Sarasuaren hitzaldiaren inguruan

Sarasuaren hitzaldiaren inguruan –

Joan den astean Jon Sarasuak hitzaldia eman zuen Donostian: “Ego eta hego: txapelketen edukiei begirada bat txalodependentziaren ikuspegitik”. Amagoia Mujikak eman zigun Naizen hitzaldiaren berri. Mujikaren artikulua irakurtzea komeni da, ondoren datorrena hobeto ulertzeko.

Sarasuaren hitzaldiaren inguruan
Jon Sarasua, Donostia Kulturak hitzaldia iragartzeko erabilitako argazkian.

Sarasuak dio marko ideologiko jakina dagoela txapelketan, esan daitekeena eta ezin esan daitekeena bereizten dituena: egia da; beste edonon bezala, eta zorionez. Bat nator biolazioaren eta pedofiliaren laudorioa adierazteari eragozpenak jartzen dizkion marko ideologikoarekin. Ego apur bat ere ez da beti txarra. Adibidez, ego barik ez genuke artista sortzailerik. Ez dira gutxi, bestalde, beren ego eria besteen egoa etengabe salatuz elikatzen dutenak. Eta ez ote da zalantzazkoa, hobeto ote gauden elizak beteta eta merkataritza-guneak hutsik, alderantziz baino? Apaiz sermolariaren talentuaren arabera, beharbada, eta merkataritza-gunean ikusiko duzun filmaren kalitatearen arabera.

.

Banda-zabalera

Sarasuaren hitzetan, ikusi dituen bertsolari eta txapelketa guztiak modako ideien inguruan ibili dira, eta ukitu ezin diren gauzei buruz ezer esan gabe. 1967ko txapelketan euskaldun fededunaren banda-zabalera zen nagusi. Handik hamarkada batzuetara, «euskaldun progresistaren banda-zabalera» topa daiteke. «Kontua da ‘euskaldun fededunaren banda-zabaleran’ denek aipatzen zutela jainkoa eta, handik hogei urtera, ‘euskaldun progresistaren banda-zabaleran’ ez du aipatzen inork. Espektro horren funtzionamendua oso gogorra da, ez okurritu hortik ateratzea. Ez bertsolariak aldatu direlako, banda-zabalera hori aldatu delako baizik».”

Txapelketetan inork ez du Jainkoa aipatuko, baina edonork egiazta lezake euskal gizartean kristau fededunek pribilegio enpirikoak dituztela. Hezkuntzan, adibidez, hezkuntza publikoa barne, urteak joan urteak etorri, berdintasun-printzipioa katolikoen alde eta agnostiko eta ateoen aurka apurtzen da, baita Gobernuan edo Hezkuntza Sailean alderdi ezkertiarrak nagusi direnean ere.

Banda-zabalera hori aldatu egin da, egia da. Baina bertsolariak ere aldatu egin dira. Basarri eta Nerea Ibarzabal ez ditu bakarrik banda-zabalerak bereizten. Txapelketetan agian ez da Jainkoa aipatuko, eta aipatzeak aberastuko lituzke, Lukrezio eta Stuart Mill aipatzeak aberastuko lituzkeen bezala.

Egia da puntako bertsolari hiperfededun batek txapelketetako panorama aberastuko lukeela. Egia da, halaber, euskal indigenen artean zaila dela gaur egun halako bertsolari bat sortzea. Hego Amerikako ikasleak izaten dira kristau fedea giro agnostiko batean arazorik gabe aldarrikatzen dutenak, are gogo biziz. Zoritxarrez, txinarrak, mairuak, Saharaz hegoaldekoak edo Europako ekialdekoak baino nekezago sartzen dira euskaran, nerabezaroan behinik behin, bistakoa zaielako hemen bizitzeko aski dutela dakarten gaztelania.

.

Progresistak

Sarasuaren esanetan, “progresistek beren aurreko belaunaldiek sinisten zuten guztiarekin hautsi zuten eta, hala ere, aurreko belaunaldiek ulertu egin zituzten. Baina, aldi berean, progresistak ezin du jasan bere printzipiorik txikiena haustea edo zalantzan jartzea. Gauza bitxia da psikologikoki, ‘haustailea naiz, baina nire printzipiorik txikiena hausten baduzu, kantzelatu egiten zaitut’».”

“Progresista” esanda Sarasuak nor edo zer duen buruan argitu gabe, zaila da eztabaida. Ematen du zaku berean sartzen dituela Eneko Andueza eta Ane Lindane. Dena den, ausartuko nintzateke esatera, intuizioz-edo, Sarasuaren “progresista” kategoriapean leudekeen askok inongo arazorik gabe onartuko luketela beren printzipioak zalantzan jartzea eta haustea. Are gehiago, printzipio horiek zalantzan jarri eta hautsi zituztelako daukate gaur egun iraganekoarekin bat ez datorren ikuspuntua. Sarasuaren progresisten artean badira noski kantzelatzaile amorratuak, baina ez da komeni zakua hainbeste zabaltzea.

Sarasuaren iritziz, kapitalismoaren deseraikitze programa batean gaude, eta diskurtsorik deseraikitzaile eta apurtzaileenak egungo kapitalismo fasearen interesen gidoian datoz.

Ez dut argi ikusten zergatik datozen kapitalismoa deseraikitzeko diskurtsoak egungo kapitalismo-fasearen interesen gidoian, eta Sarasuarena bezalakoak ez. Nondik nora dabiltza gidoi horretatik libreago Sarasuarena bezalako diskurtsoak?

Txapelketetan ez dakit, baina Sarasuaren progresisten egunkari, aldizkari eta liburuetan gairik jorratuenetakoak dira aretxabaletarrak faltan dauzkan hiru adibide hauek: batetik, arlo existentziala eta espiritualitatea, “guk eskatu gabe jaio garelarik, hemen zer egiten dugun dioen galdera”; bestetik, bioetikako galdera larriak: “ideologia progresisten mantra sinplistek ez digute balio horietarako”. Hirugarrenik: munduan geopolitikan dauden proiektu desberdinek auzian jartzen dituzte mendebaldeko balio politikoak.

Hiru izen baino ez: Idoia Garcés, Ana Galarraga eta Asier Blas. Litekeena da euskaldun progresistaren marko ideologikoa pobre ikuste horren arrazoietako bat izatea Sarasuak euskarazko ekoizpena hurbildik ez jarraitzea.

Azkenik, susmagarria zaio sistemaren bozgorailuko argi berdea izatea “genero ideologiek, feminismo motek, trans doktrinek, multikulturalismo diskurtsoek…”, eta iruditzen zaio auzitan jartzeko ertz eta gako asko dituztela.

Nire ustez, ez dute “sistemaren” argi berdea, baizik mugimendu ezkertiarrena; besteak beste, arrazakeria, trata, biolazioak eta emakumeen hilketak egunero pairatzen ditugulako. Hori bai, zenbat eta eskuinerago, orduan eta argi gorri itsugarriagoak.

Amaierarekin, erabat ados: “Hainbeste gauza birpentsatu behar ditugu! Instalatu diguten aurrerakoi-atzerakoi eskema geometriko sinple hori erabat gainditu eta aurre-atzea dantzatzea eta berriro galdetzea zer behar dugun aldatu, eraldatu, zaindu, irauli, astindu, zeri behar diogun eutsi, zer hobetu, gelditu, berregin… galdera asko daude”.

