Francis eta Patxi

Francis eta Patxi – 

Francis eta PatxiFrancis Erresuma Batuan bizi da. Hogei urtez egon da ezkondurik Rachel emaztearekin eta bi seme-alaba dituzte. Halako batean, Rachelek beste gizon batekin ohean zela harrapatu zuen. Orduan Francisek aitortu zion bere homosexualitatea eta esan zion hainbat urte zeramatzala bere mutil lagunarekin. Gaur, bi urte igarota, Francis eta Rachel dibortziaturik daude. Francis, mutil lagunarekin ezkonduta, gay aktibista ospetsua bihurtu da eta eredu bezala ipintzen dute, erakusteko nola askatu ahal izan den gizarteko aurre iritzi homofobikoen loturetatik eta nola erdietsi duen bere sexu orientazioak eskatzen zion bizimodu afektibo asegarri zoriontsua. Rachel berriz, oraindik egoera berria digeritu beharrean dabil, bere bizitzaren zatirik goxoena xahutu dueneko sentipena uxatu ezinik. Mutil lagun berriarekin oraindik orain hasi da, baina kostatzen ari zaio gibelera begiratzeari utzi, iragana ahaztu eta aitzina begira jartzea. Seme-alabak berriz, adingabekoak dira biak, eta tartean salaketarik ez dagoenez, ez dago haien deklaraziorik. Biek laguntza psikologikoa jasotzen jarraitzen dute, hori bai, baina une honetan ezin da zehaztu bizipen zail horien ondorioak osoki gainditu ahal izango dituzten. Rachel kexu da Francisek jasotzen duen hainbesteko gorazarrearekin, eta dio, azken finean hogei urtez (eta harrapatu zuelako) gezurretan bizi izan den eta gezur hori medio bere familiari kalte latza eragin dion pertsona dela.

Patxi ez zen inoiz ezkondu, salestar izateak ezartzen zion aginduari men eginez, eta uztarri hori gainetik kendu gabe zendu zen. Naturak eman digun indar itzeleko sexu grina hori mendean hartu ezinik, eskura zituen hainbat neskatori ukituak egin zizkien, behin baino gehiagotan, ukitu horien biktima batzuk arestian jakin arazi dutenez. Oraingoz lau azaldu dira, auskalo zenbat gehiago diren isilik dirautenak. Lehen salatzaileak zehaztu duenez, disimuluan egiten zituen sarritan horrelakoak, umea ohar ez zedin nahian bezala, bina bistan da bere grinak, bere adimenak eta bere enpatiak baino indar handiagoa zuela une horietan. Adierazpenak egin dituen lehen biktimak kontatu duenez, urte luzez eraman du gainean gertakari haiek utzitako zama astuna, eta aldeak gorabehera, antzekoa pentsa dezakegu gainerako biktima guziez. Patxiri Legorretako bere jaioterriak, idazle lanagatik emandako goraipamen guztiak kendu dizkio.

Francisek eta Patxik naturaren aurkako uztarri astun bana eraman behar izan zuten. Eta zamapean zirela, kalte latzak eragin zituzten nork bere inguruan. Horraino egitateak. Iritzi publikoaren lupa ordea ez da bien kasuan gune beraren gainean pausatu. Francisen kasuan, eragindako kalteak fokuaren ertzean geratzen dira gehienbat, eta nabarmentzen den alderdia da bere drama pertsonalarena, gizarte homofoboaren presio jasan ezinak gezurrezko bizitza bat bizitzera eraman duenekoa. Patxiren kasuan ez dago drama pertsonalarentzako fokurik. Foku guztiak bere biktimek jasandako kalbarioen gainean daude.

Edozein egoera gatazkatsuan bi jarrera kontrajarri egon ohi dira: Egurra eta kito! diotenena, eta egoera horren sorburuak aztertu behar direla diotenena. Biktimei eta horien etxeko eta hurkoei, sorburuak aztertzearen kontu horiek ez zaizkie larregi gustatu ohi. Baina gogoa bare duen edonork badaki ezin bestekoa dela sorburuak aztertzea. Eta beldur naiz, ezin besteko gaitzespen hitzen eta biktimekiko elkartasun adierazpenen ondoren etorri beharko liratekeen gogoetak eta sorburu azterketa horiek ez direla inon ageri. Agian, besteak beste, ez delako giro honelako gaietan, eta erosoagoa delako isiltasun zuhur goxoan murgiltzea, izokinarena egin gabe.

Arazo publikoetan ez da deus ere amorragarriagorik antzutasuna baino. Egoera latz berberak behin eta berriz errepikatzen ikustea, aldiro pankarta baten atzean pena aurpegia jarrita posatua egin eta segi etxera hurrengoa gertatu arte, horrelakoak saihesteko inolako neurri eraginkorrik hartu gabe. Eramangaitza da, benetan.

Francis eta Patxi, biktimak eragiten dituzten biktimak dira. Eta Francis eta Patxi biktima bihurtzen dituen sorburuari ekin ezean, Francis eta Patxi gehiago eta Francis eta Patxiren biktima gehiago izango ditugu etorkizunean, gaitzespenak eta pankarta atzeko posatuak gorabehera.

Une honetan gizartean ikusten dudanari begiratuta esango nuke Francisek aurrea hartu diola Patxiri. Homosexualen aldeko iritzi oldeak, Francisen kasuan fokua bere drama pertsonalean jartzera daraman berberak (bidegabe samar Rachelen arabera), Francis gutxiago izatera garamatza eta beraz Francisen biktima gutxiago izatera. Mendebaldeko gure inguru honetan behinik behin, irudika daiteke etorkizun ez oso urrunean, Francis batere gabeko eta beraz Francisen biktimarik gabeko etorkizuna,  homofobia arrastorik gabeko etorkizuna. Hala bedi!

Patxik ordea, Francisen kideko den arren  bere sexu-grina naturala ito behar horretan, ez du etorkizun dirdaitsurik. Patxi biktima bihurtu zuen sexu-grina ito behar absurdoak hortxe dirau, Patxi gehiago eta Patxiren biktima gehiago ekoizteko prest. Gay bati, bere sexu-grina naturak ipini dion bidetik asetzen oztopatzea, delitu da gaur egun gure gizarteetako legeen arabera. Erlijio sekta batek derrigorrezko zelibatua ezartzea ordea ez da delitu, eragin dituen eta eragiten dirauen konta ezinezko delituen frogak egunero azaltzen diren arren. Delitu sorburu egiaztatua den zerbait nolatan ez da bera ere delitu izendatzen? Sexu-jardun natural sano baterako aukera zapuztea eta bidea oztopatzea ez al da ba delitu, horretatik datozen kalamitate guztiak ikusita ere? Zer gehiago behar da ba? Eta debeku hori gauzatzen den bitartean, Patxirena bezalako kasu bat ageri denero, sorburua zelibatuan dagoela begi bistakoa denez, zergatik ez zaio zelibatua inposatu duen sektari kalte-ordainen erantzukizuna ezartzen? Normala al da Patxiren gaitzespena burututa pankarta bildu eta etxeratzea derrigorrezko zelibatua legez debekatzeko lanean hasi gabe? Beki behingoz eskumena duenak, Patxik Francis lehenbailehen harrapa dezan eta eskutik helduta iragan gaindituaren linboan murgil daitezen, biktimarik gabeko mundu sanoago bat utzita.

Francis eta Patxi

22 pentsamendu “Francis eta Patxi”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2024-06-11 10:57

    Ez duk gai erraza hautatu, Juan Inazio. Batez ere horrelako konparazioekin.

    Senide-lagunei norberaren egiazko sexu-orientazioa ezkutatzea konbenientzia sozial eta abarrengatik, bikotelagunari adarrak jartzea… Horrelako faltak konpara al daitezke jokabide kriminal, bizitza osorako zauriak uzten dituen batekin?

    Armairutik atera berria den gizon homosexual bat etengabe balioestea eta txaloak eskatzen, bere etxekoekin nahiko modu zerrian portatu delarik, ez zait iruditzen batere pertsona eredugarria. Baina behintzat ez da sexu-harrapari bat.

  • Halakorik!!! 2024-06-11 11:36

    “Derrigorrezko zelibatua legez debekatu” (!) Halakorik!!! Eta zergatik ez debekatu hamar aginduak, edo katekesia, edo Aita Santuarekiko obedientzia, edo Zerua eta Infernua…? Gorrotoa delitu bihur badaiteke, zergatik ez maitasuna, edo nazka, edo alaitasuna?

  • Benat Castorene 2024-06-11 16:13

    Kasu interesgarriak biak. Lehen kasuan, ez dut konprenitzen zertan den Francis biktima. Hobendun bezala ikusten dut gehiago. Onestasunez dibortziatu behar zuen eta gomeni zaion bizitza ereman;
    Biktima bakarrak dira haren emaztea eta haurrak. Ezta?
    Bigarren kasua aldiz konplikatuagoa da:
    Lehenik eta behin, zinez ez dut ulertzen “sekta” ren portaera. Zergatik ez dituen apaizak ezkontzera uzten eta beren bokazioa segitzera?. Ordinazioan Elizak apez gazteei apez geratzeko betiko hitz emanarazten dien zelibatu hori astakeria krudela da ene ustez.
    Gero gogoeta honek ez du Patxiren kasua erabat xuritzen.
    Ez naiz segur zer zentzu emaiten diozun “neskato” hitzari.
    Baina uste dut erran nahi duzula neska ttipiei atakatzen zitzaiela. Beraz zelibaruaren arazoaz gain Patxik pedofilia tendentzia zeukan eta ezdakigu ezkonduta ere gai izanen zen tendentzia hori mendean atxikitzeko.

  • juan inazio hartsuaga 2024-06-11 16:46

    Amonamantangorriri erantzunez, lehenik eta behin eskerrik asko tonuagatik. Ez dira noski gai errazak, bai ordea esker txarrekoak, baina honelakoetan ere idaztea betebehar morala iruditzen zait, beti betetzen ez badut ere. Francis eta Patxi, Patxi eta Francis, bietan nor den gaiztoena eztabaida interesgarria da, hainbat gogoeta plazaratzeko aukera ederra ematen duena, baina oraingoan saihestu nahiago dudana, azpimarratu nahi ditudan ideia nagusiak ez gandutzearren. Horregatik uzten ditut komentatu gabe ere Beñatek egindako hainbat iruzkin, auziaren aspektu hagitz interesgarriez diharduten arren Ideia nagusiok dira, bat, arazoen konponbidea ez datorrela inoiz erantzun emozional soiletik; bi, arazo publikoak konpontzeko omen dauden, eta konpontzeagatik soldata kobratzen duten (omen gabe) politikariek erantzun emozionalez harago iristeko obligazioa dutela; eta hiru,-eta honekin Halakorik delakoari erantzuten hasten natzaio orobat-, zelibatuaren debekua eskatzearen arrazoi bakarra, bera eta apaizen sexu-delituen arteko lotura dela. Hamar aginduek, katekesiak eta aipatzen dituen gainerakoek ez dute, nik dakidala, deliturako joera sor arazten. Txirotasun botoak ez ditu apaiz banku-lapurrak sortzen erreakzio modura. Baina derrigorrezko zelibatua milaka sexu-delituren sorburua da. Ez balitz, ez legoke debekua eskatzeko motiburik. Baina horrela bada, ezin da ulertu ez debekatzea, kokaina edo heroina debekatzen diren modu berean. Lotura hori da auzi honen muina. Berriro diot, lotura baldin badago (eta inoiz ez dut entzun inork hori ukatzen duenik) debekatu egin behar dela; eta lotura egiaztatu ondoren debekatzen ez bada, munduan ezagutzen dudan salbuespen bakarra izango dela.

