Kotizazio oinarriak (2024)

Kotizazio oinarriak –

Zer dira kotizazio sozialak?

Kotizazio sozialak Gizarte Segurantzari hilabetero egiten zaizkion ekarpen ekonomikoak dira. Bada kontzeptu bat oso-oso argi izan behar duzuna: kotizazioak gure soldataren parte dira, soldata diferitua, hain zuzen ere. Izan ere gure soldata osoa ez da hilabetean garbi eskuratzen dugun hori, baizik eta nominan azaltzen den soldata gordina. Gizarte Segurantzari bideratzen zaion soldataren parte horrekin hainbat prestazio finantzatzen dira, behar dugun momenturako, horrexegatik da soldata diferitua (Gizarte Segurantzak kudeatzen dituen prestazioen zerrenda artikulu amaieran aurkituko duzu).

Txitean-pitean entzun behar diogu patronalari kexuka, ze garestia den langile bat kontratatzea, zenbat diru ordaindu behar duten kotizazio eta abarrengatik. Ea ba, berriro esango dugu, enpresek gugatik ingresatzen dituzten kotizazioak gure soldataren parte dira. Puntu. Ez dira eurei aplikatzen zaien aparteko zerga moduko bat eta are gutxiago dira langileontzako limosna.

Kotizazioak langileok zein enpresak ordaintzen ditugu, ehuneko ezberdinetan. Enpresa da kotizazio hauek (ekarpen biak) kudeatzeko eta Gizarte Segurantzari bideratzeko arduraduna. Hala ere, esan bezala, nahiz eta enpresak ingresatu, kotizazioak ez dira euren dirua, langilearen soldata baino.

Kotizazio oinarriak

 

Kotizazio oinarriak eta tipoak

Kotizazio oinarria, laburbildurik, zera da, langilearen hilabeteko soldata gordin osoa. Esku-dirutan zein espezietan jasotzen diren kontzeptu guztiak hartzen dira aintzat. Honetaz gain, aparteko pagak (hainbanaturik edo “prorreaturik”) eta beste edozein ordainketa ere gehitzen dira kalkulura, garraio dietak, kalte-ordainak eta aldi baterako ezintasun prestazioen osagarriak izan ezik. Aparteko orduak, bestalde, gertakizun edo kontingentzia profesionaletarako baino ez dira zenbatzen (Gizarte Segurantzaren Legearen 147. artikulua).

Hortaz, enpresak eta langileak hilabetero kantitate bat ordaindu behar diote Gizarte Segurantzari, kotizazio oinarriaren ehuneko bat (“tipo” bat), alegia. Hau da, dagokigun tipoa edo ehunekoa gure oinarriari aplikatu behar zaio eta emaitza hori izango litzateke egin beharreko kenketa.

Etxeko langileen kasuan lehen posible zen kasu batzuetan langileak berak kotizazio hauek kudeatzea eta ingresatzea (hilean 60 lan ordu baino gutxiago egiten zirenean, alegia). 2023tik hala ere, enplegatzailea arduratu behar da honetaz kasu guzti-guztietan. Beste artikulu honetan azalduta daukazu:

Urtero finkatzen dira legez zeintzuk diren gutxieneko eta gehieneko kotizazio oinarriak eta erabili behar diren tarteak, kategoria profesional ezberdinetan eta Gizarte Segurantzako erregimen ezberdinetan.  Gizarte Segurantzak bere webguneetan taulak eta zehaztapen guztiak ematen ditu. Artikuluaren amaieran loturak aurkitu ahal izango dituzue. Gure aldetik, hiru erregimenetakoak ekarri dizkizuegu: erregimen orokorra, autonomoak eta etxeko langileak, 2024ko datuekin eguneratuta.

Oro har, Aurrekontu Orokorretan argitaratzen dira, baina aurrekonturik ez dagoenean ere (2024an, kasu, aurreko urteko aurrekontuak luzatu dira eta), Agindu bitartez eguneratzen dira kotizazioak. Edozelan, urtea behin hasita argitaratu arren edo aldatu behar izan arren (adibidez, lanbidearteko gutxieneko soldata igo delako), atzeraeraginez aplikatzen dira beti. Honek esan nahi du, aurten, esaterako, azken Agindua martxoaren 28an argitaratu bada ere, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatu behar direla aldaketa guztiak eta enpresak balizko desorekak hurrengo nominetan zuzendu behar dituela.

