Zinegoak jaialdiak “queertopiak” aldarrikatuko ditu Bilbon 50 proiekzio eta jarduerarekin
Zinegoak jaialdiak “queertopiak” aldarrikatuko ditu Bilbon 50 proiekzio eta jarduerarekin –
Sail ofizialeko kategorietan (FIK, DOK, KRAK) 15 film luzek parte hartuko dute eta Begiradak film laburren sailean ziklo bi berri egongo dira: Queertopiak eta Sexilioak.
Inaugurazio ekitaldia ekainaren 24an izango da Arriaga Antzokian. Bertan izango ditugu Eddi Circa kantautorea eta Clarisa Navas zinegile argentinarra, aurtengo Ohorezko Sariduna. Itxiera ekitaldia uztailaren 1ean izango da Bilborocken.
Sail ofizialeko proiekzioez gain, Zinegoakek antolatu ditu proiekzio bereziak, ZG PRO jardunaldi profesionalak, arte eszenikoak, jaiak eta abar.
Zinegoakek aurtengo jaialdi ofiziala eta nobedade nagusiak aurkeztu ditu gaur, Azkuna Zentroan antolatutako prentsaurrekoan. Bilboko LGTBIQ+ Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia ekainaren 24tik uztailaren 1era antolatuko da, eta beste urte batez, Bilbon hamaika jarduera prestatuko ditugu kultura eta sexu aniztasunagaz lotuta. Programazioan askotariko ekimenak egongo dira: proiekzioak, arte eszenikoak, solasaldiak, jardunaldi profesionalak, jaiak… Programazioa Bilboko areto ezberdinetan gauzatuko da, besteak beste, Bilborock, Golem Alhondiga, BilbaoArte, Bira, Sarean, Arriaga Antzokia edota Guggenheim Museoa. Hamar egunez, beraz, Bilbo aldarrikapenez eta zinez josita izango dugu.
Zinegoakeko zuzendari Alaitz Arenzanak 21. edizioko ildo nagusiak azaldu ditu: “Aurten beren-beregi indarra egin nahi dugu gure orainak eta etorkizunak irudikatu eta eraikitzeko aukeran, maila kolektiboan ere, ez bakarrik indibidualki. Horiek dira zabaldu, eraiki eta bizi nahi ditugun espazioak, eta horiei guztiei Queertopiak deitzea erabaki dugu”. Aurtengo kartela, Dom Campistron artista aldudetarrak egin duena, horren isla da.
Film luzeen sail ofizialean 15 pelikula izango ditugu lehian, ohiko hiru sailetan: FIK, DOK eta KRAK (narratiba berriak). Film hauek nazioarteko hainbat herrialdetik jaso ditugu, besteak beste, Nigeria, Mexiko, Txina, AEB, Grezia edota Alemania. Arenzanak pelikula hauetako batzuk nabarmendu ditu: “Brasilgo eremu zapalduenetako bateko saskibaloi-talde queer baten bizipenak (Levante); Lesbos uhartean 1980ko hamarkadan sorturiko lesbiana-komunitatearen historia (Lesvia); Suitzan asilo politikoa lortzeko prozesuetan egiten diren galdeketak (The Hearing); sexu-grinaren areagotzea eta polimaitasuna (Vera y el placer de los otros); edo LGTBfobiaren salaketa eta haren aurka borrokatzeko ahalduntzea (Mavi Kimlik), horra 2024ko Zinegoaken proposamenetako batzuk”.
Gainera, urtero bezala zinegile eta protagonistetako batzuk izango ditugu gurean, proiekzioaren ostean solasaldietan parte hartzeko. Besteak beste, honako zinegileak
izango ditugu Bilbon: Vuslat Karan, Mavi Kimlik pelikulako zuzendarietako bat; edota Adria?n Silvestre, Ha?gase tu voluntad dokumentalaren zuzendaria.
Film laburrei dagokionez, 30 lan izango ditugu sail ofizialeko lehian. Bost ziklo izango ditugu: ohikoak diren “Haurtzaroa eta Nerabezaroa” eta “Emakume Zuzendariak”; iazko “TBIQ+” zikloa, eta ziklo berri bi lehen aldiz. Alde batetik, “Queertopiak”, eta bertan topatuko ditugu zisheteronormatibitatetik, patriarkatutik, kolonialismotik, kapazitismotik eta planetaren luze-zabalean hedatzen diren zapalkuntza-sistema guztietatik ihes egiteko borrokan ari direnen istorioak. Bestetik, “Sexilioak”, euren jaioterria, familia edo ingurua uztera behartuta egon diren pertsonen bizipenak, bazterketa eta indarkeria pairatu dutelako euren orientazio, genero edo sexu aniztasunagatik. Horrez gain, sail ofizialetik kanpo, klasikoa bihurtu den “Erroak” saila izango dugu, Euskal Herrian sortu diren hainbat ekoizpen lanekin. Film laburren kasuan ere, asko dira gurean egongo diren zinegileak solasaldiak gidatzeko.
