Pradalesen egitekoak Osakidetzan

Pradalesen egitekoak Osakidetzan –

Pradalesen egitekoak Osakidetzan

Traumatologoarentzat txanda eskatu behar izan nuen anbulatorioan orain egun batzuk. “Beti mediku euskalduna eskatzen det”. “Hemendik ezin dizut eman, hemendik ‘tokatzen dena’, eta gero ikusi euskaraz badakien edo ez”. “Baina nik aspaldi daukat izena emanda euskarazko arreta jasotzeko”. “Bai, baina…”. “Suertea izan duzu irailean txanda, ze 6 hilabete eta gehiagorako ari gara ematen”. Baina irailean badira 6 hilabete. ‘Pazienteak eta Erabiltzaileak Atenditzeko Zerbitzura’ deitu dut telefonoz. 15 minutu eduki naute zain, eta bitartean hiru aldiz moztu didate deia, nahiz eta lautan eskatu nik ez mozteko. Hartu nautenean, atsegin. Kontatu diot bestaldekoari nola nahi dudan euskarazko hitzordua, eta atsegin erantzun dit eskaera hori emailez idatziz egin behar dudala zerbitzura. Nik, ezin ote zuten oraindik zailago jarri, eta nik aspaldi dudala izena emanda euskarazko arreta jasotzeko, ez ote lukeen horrek automatikoa izan beharko. “Bai, hala beharko luke, baina protokoloa aldatu dute, eta orain idatzi behar da…”. Idatzi dut. Deitu didate: “Txanda aldatzeko eskatu duzu…”. “Ez…, nik euskarazko arreta eskatu dut.” “Txanda berria emango dizut…”. Orain abendurako eman didate. 6 hilabete ez, 9. Izorrai! Nire idatzizko eskaeran galdetu diet ea ‘espainolez artatua izan dadin eskatu nahi duenari ere protokolo hori guztia eskatzen dioten’ eta ‘mesedez nire kexa pasatzeko dagokionari’. Mediku ona ala euskalduna? Mediku ona eta euskalduna? Zailago jartzerik bai? Osakidetza? Sagardui? Pradales?

OHARRA: Ez nuen asmorik idatzitxo hau ZuZeu honetan argitaratzeko. Apirilaren 2an bidali nuen Berriara Zuzendariari-edo atalean argitaratu nahi bazezaketen. Artean hau argitaratu gabe, atzo beste idatzitxo bat egin nuen, eta Zuzen argitaratzeaz gain, Berriara ere bidali. Bertatik ohartarazi zidaten ‘saiatzen direla egile baten artikuluak asko jota hilean behin argitaratzen’, eta ‘lehenestea erabaki dutela’ gaur Berrian argitaraturiko hori (atzo ZuZeun). Hala, hemen erabaki dut hau argitaratzea oraingoz.

Eta EAJ-EHBildu gobernu bat? Edo EAJ-EHBildu-PSE hirukoa?

Pradalesen egitekoak Osakidetzan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude