Kaka egin, euskaraz irakurri
Kaka egin –
Badut akordio bat batxilergo 1. mailako Historiako ikasleekin. Astero, eskola-egun guztietan (asteburuetan ez, asteburuak sakratuak dira), euskarazko artikulu bat bidaltzen diet elkarrekin dugun Whatsapp taldera, komunean daudela, kaka egin bitartean zehazki, euskarazko zer edo zer irakurri dezaten. Arin batean egiteko zerbait, esfortzu handirik eskatzen ez duena. Horrela, ulermena landu, hiztegia aberastu eta, garrantzitsuena, hizkuntzarekin bizipen berri bat izateko aukera dute.
Sistema sinplea da: nik artikulua bidaltzen diet, eta irakurri duenak emotikono bat jarriko dio dokumentuari; gehientsuek gorantz begiratzen duen erpurua, baina badira animaliak, aurpegiak edota Espainiako banderak, beren-beregi irakasleari eskainiak azken horiek. Adarjotzaile galantak ditut ikasleak.
Noski, helburua ez da haien intimitate usaintsua euskararen lurrin ederraz goxatzea, ezpada edozein hizkuntzan hitz egiteko ezinbestekoa den lexikoa eurenganatzea, ondoren eremu formalean eta bereziki ez-formalean erosotasunez hitz egin dezaten. Izan ere, zuzentzen dizkiedan azterketak ateraldi zoragarriz beterik daude, modu dibertigarrian bada ere, dituzten gabeziak erakusten dituztenak. Horrela, besteak beste, Napoleonek apartamentuak eraiki zituen (eta ez departamenduak, iraultza osteko lurralde-egiturak), edo alabaina lokailua mutatu eta Albania herrialde bilakatzen da; bada are urrunago joan denik, zer eta Gizonaren sufrimendu unibertsala aldarrikatzeko.
Eta, neurri batean, ez da harritzekoa ikasleek halako akatsak egitea, oroimenean oinarritu ohi den Historia bezalako ikasgai batean bereziki, zeinetan testu amaigabeak buruz ikastera behartzen ditugun. Uzten al dio horrek tarterik ulermenari?
Ez dakit zer esan nahiko duen, baina, momentuz, britainiar Errege Guardiako Zalditegitik ihes egin eta Londresen kaosa eragin zuten bost zaldien artikuluak izan du arrakasta gehien, ia guztiek ikusi baitzuten, Athletici, Palestinari, euskarari edo zientziari buruzkoak baino dezente gehiago; soilik idatzizko bizpahiru lerro eta azalpen-bideoa izateak izango zuen zerikusirik, noski. Badakizue, «testu gutxiago eta ikus-entzunezko gehiago» izan ohi da ikasleen nahia. Irakurtzeak akitzen omen ditu, aspertzen, eta, azkenerako, nekearen nekez, salbuespenaren esperantza biltzen duen eskabidea irakasleari: «Maisu, gaur dinastia, ezta?!». Eta irakaslearen arrangura: «Amatxu maitia…».