Hilezkortasunaren engainua gaur

Hilezkortasunaren engainua gaur –

Nequaquam moriemini (Gen. 3), ez zarete hilko, agindu zien suge formako deabruak. Hasierako 3. kapituloko esaldi hau hartu zuen abiaburu Axularrek bere Gero liburuko pasarte batean zer eta sugearen amarru-egainu hori ondo zukutzeko. Engainuak, esango zigun berehala Axularrek, bide labur-laburra izango zuen; testu bibliko honetako mitoan zentzua izan zezakeen, noski; izanez ere, sugea ari baitzitzaien nortzuei eta munduko lehenbiziko aita-amei genituen Adan eta Evari:

Hilezkortasunaren engainua gaur
“Eta denbora hartan etzen hain miresteko, hala sinhestea. Zeren nola baitziren munduko lehenbizikoak, etziakiten oraiño heriotzearen berririk, etzuten nehor hiltzen zela ikhusi, eta halatan erraxki enganatu zituen. Hala bada nahi ginituzke gu ere enganatu, molde berean nahi leraukegu guri ere, ezkarela hillen, sinhets arazi” (AXULAR, Gero, 48).

Mito honetakoa baina, berehalakoan sumatu dezakegu zentzugabe, guztiz absurdoa. Axularrek segi-segituan ere azpimarratu zigun. Halarik ere, Axularrek esan edo ez, logika huts-hutsez dugu kontua; gizadiak bere historia-ibilbidean, zein norberak bere bizitza-ibilbidean, sobera frogatua dugu finitoak garela, hilezkorrak ez garela, eta hortaz mugatu bezain hilkorrak, ezinbestez, unibertsalki eta ezin saihestuki. Gure sernitarteko, lagun zein bizikideak gaixotzen eta hiltzen ikusi ditugu. Ezin hortaz inolaz amarru horretara jada lerratu:

Ordea nola guk orai bertzeren baithan ikhusiz, eta geure baithan ere zaharzeaz eta flakatzeaz frogatuz, baitakigu segurki eta gerthuki, hil behar dugula, eztugula itzurtzerik, eta ez nehoizko segurantzarik, ezin engana gaitzake gu, gure lehenbiziko aita-ama hek bezain erraxki” (AXULAR, Gero, 48).

Zertan geratzen zaigu orduan egungo egunean mito hau? Zer esan liezaguke gaur egun? Ba al du oraindik zer edo zer guri kontatzeko gaur-gaurkoz? Baiezkoan nengoke ni. Mitoek ez dute bere zentzu eta esanahia galtzen are sortuak edo erabiliak izan zireneko sinesmenen markoak goitik behera erori badira ere. Hemen, jada esanda moduan, badakigu ez garela berez hilezkorrak. Eta hemen ere, gero eta jende gehiago dago testu bibliko hauek eraiki asmo duten fedetik ezinago urruti dagoena. Orduan, are egungo eguneko aipatu errealitate honelakoan ere oraindik zentzurik al leukake mito honek? Berriz berresten dut nire baiezkoa. Mito guztiek, mitoak diren aldetik, berez eta bere literalean sekulan gertatu ez diren, eta gertatuko ez diren kontakizunen berri ematen digute. Halarik ere, eta halaber mitoak diren aldetik, nola edo hala egunero-egunero atergabe gertatzen diren zenbait errealitate antzekoen berri ere ematen digute. Hori da hain justu ere mitoa: mitoa ez da sekulan horrela eta bere-berean gertatu, eta, bateratsu, gertatu eta getatu egiten den zerbaiten berri ematen digu. Horretan datza hain justu mitoaren egiatasun-suertea.

Orain, lerro hauetan burutan hartzen ari garen mito honetara bueltatuaz, zer esan berorri buruz? Bibliako Haiserako (Genesis) 3. kapituak hartu zuen testu eta mito hori, baina, askoz zaharragoa zen jakinduriatik zetorren. Egun ere, hortaz, testu erlijioso horretatik kanpo ere mito hori zukutzen asmatu behar dugu, edo beharko genuke. Bada, abia gaitezen, zer esan diezaguke bere orokorrean hartuta mito honek?

Orduko hartan arbola hartako fruitua harturik agindu zitzaien hilezkorra izatea. Egun, ziurrenik ezein arbolatik ezer hartu gabe, agian sinbolikoki irudi horrek isla dezakeen zerbait eginez (nor bakoitzak jakingo du bere bizitzan zer), edota ezertxo egin gabe ere eta soil-soilik gure egunerokoari lotu baino ez, baina badarabilgu den-denok une oro “hilezkorra” izateraren antzeko konbentzimendu bat. Eta zein dugu, Axularren ustetan, antzeko konbentzimendu delako hori? Bada, hilko garela ondo ere ondo baldin badakigu ere, gaur ez dela izango konbentziturik gaude, biharkoan ere izango ez delako uste sendoa dugu, ez eta gertu edo ukigarri zaigun etorkizun den denbora batean ere…Uste eta sinetsita gaude guztiz horretaz, hori da darabilgun konbentzimendua gure bizitza eta egunerokoa gure ohiko terminoetan eraman ahal izateko:

Gurekikotzat, guri ezkarela hillen sinhets arazitzeko, edo sinhesten baikendu bezala, ragiteko, bertze bide bat hartzen du, bertze ioko thaillu bat iokatzen du, bertze maiñaz eta trazaz usatzen du. Ez osoki, ez kolpe batez, baiña aphur bana eta egunetik egunera luzatuz atrapatzen gaitu. Sinhets arazitzen deraku, ezkarela egun hillen, ezkarela bihar hillen, eta bihar bezain ephe luzerik ez, eta bihar arteiño bizitzeko esperantza eztuenik: eta halatan eta handik, nola ezpaitugu uste egun hillen garela eta ez bihar ere, bizitzen gara, segur baikina bezala, edo sekulan hillen ezkarela baikiniaki bezala” (AXULAR, Gero, 48).

Ez dakigu noiz hiko garen, baina, halere, noiz ez garen hilko jakin uste dugu. Hori horrela, segidan zer egiten dugu geure bizitzarekin?, bada, gehien-gehienetan, oraingo honetan bertan disfrutagarri edo gozagarri zaigun edo etorkizun hurbil-hurbil baterako onura ukigarri (materialki?) eman diezagukeen horretara geure burua emanda bizi. Eguneroko lehentasunak ezin argiago ditugu. Eta, aldi berean, ondo ere badakigu, hilzorian, edo bizitza agortzen arituko balitzaigu, edota zinez bizitza behar den moduan preziatuko bagenu, egunerokoan lehenetsitako hori gutxietsiko genukeela eta, aldiz, hain preziatua eta betiere geroko baterako beti gordeta dugun inoiz ez atentituako hori lehenetsiko. Zenbat aldiz ikusi izan dugun istripu handi batetik azkenik onik aterata den batek bere bizitzarako baloreen eskalan asinaldi ezin handiagoa jasotzen…Zenbat “jakin izan banu”, zahar-zahartuta dauden askoren ahotik!

Zeren erraiten dugu ezen gero, bertze urthean onduko garela; orduan hunelako eta halako deskargu eginen ditugula, beraz badakigu eztela anarteraiño izanen, bitartean igurikiko zaikula, edo behintzat erraiten eta egiten bedere badugu, baikiniaki bezala. Guk nahi genduke egin geure bizitzeaz, eta bizitzeko denboraz, oihal puska batez egiten duguna. Oihalaren parte bat, neurtzen eta ordenatzen dugu kapatako, bertze bat iakatako, eta gaiñerakoa behar diren bertze soiñekoen egiteko. Hala bada, oihalaren bezala, geure bizitzearen ere iaun, iabe eta nabusi baikina bezala, ordenatzen dugu bizitzearen parte bat, eta parterik hoberena eta gaiena, gaztetasuna, munduarentzat, eta gero gaiñerakoa, gaixtoena, zahartasuna, Iainkoarentzat” (AXULAR, Gero, 49).

  Hilezkortasunaren engainua gaur  Hilezkortasunaren engainua gaur  Hilezkortasunaren engainua gaur  Hilezkortasunaren engainua gaur

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta eta espiritualetan jardunda.

Zer duzu buruan “Hilezkortasunaren engainua gaur”-ri buruz

  • Ulertu liteke mito hori gaur egun, nolabaiteko esperantza baitugu zientziak hilezkortasuna ekarriko digula. Ezagutzaren arbolatik jaten ari gara, bizitza luzatu eta luzatu, heriotzaren beldurrez. Beharbada bizitzaren zuhaitzetik gehiago jan beharko genuke, edozein une azkena izan daiteke eta.

    Baina zein da bizitzaren arbolaren fruitua? Gozamena, osasuna…?

    Kristautasuna hilezkortasunaren beste mito bat ere erakusten digu. Sakrifika ezazu zeure bizitza besteen alde, izan zaitez gizaki on bat, Jesukristo bezala, eta betirako biziko zara. Pentsatzen dugu Ongi jokatuta ondorengoen memorian leku berezi bat izango dugula. Eta horrela gabiltza, nolabaiteko heroi izan nahian.

    Baina zein da hil aurretik dugun egin beharra? Galdera potzoloa…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude