Gaza berriro ere
Gaza berriro ere –
Rikardo Arregi, Noticiasen.
Israelek Rafah-n burutu duen azken erasoa dela-eta asaldatzea tokatu zaigu egun hauetan; badakizue, segurutzat omen zuten errefuxiatu-eremu bat bonbardatu dute, eta edozein modutan eraikitako etxola eta dendak erre dira. 50 bat hildako, hedabideen arabera, gehiago agian. Zaurituak artatzeko baliabiderik ez dago. Israelek dio Hamaseko bi buruzagi hil dituela aipaturiko operazioan, eta zer gertatu den jakiteko ikerketa abian jarriko duela (“akats tragikoa” baino ez dela izan azaldu du Netanyahuk). Betikoa: hilabeteak eman ditugu asaldatzen, eta hilabeteak eman ditu Israelek inora ez doazen ustezko ikerketekin, akats tragikoekin. Okerrena da hurrengo aste edo hilabetetan aukera gehiago izango dugula asaldatzeko. Azken kalkuluek diotenez, 36.000 dira Gazan hildakoak.
Berdin dio zer esaten duen Nazioarteko Zigor Auzitegiak, Israelek adierazi berri du Auzitegiaren salaketak “faltsuak eta nazkagarriak” direla; berdin dio Espainiak, Irlandak eta Norvegiak Palestinako Estatua aitortu badute, Israel mehatxuka dabil. Israelek urtetan izan duen inpunitatea tinko jarraitzen du, azken finean, ezta herrialde arabiarrak ere ez dira gauza handirik egiten ari, zer esanik ez Europako Batasuna edo Estatu Batuak. Israelek eman dituen azalpenak (hori ez zela alde seguru-segurua, Hamasek jaurtigailuak bota dituela bertatik) sinesten segituko dute. Itxaropenari eutsi behar diogula irakurri diot Angela Davis-i, baina zaila da itxaropenari eustea Ekialde Hurbila hitz exotikoen bitartez ezagutzen dugun eskualdean.
Etxolak eta dendak erretzen ikusi dut. Irudi batzuetan etxola edo denda horiek, ehunka, milaka, hondartza batean ikusi nituen, beste errefuxiatu-eremu bat. Alde segurua omen da, seguruagoa, baina nola bizi daiteke han? Jendea itsasora doa eginkariak egitera? Nola lortzen dute ura? Zer jaten dute? Non dago ospitalea? Nola egiten dute lo? Esnatuko dira pozik beste “akats tragiko” bat gertatuko ez delako? Nola bizi han erabat erotu gabe? Zure buruaz beste egin gabe? Zer da itxaropena Gazan?