 

Azken berritasunak

Kotizazioetan berritasun nabarmenenetako bat Belaunaldi arteko Ekitate Mekanismoa izan zen. 2023an hasi zen indarrean kotizazio kontzeptu berri hau. Lehen urte horretan 0,6 puntu izan ziren (%0,5 enpresaren kontura eta %0,1 langilearen kontura), baina urterik urte ehuneko handiagoak joango dira aplikatzen progresiboki, harik eta 2029an Belaunaldi arteko Ekitate Mekanismoa 1,2 puntutara heldu arte (enpresak %1 eta langileak %0,2 ordainduko dute).

2024an BEM 0,7 puntu izango dira, enpresek %0,58 eta langileok %0,12 ordainduko dugu, hurrenez hurren.

Kotizazio honen helburua pentsioen Erreserba Funtsa handitzea da eta PPren iraunkortasun faktorea ordezkatzera dator.

Honetaz gehiago jakin nahi baduzu, bota begirada bat ondoko artikulu honi:

Honetaz gain, beste berritasun handi bat autonomoen erregimenari dagokio. Kotizazio sistema berria jarri da martxan. Izan ere, lehen autonomoek beren oinarria aukeratu ahal zuten, beren diru-sarrerak edozelakoak zirela ere. Hau dela eta, autonomo gehienek gutxieneko oinarria aukeratzen zuten, kuota txikiagoa ordaintzearren. Honek Gizarte Segurantzari kalte orokorra ekartzeaz gain, autonomoarentzako ere kaltegarri suertatzen da, prestazio askoz txikiagoak jasotzen direlako, adibidez, erretiroagatik edo jarduera amaieragatik.

Autonomoentzako kotizazio sistema berriaz gehiago jakin nahi baduzu, beste artikulu honetan duzu zabal azalduta:

Kotizazio oinarri eta tipoak 2024an

Erregimen orokorra

Kotizazio oinarriak

Kotizazio oinarriak

* Gertakizun profesionalengatiko kotizazioak: Kotizazio hauek enpresak egiten ditu oso-osorik. Kontzeptu birengatik kotizatzen da: aldi baterako ezintasunagatik eta ezintasun iraunkor, heriotz eta biziraupenagatik. Enpresaren jarduera ekonomikoaren arabera, kotizazioak ezberdinak dira. Taula osoa kontsultatu nahi baduzue, HEMEN egin dezakezue.

** Prestakuntza kontratuak: kotizazio oinarria ez bada gutxieneko oinarrira heltzen, kuota finkoa ordainduko du (taulan azaltzen dena, hain zuzen). Gutxieneko oinarria gainditzen badu, ordea, kuota finko berbera ordaindu beharko da, baina gutxieneko kuotaz gaindiko kopuruari kotizazio tipo orokorra aplikatu beharko zaio eta honen emaitza kuota finkoari gehitu beharko zaio.

 

 

Etxeko langileen sistema berezia

Badakizuenez, hitzarmen kolektiborik ezean, etxeko langileei legeak aitortzen dien soldata bakarra lanbidearteko gutxieneko soldata da. Hala ere, honek ez du esan nahi hortik gora negoziatu ezin denik. Gutxieneko soldataren igoerarekin, etxeko langileen gutxieneko soldata taulak ere igo ziren. Eguneratuta daukazu Zenbat kobratu behar duzu etxeko langilea bazara? artikuluan.

Kotizazio oinarria ezartzeko, gogoratu, hilabetean jasotzen den kantitateari, aparteko ordainsarien zati proportzionala ere gehitu behar zaiela. Eta, honetaz gain, bestelako erretribuzio batzuk baldin badauzkazu, hala nola soldata zati bat espezietan jasotzen baduzu (etxean bazkaltzeagatik, adibidez), horiek ere gehitu beharko dira.

Kotizazio oinarriak tarteka ezartzen dira, oraintxe aipatu ditugun irabazi guztien arabera:

Kotizazio oinarriak

Kotizazio oinarriak

 

KUOTAK:

Eragiketak errazteko, Gizarte Segurantzak kalkulagailu bat jarri du online, aiseago jakiteko zein den enplegatzaileak eta langileak ordaindu beharreko kuota:

Enplegatzaileak hobariak jaso ditzake ordaindu beharreko kotizazioetan. Honako hauek dira, besteak beste:

— Gertakizun arruntetan, %20ko deskontua edo murrizketa
— Langabeziagatiko eta FOGASAgatiko kotizazioetan,%80ko deskontua edo murrizketa

Familia ugarien kasuan, gertakizun arruntetan %45eko hobaria jaso dezakete. Edozelan, hobari hau ezingo litzateke gertakizun arruntengatiko %20ko murrizketarekin batera jaso. Hau da, ez dira uztargarriak.

 

Autonomoen erregimena

Jadanik komentatu dugun bezala, autonomoen kotizazio sistema aldatu berri da eta hemendik aurrera benetako diru-sarreren arabera kotizatu beharko da. Horra hor 2024rako kotizazio oinarriak eta tipoak. Gogoratu honetaz informazio zabalagoa beste artikulu honetan topatu ahal duzuela: Autonomoen kotizazio sistema berria.

Kotizazio oinarriak

Gizarte Segurantzak kudeatzen dituen prestazioak

Zerrenda ditzagun prestazio hauek, argiago ikus dezagun zertarako balio duten gure kotizazioek.

– Aldi baterako ezintasuna (baja medikoak)
– Ezintasun iraunkorra
– Baliaezintasunik ez dakarten lesio iraunkorrak
– Erretiroagatiko pentsioa
– Langabeziagatiko prestazioak (SEPE)
– Autonomoen jarduera amaieragatiko prestazioa
– Arriskua haurdunaldian
– Arriskua edoskitzaroan
– Gurasotasun baimena eta prestazioa
– Minbiziak edo gaixotasun larriren batek jota dauden seme-alabak zaintzeko prestazioa
– Edoskitzeagatiko baimena (jardunaldi murrizketa)
– Seme-alabengatiko prestazioak
– Heriotza eta biziraupena:

• Heriotza-sorospena
• Alarguntza pentsioa
• Alarguntzagatiko aldi baterako prestazioa
• Zurztasun pentsioa
• Zurztasun prestazioa (genero indarkeriagatik)
• Senideen aldeko pentsioa
• Senideen aldeko subsidioa
• Ordainketa bakarreko kalte-ordain bereziak, lan istripu eta gaixotasun kasuetan

Arreta medikoa ez dugu zerrendan sartu, Gizarte Segurantzak kudeatu arren, zergekin finantzatzen baita.

 

Banaketa sistema da, elkartasun printzipioan oinarritzen dena. Hau da, denok egiten dugu ekarpena (nork bere ahalmenaren arabera) eta behar duenak jasotzen du behar duenean (nork bere premien arabera). Honela, ni, esaterako, ez naiz ama eta ez naiz izango. Hortaz, ez dut sekula erabiliko ez amatasun prestaziorik, ez haurdunaldi edo edoskitzaroko arriskuagatiko prestaziorik ezta, umeak gaixotasun larria harrapatuko balu, zaindu ahal izateko prestaziorik ere. Baina nire kotizazioak halakoak behar dituztenentzat ere erabiliko dira. Kapitalizazio sistemak, ordea, sistema indibidualak dira, non ez duen ardura hainbat eta hainbat lagun atzean gelditzea, prestazioetarako aukerarik gabe. Eta ez dakit zuei, baina niri, neure soldatarekin, ezinezkoa izango litzaidake zerrendatu ditugun prestazio guztietarako aukera izatea.

Puntu honetan gogoratu behar dugu Euskal Herrian Gizarte Segurantzaren sistema propioa garatzea guztiz posiblea dela. Sistema hobetzeko eta egokitzeko modua izateaz gain, pribatizazio eta funtsen hustutze estrategietatik blindatzeko aukera ere emango liguke (luze egin genezake berba kolore ezberdinetako gobernuek Madrilen gauzatutako erasoez). Baina, kontuz, ez nahastu, PNVk saltzen digun Gizarte Segurantzaren eskumen transferentzia ez datza horretan: kudeaketa baino ez litzateke eskuz aldatuko, hau da, beste leihatila batera jo beharko genuke izapideetarako, baina sistema berean eta sistema berari eusten. Eta, denarekin ere, berrogei urte baino gehiago dira aldaketa handirik ez dakarren transferentzia hau adostu zenetik.

Azken albiste, abisu eta eguneraketak mugikorrean jaso ahal dituzu zuzenean!

Harpidetu gure telegram kanalera eta izan Bizilankidea!

https://t.me/BizilanEus

Kotizazio oinarriak  Kotizazio oinarriak  Kotizazio oinarriak  Kotizazio oinarriak  Kotizazio oinarriak  Kotizazio oinarriak  Kotizazio oinarriak  Kotizazio oinarriak  Kotizazio oinarriak

Informazio praktikoa eta aholkuak langileria osoarentzat, lanean egon ala ez, inoren kontura edo norberaren kontura eta, batez ere, prekarioen eta isolatuen dauden langileei begira. Gure eskubideak ezagutzea lehen pausoa da defendatu ahal izateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude