Joseba Barandiaran, ekonomialari, euskaltzale eta bertsozale
Joseba Barandiaran, ekonomialari, euskaltzale eta bertsozale –
Ekonomia gairen bat pil-pilean dagoenean, euskarazko telebista, irrati eta prentsak ekonomialari aditu baten iritzia jaso nahi duenean, Joseba Barandiaran Andueza (Legazpi, 1973) izaten da aukera ohikoetakoa. Euskal Herri mailan, erreferentziazko ekonomialaria dela esan genezake.
Berarengana jotzen dute krisi ekonomiko bat dagoenean, enpresa arloko gatazka edo albiste deigarriren bat gertatzen denean. Hori dela eta, HABEko azterketetan 3 aldiz entzun ditut Joseba Barandiaranen hitzak elkarrizketen bidez. Gurean, gaur, elkarrizketa pertsonal eta intimoenarekin ausartu nahi duen ikusiko dugu. Berak hikaz erantzungo zuela proposatu zuen, eta nik primeran iruditzen zaidala erantzun nion; horrela jatorrago, gertuago eta originalagoa izango baitzen. Ni ere saiatuko naiz, baina agian hanka sartuko “diat”, ni ez bainaiz bera bezalako “hikalakaria”.
- Beraz, Joseba, zergatik hots egiten diate hiri hedabideek?
1996an Jaime Otamendik deitu nindian lehen aldiz Euskadi Irratirako. Ordutik, ohituraz edo, beste makina batek deitu izan zidak. Zergatik? Euskaragatik dela pentsatzen diat; edertasunagatik izango denik ez nikek esango, kar, kar…
- Zein izan da hire lan ibilbidea?
20 urtetik gora bankan jarduna nauk, BBVn hasita. Seihileko bat Mondragon Unibertsitatean ere egin nian eta, azke pare bat urtean, Laboral Kutxan nabilek. Inoizko gustuen, egia esan.
- Zein da hire harremana bertsolaritzarekin?
Zalea nauk, eta bertsolari kaxkar samarra ere bai, guztia esatera. Bapatekotasunak sorgindutako bat gehiago nauk, finean eta beste asko baino lotsa gutxiagokoa, ziurrenik.
- Bilbon bizi haizelarik, Athleticzale haiz?
Aurretik ere baninduan. Baina futbolzale baino, horixe nauk, bai, athleticzale.
- Ekonomia sailburu edo zinegotzi izatea eskatuko baliate, kargua onartuko henduke?
Nork eta zertarako eskatzen dian ikusi behar, ala? Kargua ez litzatekek helburua, izatekotan, tresna.
- 3 alaba dituzu eta emaztea. Etxean, denak neskak hi izan ezik. Nola moldatzen zarete?
Neu gaizki ez. eurei eurena galdetu behar…
- Betidanik nahi izan duk seme-alabak eduki eta 3 eduki?
Kopuru zehatzik ez diat buruan izan, baina familia ugari bateko seme gazteena nauk eta ez nian gaizki ikusten aukera hori.
- Euskaltzale porrokatua zara, baina Bilbo erdaldunean bizi zara duela hainbat urte (zenbat?). Nolako esperientziak bizi izan dituzu? Bitxikeriaren bat konta diezaiekek zuzeu.eus-eko irakurleei?
26 bat urte badira Bilbon bizi naizela. Gaur den baino erdaldunagoa ezagutu diagu Bilbo, baina stress linguistikoa eragiten dik, hortan ez zagok zalantzarik. Abusuko kiroldegiko aldagelan ian nian bitxikeria polit bat: Jatorri magrebiarreko Abusu Ikastolako mutiko euskadun bati ordua galdetu nioan eta, hark, ordularirik ezean, jaiotzez euskal herritarra zen heldu bati luzatu zioan galdera bera, gazteleraz. Helduak, haren begitara atzerritarra huan hark nirekin euskaraz egiten zuela ikusita, lotsatuta edo, “zazpi eta laurden” moduko erantzun trakets bat bota zioan, halamoduzko euskaraz. Harritu ninduan eta, era berean, poztu. Argi zagok euskara dela euskaldun egiten gaituena. Eta euskara bazter samarrean utzita bizi den euskal herritar hark argi ikusi zian nor huan, egoera hartan, kanpotar…
- Saltsa askotan konprometitua izan zara eta izaten zara (ikastola, Korrika, bertsolaritza, euskalgintza…). Hori dela eta azken Korrikan lekukoa eraman zenuen zure ibilbidearen aitortza bezala. Zein beste sari edo aitortza jaso duzu? Zein gustatuko litzaizuke jasotzea?
Abusu Ikastolako Errektore Kontseiluan urte batzuk egin ditiat eta ez denak gozoak. Ohore eta poz handiz hartu nian Korrikako lekukoa eroateko deia. Beste askok ere merezi zian hori baina, norberaz gogoratzea, eskertzekoa duk. Sari gutxi jaso ditiat bizitzan, ez nabilek sari ehizan; baina 2009ko irratigintako Argia Saria ez diat saltzeko, ez horixe. Finantza krisiaren harira euskaraz informatzea lan gustagarria izan nian oso, berri txarrak izanik ere.
Ederto, mila esker hire arretagatik eta denboragatik, Joseba. Kasu honetan “zu zeu” baino “hi heu” izan zara. Eta zuok, irakurleok, espero dut zuen interesekoa izatea solasaldi hau eta hurren arte!