Iritziak
Iritziak –
Idoia Ugalde, URIOLAn.
Erantzun aurretik isilik geratu da une batez. Esanahi asko izan ditzake isilune horrek, baina zuk berehala harrapatu duzu: ez daki. Ez daki zer esan. Ez du orain arte gai horren inguruan pentsatu, ez du iritzi kontrajarririk izan eta ez dizkio ertz edo konplexutasun edo tolesdurak bilatu. Baina irratiaren bestaldeko hasperena entzun diozunean, jakin duzu horrek ez daukala garrantzirik berarentzako. Mikrofonoa dauka aurrean, eta iritzia eskatu diote. Nola ez eman, ba?
Eta hasi da. Adierazi du bere ikuspegia, ondo hitz egin dezakeenaren harrotasunaz, pertsona errespetatua dela badakienaren ziurtasunaz, lotsarik ez, zalantza izpirik ez. Estudioan, ondoan daukan kidearen harridura begirada sentitu duzula iruditu zaizu. Berak ere harrapatu du, berak ere badaki ez duela tutik ere ulertu, lagunen batek kontatu dion gertakari sorta besterik ez duela kontuan hartu, bere erreferentziazko aldizkarian publikatutako iritzi-artikuluren bat, auzoan edo militantzia esparruren baten komentatzen direnak… eta, hala ere, ziur, lotsagabe, tinko dihardu oraintxe bertan formatu duen diskurtsoan.
Ondoan duen kidearen txanda izan da gero, eta harriduratik ezin irtenda eraiki du berea, hitz ezberdinak aipatuz, ikuspegi anitz eta (batzuetan) konplexuak aditzera emanez. Ez dauka iritzi argirik igual, edo igual bai, baina entzun ditu eztabaidaren muin eta ertzetan garatzen diren gai eta kontraesanak. Eta, hala ere, entzulearentzat, ziurrenik, bien diskurtsoak izango du sakontasun eta garrantzia bera.
Lagun batek kontatu zidan behin: kaletik, telebista edo irratsaioren baterako, arratsaldeetan egoten diren horietako baten baterako, herritarroi gure iritzi konprimitu eta sinplifikatua eskatzen diguten horietariko baterako, mikrofonoa kokatu ziola kazetariak aurpegian gizartean pil-pilean zebilen gai baten inguruan bere iritzia eman zezan. Lagunaren erantzunak harritu ninduen: sentitzen dut, esan zion, egia esan, ez dut oraindik iritzi nahikoa osaturik gai honen inguruan, eta uste dut garrantzitsuegia dela gaia bera hala-moduzko ikuspegi erdi-eraikia publikoki botatzeko.
Ez dira askotan entzuten horrelako erantzunak, txalotzekoak, nire ustez. Batzuek badaukate zer ikasi.