Gobernatu ala konbentzitu?
Gobernatu ala konbentzitu? –
Ezohiko kanpaina da. Arraroa. Hautagai ia gehienak berriak dira. Kanpainaurre luzea izan da. Kanpaina, berriz, epeka: Aberri Eguna lehenengo, Aste Santuko etenaldia gero… tentsio falta sumatu da. Agian horregatik detektatu dira horrenbeste zalantzati inkestetan. Abstentzio handiaren adierazle izan liteke.
Eta halako batean… Athleticen garaipena eta, egun batzuk geroago, Jose Antonio Ardanzaren heriotza etorri dira. Agendak aldatu egin dira. Gertaera horiek emaitzetan eraginik izango al dute? Ez dut uste, baina begi bistakoa da, elementu horiek direla medio, alderdi politikoek beren agendak birmoldatu behar izan dituztela.
Egun erabakigarriak dira hauek. Inoizko hauteskunderik lehiatuenak. EH Bilduk lehen indarra izateko aukera errealak ditu. Gobernatzea beste upeleko sagardoa izango da. Inork gutxik kuestionatzen du Gipuzkoan EH Bildu izango dela nagusi. Ikusmin gehien Araban dago fokatuta. Ezker subiranistak lehen indarra izateko aukera dauka. Araban eman den aldaketa soziologikoaren adierazle da.
Bizkaian, egunotan, bestelakoak dira kontuak. Marea zuri-gorria dela eta, niri datu pare bat iltzatuta geratu zaizkit. Bat. 2016an Athleticen emakumezkoen taldeak Liga irabazi zuen. Hainbat sektoretatik -30.000 sinadura bildu ziren- gabarra ateratzea eskatu zen. Alferrik. Orduko gutxiespena egunotako handikeriekin alderatzeak… min ematen du. Norbait gogoratu da publikoki horretaz? Bi. Itsasadarraren espazioaren pribatizazioa. Gabarra uretatik laguntzeagatik ordaindu behar izateak -era klasista horretan, gainera: honaino hainbeste, horraino beste hainbeste…- ostegunekoa ikuskizun klasista bihurtu du. Erraldoia, bai. Hunkigarria ere -hori bai, ia dena erdaraz-; baita klasista ere. Baina, alderdi politikoak, mutu. Sintomatikoa.
Eztabaidak
Komunikabideetan eta, batik bat, EAJren agerraldietan, badirudi hauteskunde hauek bien arteko lehia direla: EAJ eta EH Bilduren artekoa, alegia. Horrexek giroa polarizatu du eta, norbaiti mesede egitekotan, EH Bilduri berari egin dio. Jeltzaleek, beldurraren botoa mobilizatu nahian –gure bila datoz (I. Urkullu dixit)-, oso irudi indartsua oparitu diote EH Bilduri: gobernu alternatiba izatearena, alegia. Polarizazio horren ondorioz, Eneko Andueza eta ezker konfederala bigarren plano batean geratu dira. EAJk barruraino sartu du hanka planteamendu horrekin. Gehiago izango dira beren lerroetatik ihes egingo duten botoak, PPtik etorriko zaizkionak baino.
Hauteskunde hauek aukera ona izan dira hautagai berrien profil mediatikoa hobeto ezagutzeko. Aste honetan bi eztabaida interesgarri izan ditugu, biak kate publikoetan: La1n, joan den asteartean; ETB1en, asteazkenean. Tentsio gutxiko eztabaidak izan dira, Espainiako harrabots zaratatsuetatik urrun. Eskerrak. Hautagai batzuei nabari zaie udaberrian gaudela. Berdeegi dauden kimutxoak dira. Ez dakite nora begiratu. Urduriegi daude. Paperaren gatibu. Esaterako, Imanol Pradales eta Andeka Larrea. Beste batzuek, berriz, harrokeria puntu bat -Joseba Diezek eta Javier de Andresek- edo harropuzkeria iraingarria -Eneko Anduezak- erakusten dute kameren aurrean. Zuzendu beharko lukete jarrera hori. Badira beste batzuk, ordea, soiltasunetik eta apaltasunetik abiatuta, enpatia lantzea nahiago dutenak. Kamerarekin eta audientziarekin hobeto konektatzen dute. Horra hor Miren Gorrotxategi, Nerea Kortajarena eta Pello Otxandiano bera ere. Beste batzuk, esperientzia izan arren, argudioetan errepikatzen dira, tipula bezala: Laura Garrido. Gaitasun komunikatibo horiek isla zuzena izango dute gero botoetan? Hori beste kontu bat da.
Komunikabide nahiz euskal gizartean, azken bi hamarkadetan aldaketa dezente suertatu dira. Iruditzen zait EH Bilduk gainerakoek baino hobeto interpretatu dituela mudantzok. Otegik betidanik amestu duen fronte zabala gauzatuta ikusi du: desberdinen arteko batura, lurraldeari atxikitutako alternatiba, 0 kilometroko ezkerra. Egindako apustua -pazientzia estrategikoarena- emaitza bikainak jasotzen ari da.
EAJk, berriz, agintean lau hamarkada eraman arren, arazoak ditu euskal gizartean gertatzen ari diren aldaketak asimilatzeko. Jeltzaleak ez dira gai errealitatea interpretatzeko, baina errealitateak egunero interpelatzen ditu. Hautagaiak gaztetu ditu, baina euskal gizartearen zati handi batek alderdi zaharkitutzat dauka: buruzagi aspergarriekin osatutako partidu aspergarria da, adinekoentzat pentsatua, klasista eta herdoildua. Adimen artifizialak zimurrak disimulatu arren, irudi zurrunegia islatzen du. Kanpaina honetan, bere hautagaiek ez dute ilusioa transmititzen asmatu. Botere ekonomikoari lotuegiak ageri dira, bere nagusien gatibu (Repsol, Josu Jon Imaz). Instituzioetan bizi dira. Kaletik urrun. Ez dute autokritika egiteko gaitasunik. Destainaz begiratzen dituzte manifestariak. Protesta oro susmopean jarri dute. Konspirazio paranoikoaren burbuilan instalatu dira. Ezer onik ekarriko al die horrek?
Athletic, alderdia, Jaurlaritza, Lehendakaritza, ETB… dena zaku berean sartu nahi izan dute. Baina, Bizkaiaz harago, badago bestelako Euskal Herri bat. Zorionez. Ez dute ezer ulertu. Dena ez da zuri-gorria edo gabarra (a zer tabarra!). Aste honetan ETBk hiru egunez, eta 24 orduz, paratu digu xingola beltzdun ikurrina Jose Antonio Ardanza lehendakariaren heriotza dela medio. Duela 25 urte utzi zuen kargua. Justifikatuta al dago dolu instituzional nonahiko hori, kontuan izanda figura horrek ezer gutxi edo ezertxo ere ez diela esaten 45 urtetik beherako herritarrei? Kalte edo mesede egin die horrek? Bere irudi instituzionala indartu da, eta? EAJk bizkarra eman dio kaleari, Osakidetzari, protestan den orori… Euskal Herria ez da bere herria. Euskadi da bere marka. Eta Auzolana bere matraka. Garesti ordainduko dute. Ataka honetatik ez ditu ez Athleticek, ez Ardanzak, ezta ETBk ere aterako.
Baina gobernatzen jarraituko dute. PSE-EE eta, bai, —behar izanez gero— PPri esker. Laura Garridok garbi utzi zuen asteazkeneko eztabaidan. Gobernatuko dute, bai. Baina nekez konbentzituko dute. Orain ez bada, aldaketa etorriko da. Batzuek uste duten baino lehenago.
…