  • Benat Castorene 2024-06-12 15:58

    Delitu sexualen eta zelibatu-obligazioaren arteko lotura hori (partzialki bederen) frogatzeko, existitzen badira, hiru talderen estatistikak konpara daitezke: bat, apezeria katoliko eta budistarena, bi bestetik protestanta, judu eta ortodoxoarena, hiru laikoarena.
    Bestetik ez dakit baden munduan zelibatu obligazioa debekatu duen herri baten etsenplurik.

  • Juan Inazio Hartsuaga 2024-06-12 17:30

    Noski Beñat, horrelako konparaketa estatistikoak zorrotz egin beharko lirateke, horrelako neurri gogorra, eta zuzen diozun moduan, oraino inoiz ez burutua, indarrean jartzeko. Inoiz indarrean ez ezarria halere ulergarria da hein batean, pederastia kasuen azaltze masiboa ez delako hain aspaldikoa, eta bestetik Erromako Elizak oraindik baduelako itzalik. Baina ba ote dabiltza politikariak konparaketa estatistiko horien azterketa egiten, behingoz neurri eraginkorrak hartu ahal izateko? Ezetz esango nuke, oker egoteaz arrunt poztuko banintz ere.

  • Benat Castorene 2024-06-12 18:11

    Inork ez dit oraindik testamentuetan erakutsi zelibatu obligazioaren justifikazio bat. Geroztikako Eliza giza-instituzioaren asmaketa bat da. Egunen batean, nork daki zergatik ssmatu zuena desegin dezake orain kalteak ikusita;
    Nunbait irakurri nuen Afrikako hainbat eskualdetan anitzetan ez zutela jada errespetatzen ez apezek ezta apezpikuek ere..
    Bitxiago oraindik, Alemanian apez faltagatik, hierarkiak europa ekialdeko azpi kristau eliza arraro bateko apezak jinarazten dituzte ziloak tapatzeko, baina hauek askotan ezkonduak dira eta familia badute. Nola esplika bertako apezei?
    Zergatik estatu frantses laikoak ez duen sudurra sartu istorio horretan? berez misterio bat da.

  • Juan Inazio Hartsuaga 2024-06-12 18:46

    Afrikan Trento aitzineko Euskal Herrian bezala dabiltza apaizak, emakumeak banaka baino binaka hobe. Erroma beste aldera begira, mindegia ez zapuztearren. Eta umeak lasai joan daitezke katekesira.

  • Amonamantangorri 2024-06-13 11:54

    Ez zait iruditzen arazoa zelibatua (bakarrik) denik. Mojen artean ba ote dira sexu-abusuak? Izango dira. Kopuru berean?

    Sexu-jazarpen kasu baten aurrean ixiltasun legea ezartzea, korporatibismo zurruna aplikatzea, badirudi bestelako erakundeetan gertatu izan dela, esate baterako ejerzitoan, non zelibaturik ez dagoen. Eta, jakina, oso ezkerreko eta askatzaile omen diren militantzia giroetan ere tarteka azaltzen dira kasuak…

    Baita ere nabarmentzeko kontua da, Kakuxen kasuan bezala, Patxi Ezkiagaren kasuan, beste behin ere, ingurukoek BAZEKITELA. Ezkiagari ikasleek goitizenak-eta jarri omen zizkioten. 1994tik gutxienez, scout begirale kristau batzuek bazekiten Kakux pedofiloa zela.

    Alegia, zelibatu botoak baino eragin handiagoa eduki dezakete botere-harremanak, hezkuntza sexu-afektiborik eza, “zikinak” diren gauza horietaz inoiz ez hitz egitea, emakumezkoek zehazki jasotzen duten heziera eta sozializazioa…

  • Juan Inazio Hartsuaga 2024-06-15 09:06

    Arazo guztiak izkin ugarikoak izan ohi dira, multifaktorialak. Beraz arrazoi duzu nahitaezko zelibatua sorburu bakarra ez dela esaterakoan. (Mojen adibideari ez diot iruzkinik egingo, beste hari batekin ez korapilatzearren). Baina bizitzaren arlo gehienetan, zerbait ez da arazo baten sorburu bakarra izan behar, agintariak horren aurkako neurriak hartzen hasteko. Nahikoa da horretarako, sorburu nagusia edo nagusienetakoa izatea. Pentsa dezagun esate baterako, langileen segurtasunaren alde edo ibilgailuen zirkulazioaren inguruan indarrean dauden dozenaka neurrietan. Azterketa sakonik egin gabe eta sen hutsaz esango nuke horietako asko eta asko direla korrelazio estatistiko arrunt ahulagoz ezarri direnak. Nire kexua testuinguru honetan ulertu behar da. Ez da bakarrik, arazo izugarri baten sorburu jakina borrokatzeko ez dela dagokion debekua ezartzen. Gainera huts hori, anitz arazo txikiagoen sorburu zalantzazkoagoak borrokatzeko, debeku ugari ezartzen den testuinguru berean gertatzen da. Eta horrek salbuespen lotsagarri eta ulertezina bihurtzen du.

  • Benat Castorene 2024-06-15 12:22

    inork ez zuen Patxi bortxatu apezgoa hautatzera eta horrekin batera dagokion zelibatuaren araua. Gero Patxik apezgoa uzten ahal zuen bizi klasikoago bat agerian eramaiteko, (baina beste galdera bat berak nahiko ote zuen?) inork eta ezerk ez zion hori oztopatzen ahal, ez bada eliza instituzioaren presio doktrinal edo moralak.
    Beraz zuk nahi zinukeena da botere zibilak presio egitea elizaren gainean doktrina alda dezan apezgoari buruzko arauetan?
    Nik ez dut konprenitzen zergatik elizak berak ez duen konprenitzen bere arauak malgutzeko beharra. Adibidez apezek ezkontzeko aukera apez izaiten geratu gabe.

  • Juan Inazio Hartsuaga 2024-06-15 15:57

    Patxiren behialako balizko askatasunaz apez bihurtzeko eta gero hortik ez irteteko ezin dut taxuzko ezer esan, bakarrik susmatu aipatzen dituzun presio horiek eta antzekoak izan bide zirela tartean. Nik nahi nukeena berriz zera da, aginte zibilak ohi bezala jardutea, salbuespenik egin gabe. Trafiko istripu batean hainbat jende hiltzen denean agintariak ez dira pankarta gibelean jartzen prentsak argazkiak egin ditzan. Istripua gerta ez zedin haien eskuan zegoen guztia egin dute aitzinetik: Bideak ondo mantendu eta gidatze praktika arriskutsuen aurkako legeak sortu, hordi, uhalik gabe edo telefonoz hizketan gidatzea debekatzen dutenak. Apez pedofikoen biktimen kasuan beste hainbeste egin dezaten eskatzen dut soilik. Badakit harrigarri samar gerta daitekeela eta inoiz ez dela egin, baina antzeko beste edozein auziarekin konparatuz gero, logika borobilekoa da. Jakina, inoiz ez egina, Erromako Elizaren pribilegioei zor zaie, baina XXI. mendean estadu laiko batean ez litzateke horrelakorik onartu behar. Eta halere onartzen bada, mesedez pankarta gibeleko antzerki gehiago ez!

  • Ez, logika borobila ez da.

    Borrokatu behar dena ez baita zelibatua, baizik eta (arestian aipatu den bezala), delituak ezkutatzeko botere-sistema hori… elizak hainbatetan erraztu duen inpunitatea eta, azken batean, elizak duen inpunitatea.
    Pertsona helduek eskubidea dute baldintza bitxienak dituen edozein taldetan sartzeko, eta edozein taldek (elizak barne) eskubidea du nahi dituen baldintza bitxienak jartzeko, delitua ez den bitartean. Hor agintariek ez dute ezer esatekorik eta ezer egitekorik.

    Agintariek borrokatu behar dutena da elizan dagoen omerta hori. Frogatzen bada abusuak jakitun izanda elizak ez duela ezer egin, pentsa liteke ezer ez egiteko erabakia hartu duena ERE prozesatu eta zigortu egin behar dela. Baina ez da ezer pasatzen. Zientoka eta milaka kasu, eta hor dabiltza suelto.

    Hor bai duela elizak (beste auzi batzuetan bezala, adibidez inmatrikulazioak) salbuespenak jasotzeko bula hori. Eta pankartismoan arrazoi emango dizut hor.
    Baina utzi alde batera zelibatua. Hori ez da ezeren justifikazio eta zelibatua borondatez onartzen duena ez baita ezeren biktima.

  • juan inazio hartsuaga 2024-06-27 15:39

    Logikaren borobiltasunaz eztabaidatzeak luze jo dezake eta antzu izateko arrisku handia du. Beraz, alde batera utziko dut logika borobilarena. Salbuespenarena ordea zenbatgarri denez adosgarriago izango zaigu. Zenbat aldiz gertatzen da, delitu batek korrelazio estatistiko argia erakustea jokabide batekin eta jokabide hori ez debekatzea? Zirkulazio kodean edo Lan Segurtasunaren arloan esate baterako nik ez dut bat bera ere ezagutzen. Eta gainera, gure askatasunen gainetik pasata egin ohi da. Ni libre naiz telefonoa erabiltzeko baina gidatzen nabilen bitartean egitea debekatuta dago. Are okerrago oraindik, uhala jarri edo ez jarri dudan askatasunarekin, neronek har dezakedan mina baino ez baitago tartean. Eta halere galarazita dago eta isuna jartzen didate harrapatuz gero. Horrelakoa da gure eguneroko testuingurua. Eta testuinguru horretan derrigorrezko zelibatua ez debekatzea salbuespen nabarmena da. Logikoa ala ez, bidezkoa ala ez, nahi duzuna. Baina salbuespena.

  • “Bidezkoa ala ez”.
    Logikan ez naiz sartuko, bada, eta bidezkotasunean ere ez, badaezpada.

    Baina gauza bat debekatzeko, uhalaren kasuan ebidentea den moduan, gauzak oso argi izan behar dira.
    Eta nik ez ditut argi.

    Zelibatuak pedofilia pizten du?
    Pedofilo ezkondu eta sexu-praktikanteak ez dituzte barra-barra atxilotzen?
    Zelibatuak pizten duen sexu-grina jasanezina abusura bideratzen badute, zergatik ez dute bideratzen emakume helduengana?
    Zergatik ez dute bideratzen modu legalean eta (inportanteagoa izan beharko lukeena haientzat) etiko-kristauan?
    Zelibatuaz harago, ez al arazo handiagoa botere-egitura?
    Botere-eskema horren bermean, ez al dago elizaren jarrera?
    Elizak kobertura eman gabe, izango al lirateke horrenbeste kasu, derrigorrezko zelibatua egonda ere?

  • Eta amaitzeko esan nahi nuena, lehengo mezuan adierazitakoari jarraituz,

    Benetako salbuespena ez da zelibatua ez debekatzea, benatako salbuespena da Elizari uzten zaiola egiten beste askori inola ere utzi(ko) ez zaiena.

  • Benat Castorene 2024-06-28 09:16

    Zelibatuak berez bakarrik ez eiki du pedofilia sortzen baina alderantziz apezgoaren zelibatuak erakar ditzake pedofilo joera duten pertsona bakar batzuk.
    Beti gauza bera errepikatzeko arriskua hartuz, ez dut konprenitzen zergatik elizak apez egin nahi dutenak zelibatura kondenatzen dituen. Ez ote ditu hautatzeko libre uzten ahal? Dakidanez Kristoren hitzetan ez dut deus ikusi zelibatua eskatzen duenik;

  • Beñat,
    Zelibatua ezartzean, dirudienez, zerikusi handiagoa izan zuen ondareren kontuak. Apaiza ezkongabea eta, hartaz, seme-alaba legitimorik gabea izanda, haren ondasun posibleak ez ziren elizaren eskutik aldentzen jarauspen bidez.

