, ikuspegi bermatzaile batetik.

Pere Aragonèsen Govern-ek irizpide jakin batzuk ezarri ditu Mozal Legearen zigortzeko ahala modulatzeko herritarren protesta kasuetan: “adierazpen askatasunak funtsezko garrantzia du iritzi publikoa eratzeko eta izateko, pluralismoaren eta tolerantziaren betekizun gisa”. Hor jartzen dute lehentasuna, eta gehitzen dute: “eskubide horiek erabiltzeak nolabaiteko desordena eragin dezake eguneroko bizitzaren garapenean, baita ordena publikoa nahasi ere, eta, beraz, nolabaiteko tolerantzia-tartea eska dezake nahasmendu horrekiko, eskubide horiek edukirik izan ez dezaten”.

Hau da, trafikoa oztopatu daiteke, beste herrikideen mugimendua murriztu edo zaildu daiteke, zerbitzu publikoak nahastu daitezke…  bai, protesta eskubidea garrantzitsuagoa delako. Horren ondorioz, “herritarrentzako edo ondasunentzako arriskurik gabeko protesta baketsua denean, beharrezkoa da oinarrizko eskubideen eta eskubide horiek baliatzearen aldeko interpretazio zabala egitea, eta, beraz, ezin da deskribatutako jokabidea zigortu”.

«Laburbilduz: EAJk onartu zuen legea ez betetzea. Gero bai, betetzera behartuta dago. Azkenik, aplikazio arbitrarioa egin du, batzuk besteak baino gehiago zigortuz»

Horra hor parez pare: eskubideak ala ordena publikoa? Kataluniako gobernuak argi du. Eta nola bermatzen du eskubideen aldeko hautu hau? Hau da, protestaren aldeko interpretazio hori nola bihurtzen da administrazio espedientea? Egituran aldaketak eginez, polizia eskalari eskuhartzea kenduz eta azterketa “dioptria” egokiekin begiratzen dituzten funtzionario zibilen eskuetan jarriz.

Hemen, azken hitza Ertzaintzaren zuzendariak jarraitzen du izaten, espediente zabaldu duen poliziaren buruak. Han askatasunen alde egiteko agindua duen langile batek: “salatutako pertsonen eskubide baten erabilera legitimoa balioetsiko du, espedientea artxibatuz”. Kitto!

EAJk bidea aurki zezakeen legea “ez aplikatzeko”, Legebiltzarraren erabaki hartan bere gain onartu zuen bezala. Kataluniako gobernuak bidea aurkitu du. Aski da nahi izatea. Baina horretarako, hain zuzen ere, borondatea behar zuen. EAJk sinestarazi nahi izan digu Mozal Legearekin duten harremana gorrotozkoa dela. Baina errealitateak dio maitasuna diola: tresna eraginkorra zaio disidentziaren kontra.

Mozal legea eta EAJ  Mozal legea eta EAJ  Mozal legea eta EAJ

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude