Donostiak azken putz izaten jarraitzen du Gipuzkoako hondakinen gaikako bilketan

Donostiak azken putz izaten jarraitzen du –

Errefusaren edukiontzia kudeatu egin behar da errefusa bil dezan, ez hondakin guztiak nahastuta. Hori da bidea.

Donostiak azken putz izaten jarraitzen du

Gipuzkoan 2023an egindako hiri-hondakinen kudeaketari buruzko datuak argitaratu berri dituzte (1), eta, Donostiari dagokionez, zaharrak berri. Izan ere, Donostiak iaz hondakinen %41,33 baino ez zuen gaika bildu; beraz, gutxien birziklatzen duen herria izaten jarraitzen du. Alde handiarekin, gainera, eta gero eta alde handiagoarekin esatera ere ausartuko gara.

Logikoa ere bada. Udal gobernuak noizean behin esaten du arazoak “kezkatzen” duela, eta egingo balu bezala egiten du, baina benetan egin gabe. Are gehiago, urtetan uko egin dio espresuki gaikako bilketa sustatzeko neurriak harteari (2). Eta neurririk hartu ezean, ezin duzu emaitza hoberik espero, jakina.

Hondakin Lege berriak, Europar Batasunaren helburuak bere eginez, zera dio: “para 2025, se aumentará la preparación para la reutilización y el reciclado de residuos municipales hasta un mínimo del 55% en peso”. Alegia –eta xehetasunetan sartu gabe–, 2025erako, hiri-hondakinen %55, gutxienez, gaika bildu behar da. Gipuzkoako herriek, orokorrean hartuta, 2020an lortu zuten helburua. Eta Donostiak?, Donostiak oraindik helburua epe barruan lortzeko moduan dago? Ez dirudi, batez ere udal gobernuaren partetik saiatzeko asmorik ere ez delako sumatzen.

DATUAK

Honako taula honetan, hondakinen gaikako bilketa 2022an eta 2023an, San Marko Mankomunitatean, herriz herri:

Donostiak azken putz izaten jarraitzen du

Honako honetan, berriz, hondakinen gaikako bilketa 2022an eta 2023an, Gipuzkoan, mankomunitatez mankomunitate:

Lehenengo taulari erreparatuta, erraz ikusten da Donostiak jarraitzen duela izaten San Markon gutxien birziklatzen duen herria. Iaz orain dela bi urte baino hamarren batzuk gehiago bildu ziren gaika, baina datorren urtean gutxiago ere izan daitezke, hazkunde minimo hori ez dagoelako neurri estrukturalekin lotuta, hau da, ez da zerbait desberdina egin izanaren ondorio. Eta arestian zergatik esan dugu Donostia ranking-eko azkena dela, eta, gainera, besteekiko aldea gero eta handiagoa dela. Bada, orain arte azkenaurrekoa Lasarte-Oria izan delako. Baina Lasarte-Orian neurri estrukturalak hartu dituzte. Neurri horiek 2023ko datuetan oraindik ez dira gehiegi islatu, baina 2024koetan Lasarte-Oriak Donostiarekin duen aldea are nabarmenagoa geratuko da (3).

Beraz, Donostia da San Markon gutxien birziklatzen duen herria, baina, halaber, bigarren taulak ikus daitekeen bezala, San Marko da –Donostiako bilketa eskasaren ondorioz– Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen mankomunitatea. Gipuzkoako batez bestekoa %57,16 da. Hau da, Donostia ia 16 puntu azpitik dago. Arestian esan bezala, Gipuzkoako herriek, orokorrean hartuta, 2020an lortu zuten Hondakin Legeak orain 2025erako ezarri duen %55eko helburua.

Gutxienezko %55 hori betetzea –“un minimo del 55%”, diosku Legeak– Udalaren ingurumen-politiken kotoiaren proba moduko bat da. Ingurumen-politikak ez dira etxeko hondakinetara mugatzen, noski, baina hain oinarrizko kontu batean gutxienezkoak ere betetzen ez badira, ingurumenarekiko konpromiso, garapen iraunkor, ekonomia zirkular, klima-aldaketaren kontrako borroka eta antzeko kontzeptu potoloen gaineko diskurtsoak itxurakeria baino ez dira, ez dute inolako sinesgarritasunik.

EGUZKI, 2024ko maiatza

(1) Gipuzkoako hiri hondakinen kudeaketari buruzko datuak – Ingurumena – Gipuzkoako Foru Aldundia

(2) 2023ko urrian, Iraunkortasunaren eta Klimaren Behatokiaren urteroko txostenaren aurkezpenaren harira, honi buruzko irakurketa bat egin genuen: http://eguzki.org/2023/10/09/gutxienez-legeak-agindu-bezainbeste-birziklatzeko-neurriak-eskatzen-dizkio-eguzkik-donostiako-udalari/

(3) Izan ere, Lasarte-Oriak San Markoko azkenaurrekoa izateari utzi dio, Pasaiari aurrea hartu baitio. Nolanahi ere, Lasarte-Oriak zein Pasaiak 6 puntuko aldea ateratzen diote Donostiari. Paradoxa da Pasaia, berez, hondakinen %69,99 gaika biltzera iritsi zela… 2015ean!: Pasaiak etxeko hondakinen gaiakako bilketa hobetu egin behar du, baldin eta Europar Batasunak 2025erako ezarritako gutxienezko kopurua lortuko badu | Eguzki Talde Ekologista

Donostiak azken putz izaten jarraitzen du Donostiak azken putz izaten jarraitzen du

Euskal Herriko talde ekologista eta antinuklearra

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude