Gehiegizko turismoa gelditu!

Gehiegizko turismoa gelditu! –

Gehiegizko turismoa gelditu!Venecia hiria Italian dago. Urtean milaka turista joaten da hiri hori bisitatzera. Hamarkadatan izan dute turismo masiboa, baina azken urteotan itsasotzi handietan etorritakoak errekor guztiak hautsi ditu. Baina veneciarrek eta bertako agintariek NAHIKO esan dute. Gehiegizko turismoari aurre egiteko bi neurri hartu dituzte: alde batetik bisita bakoitzeko zerga ezarri eta bestetik bisitari kopurua mugatu.

Veneciakoa, ordea, ez da kasu bakarra. Azken urteotan izugarri handitu da turismoa mundu mailan. Arrazoiak? Hauexek: garraioa merkeago bihurtu da (low cost hegazkin konpainiak, errepide sare hobeak eta seguruagoak), internetei esker bidaiei buruzko informazioa lortzea erraztu da, ostatua lortzea merkeagotu da Airbnb bezalako enpresei esker (hau ere interneterako sarbidean ordenagailu eta mugikorretan hedatzearen ondorioa izan da), bitartekari gabe.

Egia da turismo mota guztiak ez direla berdinak. Badago eguzki eta hondartza turismoa (zabalduena), natura-turismoa, jai eta parranda turismoa, turismo sexuala (Cuba, Thailandia…), musikaldi turismoa, kirolarekin lotutako turismoa, turismo kulturala, gastronomikoa eta abar luzea.

Turismoa, alabaina, hirietan eta kostaldean kontzentratzen da. Turismo masiboa Paris, Londres, Berlin, Mediterraneo itsasoan (Ibiza, Grezia, Italia, Espainia…). Turismo merkea izaten da eta jaia, alkohola, hondartza izaten dira ezaugarri ohikoenak.

Euskal Herrian ere asko handitu da turismoa azken urteotan. Hazkunde horrek diru-iturria suposatzen du, baina baditu kalte nabariak ere. Besteak beste, Alde Zaharretan alokairuen garestitzea, lan kontratuen prekarizazioa, jende pilaketa, tokian tokiko auzokideen kultura eta hizkuntzen folklorizazioa edo zuzeneko bazterketa (euskararen kasuan euskarari espazioa kendu ingelesari emateko), hala nola merkatilizazioa, industria produktiboaren ordezkatzea…

Mediterraneora joaten bazara, Benidorm, Salou, Magaluf… eta horrelako herriak turismoaren menpe bizi dira. Herri guztia turismoaren inguruan hazi da eta apartamentu-hotel planteamendua dute. Hori bera nahi dugu Euskal Herrian? Posible da, nahi izanez gero, mendiak suntsitu eta eraikinak eta eraikinak sortu. Baina, hori nahi al dugu? Eredu hori nahi dugu?

Zorionez, gaur gaurkoz, turismo merkea eta klima eguzkitsua/epela lehensten da. Euskal Herriak ez du hori, garestiagoa eta euritsuagoa da eta momentuz ez dago hain masifikatua. Baina bide horretan doa. Horregatik, turismoari mugak jartzea eta kalitatezko turismoa (turista bakoitzeko diru gehiago uzten duena, alegia) bultzatzea, zalantzarik gabe, egokiagoa da.

Gehiegizko turismoa gelditu!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude