[Urpeko Bonbarda #129] Ekainean rock
[Urpeko Bonbarda #129] Ekainean rock –
Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. 129. saioan, eta uda atarian gauden honetan, ekainean gurean izango diren rock jaialdiei erreparatu diegu.
Gaurkoan eskola zaharreko rock doinuak dakartzagu Urpeko Bonbardara, Euskal Herriko jaialdi nagusienetako batzuk aitzakia hartuta; nagusiki Gasteizko Azkena Rock jaialdia, Bilboko Music Legends eta Andoaingo rock festibalaz gain. Azken hau, zorionez, doakoa!
Ekainaren 20tik 22ra izango da Azkena Rock jaialdia, ohi bezala Gasteizko Mendizabalan. Bertan jotzekoak direnetatik bost dira saiora ekarri ditugun artistak, Mavis Staples andrearekin hasita, ez alferrik datorren hilabetean 85 urte betetzekoa da.
Soinua gogortuta, aurtengo afixatik zirrara gehien eragiten digun Ty Segall grinatsua ere entzun dugu, eta jaialdiko hitzordurik garrantzitsuenaren aspaldiko kantu bat, Queens of The Stone Age taldearen “The Lost Art of Keeping a Secret”. Azken biak bezala, Kaliforniarra da, AEBetakoa, jada kultuzko taldetzat jo dezakegun Redd Kross ere, McDonald anaiek, Jeffek eta Stevenek, 80 hamarkadan sortua, artean nerabeak zirela.
Azkenarekin bukatzeko, Band of Horses ere nabarmendu gura izan ditugu, aurtengo udan agerpen bakarra izango baitute Gasteizkoa.
Gasteiztik Bilbora, Music Legends festibalari erreparatuko diogu hurrengo, bertan jotzekoa baita gure inoizko talderik kuttunenetako bat, egun Gary Lourisek gidatzen duen The Jayhawks alt-country talde fina.
Bilbon Miribillak hartuko du jaialdia, ekainaren 15 eta 16an. Bertan izango dira, aipatutako Minnesotako taldeaz gain, Canned Heat mitikoak ere, 60ko hamarkadan sortutako boogie rock taldea, “On the Road Again” jotzen, rockaren ezinbesteko ereserkia. Bilbon joko dutenen artean bada itzal handiko talde gehiago ere, Pretenders esaterako, Chrissie Hynde eta James Walbournek ondu eta iaz plazaratu zuten “Relentless” lan luzea aurkeztera datorrena Music Legends jaialdira.
Bukatzeko, talde bat hautatu dugu aurten eraberrituta, fresko datorren Andoaingo rock jaialditik (ekainak 15), Londonetik datorren Goat Girl post-punk talde dantzagarria.
Ekainean, jakina, asko dira urteko gainontzeko hilabeteetan bezala gurera datozen atzerriko taldeak, festak eta bestelako ekitaldiak direla medio. Gauzak horrela, azpimarratutakoez gain Eilen Jewell ere entzun dugu saioan, orain gutsi Arrasaten jo baitu non eta Boisen (Idaho, AEB) jaiotako country musikari dotoreak.
Gasteizko Azkena Rock jaialdian, aurten, Txopet, Brigade Loco, Ezpalak, PiLT, Entropia eta Moonshine Wagon Euskal Herriko taldeek joko dute; Bilboko Music Legends jaialdian Arnau & The Honky Tonk Losers, Sotomonte, Ziin & The Melody Breakers, Petti eta Etxeko Uzta, Nevadah, Kinki Boys eta The Ribbons izango dira euskal ordezkariak; eta Andoaingo Rock festibalean, Munlet, Amorante, Indabe, Ithaka eta Pinpilinpussies izango dira oholtza nazioarteko taldeekin partekatuko duten Euskal Herriko bandak.
.
(((podcast.eus)))
Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…
Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod
Spotify Apple Podcast Google Podcast