Jaialdia modu ofizialean ekainaren 24an hasiko da, Arriaga Antzokian ospatuko den inaugurazio ekitaldiarekin (sarrerak antzokiaren web orrian eskura daitezke). Gala Nerea Arriolak eta Divina Comediak aurkeztuko dute, eta bertan parte hartuko dute Eddi Circa kantautoreak eta Clarisa Navas zuzendari argentinarrak, Ohorezko Saria jasotzeko, DAMAren babesletzarekin.
Aldez aurretik, ekainaren 21etik 23rako asteburuan, “3, 2, 1… Zinegoak!” aurre- jaialdia izango dugu. Ostiralean Guggenheim Museoan Laura Poitrasen All the Beauty and the Bloodshed dokumentala izango dugu, Nan Goldin artista eta aktibistaren ingurukoa. Hurrengo egunean, ekainak 22, Zinegoakek egun osoko egitaraua antolatuko du: goizean Danele Sarriugarte eta Miren Narbaizaren Popperra, Afterra, Utopia ikuskizun musikatua, Sarean kulturgunean. Arrastiz, saio bikoitza izango dugu: Bilborocken Dantzertiren azken lan eszenikoaz gozatzeko aukera egongo da: “Lopek zioenez, Sin mi?, sin vos y sin Dios”, Matxalen de Pedroren zuzendaritzapean. Amaitzeko, Bira Kulturgunean, “Bizi. Bisexualitatea eta euskal komunitatea” proiektuaren aurkezpena izango dugu. Bertso-saio bat, Albina Stardusten showa eta DJ Eromenaren emanaldia egongo da. Azkenik, igandean Zinegoakek solasaldia antolatuko du Irantzu Varela eta aurtengo ohorezko saridun Clarisa Navasen artean, eta bere hiru lan proiektatuko dira.
Proiekzioez gain, Zinegoaken baitan arte eszenikoak ere antolatuko dira, urtero bezala. Getxo Kulturak antolatuta, ekainaren 27an Muxikebarrin “Erreka Mari” antzezlana izango dugu. Javier Lararen zuzendaritzapean eta Egoitz Sanchez protagonista duela Hans Christian Andersenen La Sirenita lanaren berriskupen librea da.
Bere aldetik, jaialdiko azken larunbatean, Biran Plazeratu.klub kolektiboaren aurkezpena eta jaia izango dugu. Talde honek jaia espazio kritiko moduan aztertzen du, LGTBIQ+ kolektiboaren plazera aldarrikatzeko eta ikusgarritasuna emateko moduan. Plazeratuk aldarrikatzen du jaia gozatzeko beste praktika batzuk, borroka kolektiboak loratu eta ospatzeko espazio seguruago moduan.
“Queer jaia espazio politiko moduan eta bere islada irudietan” izango da, hain justu, ZG PRO jardunaldi profesionaletan landuko den gaietariko bat. Beste urte batez zinearen industria eta sexu-aniztasuna landuko dira jardunaldi hauetan. Ekainaren 27 eta 28an izango dira, eta hainbat masterclass, garapen prozesuan dauden lanak… aurkeztuko dira.
Ekainaren 28an arratsaldez Zinegoakek ez du antolatuko inolako jarduerarik, Ekainaren 28ko koordinadorak antolatu dituen ekintzetan parte hartzeko.
Jaialdiaren itxiera ekitaldia uztailaren 1ean izango da Bilborocken, eta bertan jakinaraziko da 21. edizioko irabazleak nortzuk diren, tartean, Zinegoak Sari Nagusia, EITBren babesarekin. Behin jaialdia amaituta, Zinegoakek bere leiho digitala irekiko du Filmin plataforman, eta bertan sail ofizialeko hainbat lan gozatzeko aukera egongo da. Eta lehenengo aldiz, Zinegoakek eta EITBko Primeran plataformak lankidetza izango dute, kanal bat sortzeko jaialdian parte hartu duten hainbat pelikularekin, sexu- aniztasuna lantzen duten bestelako ikus-entzunezkoekin batera.
Bilbon egiteaz gain, beste urte batez Zinegoak Hego Euskal Herriko hamaika udalerritan ere antolatuko da. Zehazki, 54 herrik parte hartuko dute ZG Hedapena programan. Iaz parte hartu ez zuten udalerri berriak izango ditugu Zinegoaken parte hartzen: Plentzia, Bermeo, Markina-Xemein, Zalla, Usurbil, Urretxu, Aramaio, Berantevilla, Zigoitia, Oltza Zendea edota Bidaurreta.
Programazio osoa www.zinegoak.com webgunean kontsulta daiteke.