Ekainaren 9a

Ekainaren 9a –

Enbata Hilabetekariko Sar Hitza

Orain dela berrogei bat urte Bérurier Noir punk rock taldeak «la jeunesse emmerde le Front National» abestia zabaltzen zuen lau haizetara. Eskuin muturraren ideiei, laurogei hamarkadan, hein batean, oztopo egiteko zegoen borondate eta mugimendua islatzen dute hitz horiek. Europako parlamenturako hauteskundeak hurbiltzen zaizkigun une honetan, ultra eskuinaren mamua berriz ere mahai gaineratzen ari da. Baina, oraingo honetan, orain dela berrogei urte ez bezala, mamua garaile egiten ari zaigu eta indar politiko indartsu gisa kokatzen hauteskunde horietan. Eta orain dela berrogei bat urte ez bezala, eskuin muturraren ideologia normalizatu bat daukagu parean. Ideologia atzerakoia, kanpokoa eta ezberdina denari begira beldurrean oinarritzen dena, ezkutatzen badu ere ultra liberalismoan finkatua dena, eta ultra kontserbatismo batean murgildua, hori da besteak beste heldu zaiguna eskuin muturrarekin.

Ekainaren 9a
2024ko maiatzaren 19an, Madrilen Vox alderdi ultrak antolaturik indar erakustaldia egin du Europa zein nazioarteko eskuin muturreko agintarietaz inguraturik.

Ekainaren 9ko europako hauteskundeak iluntasun zerbaitekin heldu zaizkigu, beraz. Eta, orain dela berrogei urte Berurier Noir-en abestia handizki abesten zuten gazte horiek, galdera pausatzen diote beharbada beraien buruari: baina zer demontre huts egin da? Behin baino gehiagotan errana izan dut lerro hauetan ezkerra burua ezin altxatuz dabilela. Haren erranei gor geratzen dira herritarrak eta zabaltzen dituen diskurtsoak gizartearen errealitatetik urrun gelditzen dira aterabidea ezin asmatuz balira bezala. Eskuin muturra garai batean borrokatu zuen batek zioen berriki «desastre bat da!», eta «hau guztia beren burua ezkerrean kokatzen zuten agintariek urteetan eramandako politika neoliberalaren ondorioa da».

«Frantzian jakobinismoa aldera utzi eta inspirazio iturri zerbait hartu beharko lukete Euskal Herrian gertatzen ari denarekin»

Horrek eragina izan du ziurrenik ezkerraren bilakaeran, baina gehitu beharko genioke barne botere gose eta kalapita amaigabeak, non ezkerreko batasun bat lortzeko ezintasuna erakutsi den. Horretan Frantses Estatua nahiko adibide esanguratsua da Melanchonen diskurtsoek (berriki europako hauteskunde kanpainaren inguruan bota dituenak besteak beste) ezkerrean batasuna hausteko ahalegin guztiak egiten dituztela ematen baitute. Eta, horrek tamalez eskuinaren ideologiari atea handizki zabaltzen dio. Ultra eskuinak ordezkatzen du, zoritxarrez, gaur egun herritarren irudimenean bizi dugun zapalkuntzaren aurkako oldarra. 2019an izandako aurreko europako hauteskundeetan jadanik eskuin muturraren igoera nabarmena izan zen. Berriki Le Monde egunkariak argitaratu artikulu batean, politologoek zioten ez zela eskuin muturra 2019an bezain indartsu aterako 2024ko hauteskunde hauetan. Ekainaren 9ko gaualdiak argituko digu arrazoi duten ala ez. Anartean, berriki Madrilen Vox alderdi ultrak antolaturik indar erakustaldia egin du Europa zein nazioarteko eskuin muturreko agintarietaz inguraturik. Espainia aukeratu izana badu horretan sinbolika handia, eskuin muturraren uholde horri aurre egiten dioten herrien artean kokatzen baita Espainia. Eta hori hein handi batean Katalunia eta Euskal Herritik ateratzen diren bozkei esker da. Horretan frantzian jakobinismoa aldera utzi eta inspirazio iturri zerbait hartu beharko lukete Euskal Herrian gertatzen ari denarekin.

Egoera ez bada osoki aldatzen, ekainaren 9an bozkatzera joanez gero eskuin muturrari ez errateko bideak irekiko ditugu. Ordua legoke «le peuple emmerde l’extrême droite» berriz ere handizki deiadartzeko.

Ekainaren 9a

Euskal monetako langilea, Euskoa alda.eus

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude