E9, botoa eman aurretik…
botoa eman aurretik… –
Ekainaren 9an Europako Batasunako Parlamentua berritzeko botoa ematera deituta gaude. Ez da txantxetako kontua edo arinkeriaz hartzeko zerbait. Gure bizia baldintzatzen duen erakundea da, hor diru asko mugitzen delako eta lege eta arau asko finkatzen delako. Horregatik hain zuzen komeni da botoa nori eman erabaki aurretik aintzat hartu beharko genituzkeen irizpide garrantzitsu batzuk aipatzea.
Meloniren adibide argigarria
Europako estatuek gero eta autonomia gutxiago dute, gero eta eskuduntza gehiago uzten ari direlako Europako erakundeen eskuetan. Estatuen subiranotasuna ahultze honek azpimarratzen digu Parlamentu horren garrantzia. Egun hauetan nonahi entzuten da eskuin muturra dela dagoen aurkaririk okerrena, hauteskundeetara oso indartuta datorrela eta Europako instituzioak beren esku hartu ezkero askatasun ugari arriskutan legokeela. Hori esaten dutenei gogoratuko diegu Italiako lehen ministro Giorgia Melonik izugarriak esan zituela hauteskundeak irabazi arte eta 2022ko urrian kargu horretarako izendatu zuten egunaz geroztik apal-apal Europan finkatuta dauden arau guztiak zintzo ari dela betetzen, aurka txintik esan gabe. Eta Europako ultra handiena omen zen edo da. Aurretik Frantziako Marine Le Penek egin zuen bezalaxe. Egun Europan zaunkaka eta uluka dabiltzan gainerako ultra guztiek bide bera jarraituko dute, jakina, gaur handiak esanez eta bihar umil-umil benetan agintzen dutenek markatutako bideari leial eta prestu jarraituz. Beldur gutxi zaunkalari hauei.
Etsaia kapital transnazionala dugu
Nork agintzen du benetan Europan? Ursula von der Leyen, Josep Borrell eta Charles Michel al dira agintzen dutenak? Edo atzetik hari guztiak mugitzen dituen kapital transnazionala? Gaur egun nekez jar liteke zalantzan korporazio transnazionalek agintzen dutela mundu osoan bezala AEBetan eta Europako mendebaldean ere. Guretzat ez dute aurpegirik, baina hor dira. Hortaz, beldur gutxi eskuin muturrari eta handia gero eta instituzio zabalagoak eta boteretsuagoak nahi dituzten aurpegirik gabeko horiei. Gaurko Europako Batasuna elite korporatibisten proiektua da eta beren interes ekonomiko erraldoiak babesten ditu. Europa estatu bakarra balitz bezala erabili nahi dute, estatuen subiranotasuna saihestuz. Oso erraza egiten baitzaie Von der Leyen bezalako morroiak beren esanetara makurrarazten. Egiazko agintari hauei aurre egiteko Europa osoa gune subirano askotan zatitzea da apustu eraginkorrena. Euskal Herria bezalako nazioek estatu propioa izan dezaten ederki txertatzen da erronka horretan. Herritarrok EB honen aurka egin beharra dugu. Herritarron bizi baldintzak hobetuko dizkigun eta Europa osoa, Lisboatik Moskuraino, elkartuko duen egitasmo berri baten eraikuntzan jardun beharra dugu. Proiektu honen oinarriak: yankien morrontzatik askatuko gaituen autonomia estrategikoa eta deszentralizazioa. Erabakiak biztanleengandik gertu hartzea arma estrategikoa da herritar xumeentzat.
Ukrainako guda, Europan dugun arazorik handiena
Aipatu berri ditugun aurpegirik gabeko horiek dira prezeski une hauetan Europan dugun gatazka handiena diseinatu, antolatu eta gidatzen dihardutenak. Ukrainako gatazka dugu oraintxe arazo handiena Europan. Ehunka mila hildako, milaka elbarritu eta desagertu, milioika errefuxiatu, milaka etxe birrindu … etorkizunik gabe utzi dute estatu hori eta zalantzaz eta arriskuz beteriko bizimodua bertako milioika biztanleri. Ustelkeriak jota zegoen estatua aise erabili zuten Errusia kolpatzeko. Eta orain, nahiz hauteskundeetan politikoek ez duten honetaz serio eta sakon hitz egin nahi, herritarrok ozen oihukatu beharko dugu hau dela egun Europan konpontzeko dugun afera handiena. Ukraina urruti egotea eta guda hizketagai deserosoa izatea ez dira hauteskundeotan isilpean gordeta edukitzeko arrazoi baliagarriak. Ukrainan negoziazio mahaia lehenbailehen osa dadin lehentasunezko erronka behar du izan europar guztiontzat.
Bakea sustatu beharrean, guda
Guda horren gogortasunak hustu egin ditu Europako Batasunako kide guztien armategiak. EBko estatu guztiek jokatu baitute guda gogortzera. Nonbait errazagoa da Errusiaren aurka ekitea Europan giro baketsua eraikitzearen aldeko apustua egitea baino. Baten batek alde egiten ez badit, lau dira bakar-bakarrik guda hori amaitzeko edo moteltzeko dei publiko argia egin duten presidenteak: Hungariako Viktor Orban, Serbiako Aleksandar Vucic, Italiako Giorgia Meloni eta Eslovakiako Robert Fico, oraindik ospitalean datzana lau tiro jaso ondoren, kasualitatez Ukrainari arma gehiago ez emateko dei publikoa egin ondoren. Bitartean, aste honetan bertan Pedro Sánchez Espainiako presidenteak 1.130 milioi euro oparitu dizkio Zelenskiri -11.000 milioi bi urte hauetan- eta beste 5.000 milioi agindu dizkio hurrengo urteetarako. Espainia eta bere presidentea guda suspertzen ari dira, bakea eraiki beharrean. Hau kontrastea! Ustez inoizko gobernu progresistena guda bultzatzen ari da, ustezko eskuin muturrekoak diren Orban eta Meloni guda amaitzeko edo apaltzeko deia egiten duten bitartean.
Guda Europa osora zabaltzeko arrisku bizia
Europako mendebaldeko presidente askok jauzi handia eman nahi dute guda honetan. Hamaika probokazio egin diote Errusiari eta bakarrik Vladimir Putinen pazientzia estrategikoari esker ez da oraindik lehertu guda Europa osoan. Baina iritsiko da eguna. Britainia Handiko eta Frantziako misilekin egunero ari dira bonbardatzen Errusiako Belgorov eskualdea. Hildako zibil ugari eragiten ari dira eta Errusiak “casus belli”tzat (guda-arrazoi) oraindik deklaratu ez baditu ere, egoera honek ezin lezake luze iraun. Hortaz gain, bi aldiz bonbardatu dituzte Errusiako radar estrategikoak, misil nuklearrak detektatzeko direnak, Errusiaren dotrina nuklearrean eraso hauek arma nuklearrak erabiltzeko arrazoitzat jasota daudela jakinagatik ere. Macron eta Sunak presidenteak gatazka nuklearra bultzatzen ari dira eta arrisku horretaz ohartarazten Errusiako agintariak argi mintzatu dira. Gure politikoak bitartean eskuin muturreko etiketa dutenei begira, Europako arazorik handiena pailazo horiek balira bezala.
NATO eraitsi beharra
1990ean Sobiet Batasuna desegin zenean, berarekin batera NATO ere desegin egin beharko zatekeen. Baina yanki inperialistek Europa kontrolpean edukitzeko apustua egin zuten. NATO eraitsi beharrean, zabaldu egin zuten erakundea ekialderantz, Errusiaren gaineko presioa areagotuz. Azken urratsa Ukraina bertan sartu nahi izatea izan zen eta … ondorioak bistan ditugu. Sobietarren balizko erasoetatik defenditzeko sortu zen erakundea gaur Errusiaren aurkako makina suntsitzailea bihurtu dute. Gudarako mantentzen duten munstro hau eraitsi egin beharra da. Eta hori gauzatu bitartean, herritarrok bertatik atera gaitzaten aldarrikatu behar dugu.
Armak erosteko dirutza handitzeari ez
Azken hilabeteotan EBko presidenteak hutsik geratu zaizkien armategiak berriz betetzeko urratsak ematen ari dira. Espainia zintzo demonio ari da betetzen agindua eta dagoeneko BPGaren %1,75etik %2,5era igo du gastu militarra eta %3-4ra arte igotzeko prest da. Diru hori nondik aterako da? Denok ongi dakigun lekuetatik: pentsioen igoerak amaitu eginen dira, eskoletan haurrek irakasle eta material gutxiago edukiko dute, ospitaleetan herritarron itxaron zerrendak areago luzatuko dira, gizarte-zerbitzuen aurrekontuak murriztu eginen dira…
Ekainaren 9an botoa eman aurretik hausnartzeko hainbat irizpide.