    Bestalde, zure esaldi hau ez dut ulertzen “zelibatuak erakar ditzake pedofilo joera duten pertsona bakar batzuk”… Zergatik baina? Haurrak eliza-eskoletan bakarrik daude, ala?

  • Benat Castorene 2024-06-28 11:16

    Bai nik ere aspaldiko argudio hori aditu nuen bainan gaurko egunean ba ote du zentzurik? Gaur apaizak funtzionario xume antzekoak dira; ez dira kultuaren baliabideez jabe eta patrimonio pertsonal tipi baten jabe dira bakarrik.
    Elizak protestantismoan untsa dabilenetik ikasi beharko luke.
    Egia da “zelibatuak erakar ditzake pedofilo joera duten pertsona bakar batzuk” esaldia hobeki esplikatu behar nuen. Gainera ezda lehen bezain egia izanen.
    Izan ere lehen, familia kristau tradizional batzuetan, homosexualitatea eta pedofilia bezalako joerak oso gaizki ikusiak ziren, eta zelibatu librea susmo iturri, orduan apezgoak eskatzen eta eskaintzen zuen zelibatu behartua kamuflatze estrategia erretxa izan zitekeen.
    Ez dakit argiago idatzi dudan aldi honetan.

  • Benat Castorene 2024-06-28 11:49

    Interesgarria da irakurtzea “Mundu munduan” testuan, 82. orrialdean, Gabriel Arestik imajinatzen duen Joana eta Eztebe bere anaia apezaren arteko elkarrizketa.
    “Bai. Gizonak andrerik gabe arlote zabiltzate ” Joanak
    “Apaizok donado bizi behar dugu” Eztebek
    “Jainkoak hola agindu du” joanak
    ” Trentoko kontzilioak Joana” Eztebek.
    “Ze diferebntzia dago?”Joanak.
    “Haundia. Hamabost. mendean ezkondu egiten ziren lehengo apaizak. Gero Elizamak ezetz agindu zuen, baina Aita Santu batek egin duena beste batek desegin dezake.
    Jainkoak ordenatua berriz ezin debeka dezake lurrean ezein gizonek, nahiz eta hemeretzi mitra eta zortzi tiara eraman” Eztebek;
    Azken esaldia ez naiz segur untsa konpreniturik.
    Zelibatua ezezta daiteke berrizapaizgoa ez?

  • Gaurko egunean zentzurik ez duela? Beno, elizak agintzen eta aipatzen dituen beste mila gauzak zentzurik ez duten bezala.

    Azken batean, arrazoia edo zentzua ez zait inporta. Eliztarrei eta, bereziki, zelibatu-agindu hori betetzen dutenei inporta beharko litzaieke.

    Eta bai, zelibatu hori izan liteke homosexualitatea estaltzeko ingurune egoki bat… baina nik ez dut homosexualitatea aipatu, pedofilia baizik (erasotuak neskatoak zein mutikoak baitira elizetan)

  • juan inazio hartsuaga 2024-06-29 17:03

    Aitzineko beste iruzkin batean esanda utzi nuen, ezer debekatzen hasterako, balizko korrelazioak argi eta garbi azaldu behar direla, noski. Horretan ez dut uste inork aurka egingo duenik. Eta diozunean arazoa ez dela zelibatuaren ezarpena, Elizari, beste inori ez bezala onartzen zaizkion hainbat bidegabekeria baizik, esango nuke lehena bigarrenaren multzoan sartzen dela eta beraz ez dagoela bien arteko kontraesanik. Noski arazoa zabalagoa dela, arrazoi duzu horretan, baina nonbaitetik heldu behar hasteko ezta? Arazoaren aspektu batetik hasi gintezke eta ez edozeinetik, gizartean kalte larriak zabaldu dituen batetik baizik. Zoritxarrez ez dut uste inor dabilenik balizko korrelazio horiek aztertzen .

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude