Osakidetzako zuzendaritzak ikuztegi lanak publifikatu behar ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian LABi arrazoia eman dion epaiaren ondoren
Osakidetzako zuzendaritzak ikuztegi lanak publifikatu behar ditu –
Osakidetzako hitzarmen kolektiboan honako hau irakur daiteke:
Osakidetzak, akordio hau sinatuta, bere gain hartzen du Bizkairako ikuztegi zerbitzu propioa sortzeko konpromisoa. Konpromiso horren arabera, zerbitzua akordio honen indarraldian zehar abiaraziko da eta Osakidetzako zentroek azpikontratatutako zerbitzuak arian-arian hartuko ditu Osakidetzak bere gain, dagozkien kontratuak amaitu ahala.
EAJ-PNVk argi hitz egin du horri buruz, eta hauteskunde-programan ere irakur ziteken Osakidetzako milaka lankideren zereginak “lan osagarritzat” jotzen dituela, osasuna pribatizatzen ez dela justifikatzeko. Izan ere, lan osagarri horiek dira gehien pribatizatzen direnak. Baieztapen horietan dagoen mehatxu inplizituak zuzenean eragiten die langileen %20 baino gehiagori. Argudio hori faltsua da guztiz, bistan baitago deribazioak areagotu egiten direla, baita autokontzertazioa ere, eta osasunaren kudeaketa ekonomizistara bideratutako beste formula batzuen erabilera.
Desegite-estrategia horren aurrean, LABek duela 2 urte jarri zuen abian plan horiek desegiteko fronte bat. Orain arte, fruituak asko izan dira, eta esternalizazioetara bideratzekoak ziren 163 milioi euro baino gehiago geldiarazi ditu.
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian jasotako epaia oso garrantzitsua da; izan ere, Osakidetzako zuzendaritzak berak alegazioetan onartzen duen bezala, ehunka lanpostu sortuko lirateke, gehienak Bizkaiko zerbitzuetako langileei dagozkienak.
Bizkaian ikuztegia publifikatzeko konpromisoa jasotzen zuen akordioa 2007koa da eta argi dago 17 urtetan zuzendaritzak konpromiso hori alde batera utzi duela, ikuztegiko zeregin horien kudeaketak dakarren dirusaria hainbat enpresari esleituz.
LABek lortutako epaia irmoa eta esanguratsua da:
- Pribatizazioa ez dago behar bezala justifikatuta sektore publikoko kontratuen legearen arabera
- Osakidetzak aurkeztutako justifikazio horrek, onartua izan ezkero, zerbitzu guztiak pribatizatzeko balio dezake.
- Inolako oinarririk gabe, giza baliabiderik eta baliabide materialik ez dagoela alegatzea ez da nahikoa.
- Lan horiek Osakidetzaren gain hartzeak ekarriko lukeen “kostu” altua alegatzea ere ez da baliozko argudioa, hori baloratu behar izan baitzen 2007an askatasunez sinatutako konpromisoa hartu zenean.
- Osakidetzak ez du konpromiso hori betetzeko egutegirik edo plangintzarik landu, ezta aurkeztu ere.
Guzti hauek kontuan hartuta, zerbitzuko langileen kategoriako gure lankideen profesionaltasuna eta gaitasuna nabarmendu nahi ditugu beste behin ere; izan ere, Osakidetzako zuzendaritzak enpresa pribatuei ezartzen die zeregin horiek egiteko beharrezko espezializazioa, langile publikoei ukatu egiten dien bitartean. Esternalizazio guztietan errepikatzen den argudioa da hori, hau da, plantillaren gaitasunik eza argudiatzea lanak kanpoko enpresei esleitzeko.
Azkenik, LABek Osakidetzako zuzendaritzari eskatzen dio osasun publikoa ahultzeko eta enpresa pribatuei saltzeko darabilen estrategia alde batera uzteko. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaia onartu eta Auzitegi Gorenean errekurtsorik ez jartzeko ere eskatzen dio, baita plangintzari ekin diezaiola ere, hartutako konpromisoak betetzeko eta berehala publifikazio prozesuei ekiteko.
Osakidetzako zuzendaritzak ikuztegi lanak publifikatu behar ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian LABi arrazoia eman dion epaiaren ondoren