Eibarko Udalaren aurkako sententziak hizkuntza eskubideen aurkako doktrinan sakontzen du
Eibarko Udalaren aurkako sententziak –
Pasa den astean, Donostiako Administrazioarekiko Auzien 1. epaitegiak Eibarko Udalaren aurkako sententzia eman zuen, udaltzain bat 1992tik hizkuntza-eskakizuna zuen lanpostu baterako euskararen ezagutza egiaztatzeko betebeharretik salbuetsiz. Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eibarko …eta kitto! Euskara Elkarteak euskararen normalizazioaren eta herritarren hizkuntza-eskubideen aurkako oldarraldi judizialean kokatzen du sententzia berri hau. Izan ere, Auzitegia juridikoki eztabaidagarria den 2023ko Laudioko beste sententzia batean oinarritzen da eta, ondorioz, azkenaldian herritarrok jasaten ari garen hizkuntza-eskubideen aurkako doktrina indartzen du.
Sententzia beraren arabera, 2017tik Eibarko udaltzaingoak gutxienez zazpi kexa jaso ditu herritarren hizkuntza-eskubideen urraketei lotuta, eta Hizkuntz Eskubideen Behatokian ere herritarren hainbat salaketa jaso dira. Kontutan izan behar da kexa hauek errealitatean ematen diren urraketen lagin txiki bat besterik ez dutela ordezkatzen, izan ere, askoz gehiago dira urraketak salatzera animatzen edo ausartzen ez diren herritarrak. Gainera, segurtasun publikoa da hizkuntza-eskubideen bermeak garrantzia berezia hartzen duen arloetako bat, osasungintza era justiziarekin batera. Izan ere, herritarraren hizkuntza-eskubideen urratzeak bestelako giza-eskubideen urraketa eragin ditzake.
Halaber, gogoratu behar dugu administrazio publikoak duela herritar guztien eskubideak bermatzeko betebeharra, eta horretarako, ezinbestekoa da langile publiko guztiek bi hizkuntza ofizialen ezagutza izatea. Hori bi modutara egin daiteke: lanpostuei gutxieneko hizkuntza-eskakizunak jarriz, eta jada lanean dauden langileak euskalduntzeko bitartekoak eta erraztasunak eskainiz. Azken honi lotuta, administrazioak bermatu behar du euskara ikasteko eskaintzen zaien formazioaren aprobetxamendu egokia egiten dutela langileek, eta, bestalde, langile publikoek ulertu behar dute beraien lanpostuaren funtzioak egoki betetzeko ezinbesteko formazioa dela. Izan ere, administrazioak ordaindutako euskara ikastaroak aprobetxatzen ez direnean, herritarren zein langileen eskubideak urratu eta baliabide publikoak xahutzen dira.
Azkenik, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eibarko …eta kitto! Euskara Elkarteak babesa agertu nahi diogu Eibarko Udalari sententziari helegitea jarri eta prozedura judiziala azkeneraino eraman dezan. Era berean, euskararen normalizazioaren eta herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzearen alde dauden indar politikoei dei egiten diegu legegintzaldi berrian oldarraldiari aurre egiteko konpromisoak har ditzaten. Zehazki, azken asteetan legelari adituek egindako proposamenen bidetik, eta Kataluniako zein Galiziako ereduak aintzat harturik, administrazio publikoko hizkuntza-irizpideen paradigma alda dezaten, gaztelera izan ez dadin enplegu publikorako obligaziozko hizkuntza bakarra.