Sarasuaren hitzaldiaren inguruan Sarasuaren hitzaldiaren inguruan

13 pentsamendu “Sarasuaren hitzaldiaren inguruan”-ri buruz

  • Oso ados, Markos, zure artikulu honekin; besteak beste, “Litekeena da euskaldun progresistaren marko ideologikoa pobre ikuste horren arrazoietako bat izatea Sarasuak euskarazko ekoizpena hurbildik ez jarraitzea” .Edota beste hau “susmagarria zaio sistemaren bozgorailuko argi berdea izatea “genero ideologiek, feminismo motek, trans doktrinek, multikulturalismo diskurtsoek…”, eta iruditzen zaio auzitan jartzeko ertz eta gako asko dituztela. .Nire ustez, ez dute “sistemaren” argi berdea, baizik mugimendu ezkertiarrena; besteak beste, arrazakeria, trata, biolazioak eta emakumeen hilketak egunero pairatzen ditugulako. Hori bai, zenbat eta eskuinerago, orduan eta argi gorri itsugarriagoak.”. Gauza batean bai asmatzen duela Sarasuak. “egoa”-ren izaera muinekoan. Bereziki bere egoarenean. Enfant terrible izan nahi, eta piura tristeko praile, besterik ez. Orakulu izan nahi eta sinplekeriak bota besterik ez Euskalgintzan azkenaldian Gogoetagunean -Euskaktzaindian- jarraitzen du bere analisi pre-modernoekin betelana egiten. Eta bere aurretik beste batzuek egindako lana “kantzelatzen”. Hire garaia pasa huan…..

  • Bariki erantzunez 2024-05-01 09:02

    Enatxiok ba hirekin batere gisa batean.
    Sarasuaren ahaleginak gogotik txalotzen ditiat gainera !

    Funtsean, hemen astintzen diren “genero ideologiek, feminismo motek, trans doktrinek, multikulturalismo diskurtsoek…” euskal diskurtsoarekin bateratzeko egiten diren ahalegin horiek, euskararen geroko iraupena segurtatuko dutelakoan, arras faltsuak dituk, …eta manipulatuak gainera.

    “Bertzolariak” bilakatu dira diskurtso “progre”, txupiguay horren bozeramaile nagusi, txapelketaren erakusleiho erraldoietan. Errealitatearen manipulazio usain ikaragarria jariatzen ditek

    Aupa Jon Sarasua. Bikain,

  • Gauza ona duk ados egon ez eta hitz egitea. Oso “auto zentratua”, aukeran, autozentratuegia ere ikusten dut sarasua. Eta oso beregaina ere bai azkenaldian, eman zaizkion talaiak direla eta (orokorkeriak eta mantrak botatzeko oro har). Orain bertsolaritza kontuetan, orain euskalgintzako kontuetan. Baina batean nahiz bestean plazaratzen dituenak oso pobreak, erdipurdikoak iruditzen.. ..ez dutelako ez arrazoiketarik, ez daturik. Espektralak dira. Eta ez kontzeptualki, ez intelektualki Segurolaren laurdenera iristen ez dela, haren izena erabiltzea oraingoan bezala…..ez dakit nik ba… Eta hemen utziko diat

  • “Baina batean nahiz bestean plazaratzen dituenak oso pobreak, erdipurdikoak iruditzen.. ..ez dutelako ez arrazoiketarik, ez daturik. Espektralak dira.”
    Jakina espektralak direla! Eta berak hori aipatzen du, hain zuzen ere; ea euskal espektro hori (existitzen dena) zergatik bertsolaritzaren minduan ez diren agertzen. Eta galdera honen aurrean, denak mutu, monopolio ideologikoak konfort egoerara eramaten gaituelako. Baina errealitatea ezin da ukatu, eta hara galdera: ideologia zehatz batekin bat ez datorren euskaldunak, zergatik ez dauka ohiatzunik bertsolaritzan???

  • Amonamantangorri 2024-05-01 17:03

    “Bat nator biolazioaren eta pedofiliaren laudorioa adierazteari eragozpenak jartzen dizkion marko ideologikoarekin”.

    Egungo bertsolarien marko ideologikoak eragozpenak adierazten ditu hainbat konturen aurrean: sexu-indarkeria, heriotza-zigorra, kanibalismoa, koprofagia, amerikana-alkondara janztea…

    Uste dut, espazioa eta denbora aurrezte aldera, emankorragoa izan daitekeela zehaztea (baita ere) egungo bertsolaritzaren banda-zabaleran zer onartzen den, zer baztertzen den baino.

    Esate baterako, azken aldian nire gai gustukoena bihurtu dena: Transgenerismoaz, puntako bi-hiru bertsolariri entzun izan diet.

    Maialen Lujanbiok, bakarkako jardun antologiko, bikain batean, zera adierazi zuen: baldin norbaitekin biluztean, hankartean topatzen dizkiozun genitalak ez badira espero zenituenak eta kolpetik harekin oheratzeko gogoa joaten bazaizu, hark lasai asko erantzuten ahal dizula “Gizarte honen estereotipo (e)ta gizarte honen usteen tranpan zu ari zara erortzen, eta HORI EZ DIZUT UZTEN. Zuk badakizu nola zizelka eta marraztu gaituzten. Ze inporta du, gaur ari bainaiz zure aurrean biluzten eta, neroni, ni neu naizena -hori bakarrik- gorpuzten? Nire gerripe-zintzilikako desira ari da puzten; itzali ezazu argia eta utzi azalari ikusten”.

    Noski, biolazioa erabat gaitzesten du indarrean dagoen marko ideologikoak. Aldiz, goiko adibidean ikusi denez, onartua dago uneren batean EZETZ esaten dizunari txapa transmaribibollo infumable bat botatzea. Ohe kontuez ari garelarik, jendearen sexu-orientazioari “aurreritzi” deitzea, manipulazio emozional eta ideologikoaz baliatzen saiatzea… Horrek guztiak jendea zutik txaloka jar dezake.

    Badaezpada ere: Umeak, gogoratu inork ez diola inori larrutaldirik zor. Nahi duzuen unean esan dezakezue EZETZ, azalpenik eman beharrik gabe. https://feministwiki.org/es/wiki/Techo_de_algod%C3%B3n

    Bigarren kasua: Amets Arzallusek Navarra Arenan botatakoak, haren alaba transmaskulino fiktizio bati buruz. https://bdb.bertsozale.eus/web/bertsoa/view/1669c4

    Hori ere ariketa bikaina. Eduki aldetik, ordea, koldarkeria galanki dariona. Ez badaukak adorerik, benetan, mendebaldeko herrialdeetan Agerpen Bizkorreko Genero Disforia (ROGD, ingelesez) delako fenomenoaren hazkunde izugarriari buruz mintzatzeko (bereziki neskato nerabeetan), ba hobe isildu hadi edo kanta ezak mendiko loreen gainean.

  • Juan Arregui 2024-05-06 10:04

    Markox markoen definizioetan galtzen da. Sarasuak euskarazko sorkuntzaz duen jakintza zalantzan jarri du, baina Markoxek berak bertsolaritzaren (eta bertsolarien) ezagutza juxtu-juxtukoa du. Axal-axalekoa. Bestela ulertuko luke Sarasuak dioena. Nahikoa luke saio baten aurretik haiekin afaltzea. Mahaian edozein lerdokeria arrunt entzungo lituzke. Oholtzan, baina, autoezarritako banda horretako diskurtso hiperzuzenak. Hipokresiaren banda da. Nago, Markox bietan sentituko litzatekeela eroso, mahaian eta oholtzapean.

  • Zuzen zaude, Juan, axalekoa dut bertsolarien eta bertsolaritzaren ezagutza. Zenbait saiotara joaten naiz eta “Bertsolari” aldizkariaren harpideduna naiz, baina inoiz ez dut bertsolariekin saio baten aurretik afaldu. Saioaren ostean porro handiak nola erretzen zituzten ikusi bai, Bermeon; elkarri baino ez zizkioten pasatzen ordea, antolatzailea muztio triste batera kondenatuta.

    Sarasuak berak eta Maialen Lujanbiok eman zuten bertatik bertara ikusi dudan saiorik ederrenetakoa, Busturian, 90eko hamarraldian. Sarasuaren iritzi batzuekin bat ez etortzeak ez du esan nahi Sarasua maite eta miresten ez dudanik. Uste dut ni artez egina banintz, nire ahalmenak behar bezala garatuak eta loratuak baleude, Sarasuaren antzeko zerbait nintzatekeela.

    Azkenik, berriro ibiliko naiz markoen definizioetan galduta, baina, ahalegindu arren, ez dut lortu gogoratzea ganoraz antolatutako ekitaldi jendetsuren bat, autoezarritako diskurtso hiperzuzenak erdi berezkoak ez dauzkana: omenaldia, manifa, kontzertua, mitina, hileta, futbola… Mezaren eitea, esango genuke herri kristauetan. Bertso-saioaren meza-tankera hori gogorregia denean, etxera itzultzean, desintoxikatzeko, OK Diario, El Gato al Agua, forocoches eta Rosa Díazen Twitterrera jotzen dut. Konpentsazio psikologikoaren legeagatik izango dira beharbada hain arrakastatsuak hedabide horiek bertsozaleon artean.

  • Juan Arregui 2024-05-06 14:58

    Oso jantzia ikusten zaitut ildo jakin bateko hedabideei buruz. Muturrekoenak izanda ere, aipatu dizkizudan mahai-jira horietako jardun zabarrak zentsuratu egin beharko lituzkete, zabarregi iritzita. Hori bai, oholtzan denak progresismoaren guru. Markoak ez, leihoak failatzen dizu.

  • Jainkoak berak ere ezingo luke markorik gabeko leihorik sortu, ez mundu honetan ez beste edozeinetan, zorionez batzuentzat (ziurtasuna bilatzen dutenez gero), eta beste batzuentzat ez hainbeste (polita bailitzateke markorik gabeko leihoz betetako unibertsoa).

    Bertsolarien zabarkeria horietan oinarritzen duzu zeure arrazoibidea. Zeuk aditu dituzu. Ez al da ulergarria nire arrazoibidea zurea ez bezalakoa izatea, nik entzun ez ditudanez?

  • Mikel Haranburu 2024-05-06 21:18

    Hara, honez gero, zein haritan idatzi behar dira gai honi (hauei) buruzko iruzkinak?
    Nik uste nuen bertsolaritza “hitzaren kirol nazionala” zela, Amurizak urteak bete berri dituen honetan esanik, eta Bertsolari Txapelketa bere konpetizio ekimen gorena, baina badirudi meza dela, erritoa, ideologia (bat edo beste) zabaltzeko dispositiboa, norberaren konbikzio sakonenak baieztatzeko katarsi gunea,..
    Ez da kasualitatea (ez ote?) Bertsolari Txapelketa deitu izana, eta ez Bertso Txapelketa? Bertsolaririk onena (onena!) bilatzen delako-edo, eta ez halako egun batean bertsorik onenak egin dituen bertsolaria…? Besteak beste “gaiNjartzailearen” agindutara lan egin eta gero; gaiak ere, aurre-ideologiko eta atze-ideologiko samarrak izaten baitira…

  • Egun on, Mikel: egia da, nahasirik dabiltza hariak. Iruzkin hauxe duzu beste froga bat. Nortasunaren nahasmenduei dagokiena da Batxilergoko bigarren mailako Psikologian ikasleak gehien erakartzen dituen gaia. Urria du haatik bibliografia euskaraz. Horregatik, ziurtasun handia ematen du “Nortasunaren nahasteen etiologia eta tratamendua” bezalako liburua alboan edukitzeak, hain txukun idatzia eta egituratua. Mila esker, beraz, Mikel Haranburu Oiharbide baldin bazara.

    Bide batez: orain dela hiruzpalau urte arte, notarik onenak ateratzen zituzten ikasleek Ingeniaritza, Fisika, Medikuntza eta gisakoak ikasten zituzten. Pandemiaz geroztik, berriz, Psikologia ikasten ari dira batez bestekorik altuenak lortu dituzten ikasleetarik asko. Barrura begira daude, beren buruarekin harrituta.

  • Mikel Haranburu 2024-05-10 10:56

    Baina… ez naiz, ez. Ez naiz iristen Oiharbide izatera, murritzagoa, makalagoa, etxekoagoa…
    Dena dela, ez da harrigarria ikasleak harrituta egotea… beren buruarekin! Nahasmendua da nagusi bazterrotan…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude