Banala

Banala –

Banala

Iruñean entzun nuen lehendabiziko aldiz kosmopolitismo banala kontzeptua (nazionalismo banala behin baino gehiagotan entzunda neukan). Azaleko kosmopolitismoa da hau, nazioarteko kontsumoa eta mugaz gaindiko harremanak sustatzen dituena. Baina, sakon-sakonean, zeharo kolonialista da, ingelesez baino ez du berba egiten eta munduko populazioaren zati txiki-txiki bati baino ez dio eragiten (mendebaldeko jendarteko kide batzuei, batez ere).

Handik gutxira, Joseba Sarrionandiari Galizian egin dioten elkarrizketa bat entzun nuen. Hark ere egurra ematen zion kontzeptu horri, nahiz eta beste berba batzuekin adierazi. Maialen Lujanbioren aipu bat irakurri nuen gero ixa sare sozialean, Aldatu gidoia manifaren harira. Honako hau esaten du Maialen Lujanbiok: “Mundua ez dela EHn bukatzen esango didate. Ireki egin behar dela mundura. Ados. Zabal gaitezen Kanadara, Madagaskarra, Indiara, mundura. Ekar ditzagun elkarrizketatuak mundutik. Ez baitago gauza itxiagorik munduari Espainia deitzea baino”.

Azkenik, Mattin Irigoienen elkarrizketa irakurri eta bera ere honetaz mintzo, multikulturalismoa deituta: “Hegemonia duen hizkuntzak dibertsitate bat onartzen du, bere peko den ber. Hori ez dugu aski arraberritzeko edo irauteko”.

Diskurtsoa aldatzen da, eguneratzen da, baina finean, betikoa da. Aniztasunaren kontrako aldarria eskaparatezko aniztasun baten banderapean. Uniformizazioa praktikatu baina betaurrekoen koloreak aldatuta. Banala, banalizatua.

Banala

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude