Ezinari ekin ezinik

Ezinari ekin ezinik –

Malores Etxeberria, ARGIAn.


Hautsak harrotu zituen eta egunkarietako orri asko bete ere bai, luze eta luzaroan, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Legea berritzeko prozesuak. Joan den abenduan onartu zen legeak hezkuntza komunitateko partaide askoren haserrea piztu zuen, eta erresumina eragin zuen gaietako bat hizkuntza ereduena izan zen. A, B eta D ereduak indarrean segituko dute lege onartu berrian eta, ondorioz, eskolak ezin izango ditu euskaldundu herri honetan gehiengo diren haur ez-euskaldunak.

Ezinari ekin ezinik
PAULA ESTÉVEZ

Pentsatzekoa da, beraz, herri askotan segi egin beharko dela D ereduan matrikulatzeko kanpainak egiten, eredu bat bezala bestea hautatzeko eskubidea duen gurasoa konbentzitzeko D eredua dela haurrak euskaraz ikasteko modu bakarra, bi hizkuntzaren jabe izateko bermea, eta hori oso onuragarria izango dela haurrarentzat, eta abar eta abar. Duela 30 urteko argudioak beste zelofan batean bilduta. Egia esan, nagi pixka bat ematen du, eta kezka eragin.

Kezka, aspaldian frogatu zelako A eta B ereduek emaitza oso kaskarrak ematen dituztela, eta D ereduak ere baduela zer hobeturik, eta ez gutxi. Etxean jaso ez edo erdizka jaso, eta eskolak ematen ez badu, nola garatu behar du haurrak euskara gaitasuna? Oso herri euskaldunean bizi bada, errazago (gutxienekoak dira herri horiek); baina inguru zenbat eta erdaldunagoan bizi, orduan eta zailago izango du. Eskolak ezin du berak bakarrik euskaldundu, baina pieza klabea da.

Anbizioa baino gehiago ezintasuna ikusten dut nik. Garai berrien izenean eta gogoeta prozesuen itzalean estaltzen ari garen ezintasun handi bat

Horiek denak jakinda, harrigarria iruditu zait Euskaltzaleen Topaguneak Nafarroan egindako ikerketaren ondorioei buruz Berria egunkarian, maiatzaren 2ko alean, Euskaltzaleen Topaguneko Oskar Zapatari eta Iñaki Sagardoiri egindako elkarrizketan jasotakoa. Gero eta aldeko gehiago izeneko ikerketari buruz ari ziren. Euskararen aurkako joerak Nafarroan gora egin duela eta, aldekotasuna landu beharra azpimarratzen zuten. Zubigintzaz, aliantzak josteaz edota adostasun handiagoa lortzeaz mintzo ziren ikerketaren ondorioetan, eta hainbat aldaketa proposatzen zituzten bai diskurtso aldetik baita praktikan landu beharreko lan ildoetan ere. Hezkuntzari dagokionez, hauxe zioten: “Funtsean, aipatzen duguna da kalitatezko hezkuntza eredu integral bat nahi dugula Nafarroarentzat, eta, guretzat, horrek ezinbestean esan nahi du euskararen unibertsalizaziora jo behar dela ikasleen curriculumean. Herritar guztion eskubidea behar luke euskara ezagutzea eta hori eskolan jasotzea. Badakigu, ordea, Nafarroan errealitate oso ezberdinak ditugula gaur egun, eta guk planteatzen dugun helburu horretara iritsi aurretik, egun ditugun euskarazko eredu guztiak sustatu beharko genituzke. A, B eta D ereduek jauzi bat egin dezakete kalitatean. Bakoitzak bere erronkak eta ezaugarriak ditu, noski, baina uste dugu unea dela denei bultzada emateko eta anbizioz jokatzeko (…)”.

Anbizioa baino gehiago ezintasuna ikusten dut nik. Garai berrien izenean eta gogoeta prozesuen itzalean estaltzen ari garen ezintasun handi bat. Ezina ekinez egina izan zen Lizarrako ikastolak 1990ean antolatutako Nafarroa Oinez festan erabili zuen leloa. Ezin hark anbizioa zeraman berekin: ekinaren ekinez gutxik espero duten helmugara iritsi baietz! Gaur, berriz, anbizio deitzen diogu ezintasunari eta helmuga non jarri ere ez dakigula gabiltza.

Ezinari ekin ezinik  Ezinari ekin ezinik

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude