Soka izan
Laura Penagos Rodríguezek Argia aldizkarian.
Abenduaren 18an migratzaileen nazioarteko eguna ospatzen da. Iaz Bilboko Alhondigan ekitaldi instituzionala egin zen eragile sozialekin batera, eta ni parte hartzera gonbidatu ninduten. Aukera ezin hobea izan nuen han sortzaile berriak ezagutzeko eta, batez ere, Miren Agur Meaberen olerkiak irakurtzeko eta interpretatzeko. “Zelako oparia!”, pentsatu nuen. Poesia maite dut. Mirenen poesiak liluratu egiten nau, eta horretaz gain, bera miretsi egiten dut. Poema horiek argitaratu gabe daude, ez euskaraz, ez gaztelaniaz, pentsa ezazue, altxorra eskuartean.
Irakurri nituenean berehala sentitu nuen gordetzen duten egia, haietan neure burua islaturik ikusi nuen. Hitz bakoitzak hitz egiten zidan, nire migrazio-bidaia gorputzean jantzi zidan, izan nintzena ekarri zidan burura, lurralde honetara iritsi zen hura eta gaur naizena. Nire emozio-prozesu guztiak pilatu zitzaizkidan bat-batean. Eta nolabait, aske sentitu nintzen. Ulertua, kontuan hartua, errespetu sakonetik begiratua. Olerki haiek hunkitu egin ninduten.
Aurkezpena bukatu ondoren, egun batzuk pasatuta, zera pentsatu nuen: “Ze ederra izango litzatekeen Euskal Herrian barna ibiltzea poema horiek partekatzen”. Ze aukera aproposa ikuspegi ezberdinak elkartzeko, hangoek eta hemengoek elkar ezagutzeko. Pentsamendua eta sentsibilitatea sortzen laguntzeko. “Nire Kolonbiako danborra erabili behar dut, performance txiki bat sortuko dut”, esan nion neure buruari. Baina kokoteraino nagoenez bakarrik eta dirurik gabe sortzeaz, azazkalekin lan egiteaz, proiektua sortu baino lehen babesa eta dirulaguntza bilatu nahi nituen.
Kolonbiatik etorritakook hemen bizi gara. Zoazen lekura zoazela, bertako kultura izanen da han. Eta ez mehatxu gisa, baizik eta ulertua izateko zain, ikasia izateko zain
Agian, hasteko, Kolonbiako kontsulatura jotzea aukera ona izan zitekeela pentsatu nuen. Hitzordua eskatu nuen eta eman egin zidaten. Kontsularekin ilusioz beteta bildu nintzen bere bulegoan, proiektuaren berri emateko. Nire harridurarako, bere aurrean eseri nintzenean esan zidan lehen gauza zera izan zen: “Hemen egiten ditugun jarduera guztiak gaztelaniaz egiten ditugu, interesatzen zaiguna Kolonbiako kultura sustatzea da”. Begiak plater. Aditzaile onari, hitz gutxi. Ados, ulertzen dut. Nire baitara bildu nintzen. Bilera bukatu ondoren, Bilboko Kale Nagusira atera nintzenean, pena handia sentitu nuen, lotsa. Zergatik ez sortu kulturen arteko zubiak? Zergatik ez hurbildu Kolonbiako jendea hemengo kulturara? Zergatik ez sustatu elkarbizitza? Azken finean, Kolonbiatik etorritakook hemen bizi gara. Hemen edo beste edozein lekutan. Zoazen lekura zoazela, bertako kultura izanen da han, hura edo bestea, baina beti izango da bertako kultura bat edo batzuk. Eta ez mehatxu gisa, baizik eta ulertua izateko zain, ikasia izateko zain.
“Soka izan bideetan ez galtzeko. Zerotik hasita. Zerotik hasita, zure lau hormen artetik abiatuta. Labirinto batean ibili. Labirinto batean ibili eta fenix hegaztia topatu bihurguneetan. Zure izena ahoskatu. Zure izena ahoskatu, zure izenak zure patua bilduko balu bezala. Egia zahar bat xuxurlatu. Egia zahar bat xuxurlatu. Denok gara migrari”. Miren Agur Meabe.
Soka izan