Etorkizuna BRICSen eskutik dator

Etorkizuna BRICSen eskutik dator –

Sortzaileak

BRICS elkargune politiko-ekonomikoa da eta izena lehen bost estatu kideen izenen lehen hizkiekin osatutako akronimoa da. Sortzaileek -Brasil, Errusia, India eta Txinak- 2.009an sortu zuten taldea. Hurrengo urtean Hego Afrika elkartu zitzaien eta bostak izan ziren kide bakarrak 2023ra arte. Urte horretan sei kide berri onartu zuten eta 2024an hamaika kide izan ziren, Milei Argentinako presidente berriak bertatik ateratzea erabaki zuen arte. Bost fundatzaileei batu zaizkien bost berriak Egipto, Arabiar Emirerri Batuak, Etiopia, Iran eta Saudi Arabia dira.

Etorkizuna BRICSen eskutik dator

Kide berrien indarguneak

Zergatik hautatu dituzte bost hauek? Saudi Arabia, Egipto eta Emirerriek ziurtatzen dituzte Europa, Asia eta Afrikaren arteko merkataritzarako komunikazio egokienak. Saudi Arabia munduko bigarren petrolio ekoizlea da eta armada indartsua osatu berri du. Hortaz gain, garrantzi politiko handia du orain gutxi arte estatubatuarren aliatuak izan direla. Funts subirano garrantzitsua dauka eta dirutza handia jar lezake BRICSen bankuan garapenerako proiektutan inbertitzeko. Arabiar Emirerri Batuak gas eta petrolio ekoizle handiak dira eta Ormuzko Itsasartea kontrolatzen dute. Hauek ere AEBen lagunak izan dira duela gutxi arte. Iranek munduko bigarren gas erreserba handienak dauzka eta petrolio ekoizle handia da. Txina eta Errusiarekin harreman estuak ditu. Armada bizkorra dauka eta Ekialde Hurbileko liderra da. Persiako Golkoa eta Ormuzko Itsasartea kontrolatzen ditu. Egipto AEBekin eta Erresuma Batuarekin oso ongi moldatzetik bizkarra ematera igaro da. Txina eta Errusiarekin ongi moldatzen da eta Afrikako Iparraldeko herrialde indartsuena da. 110 milioi biztanle ditu. Suezko Kanala kontrolatzen du. Gas eta petrolio ekoizlea da, aurrean aipaturikoak baino kopuru txikiagoan bada ere. Etiopia erritmo bizian ari zen handitzen, baina barne gatazkak medio hazkundea gelditu egin zaio. 120 milioi biztanle ditu. Gas eta petrolioa baino nekazaritzak gehiago ematen du.

Laburbilduz, bost kide berriak aukeratzerakoan puntu hauei erreparatu dietela esan liteke:
1. Kide berriak beren eremuetan lider bizkorrak dira eta eragiteko ahalmen handikoak.
2. Ia denak populazio handikoak dira.
3. Nazioarteko merkataritza ziurtatuko dien puntu estrategikoen kontrola beren esku duten kideak dira.
4. Energia ekoizle handiak dira, gas eta petrolioarena gehienbat.

Suspertzen ari diren herrialdeen elkargunea

Lehen urteetan erakundearen helburuak bakarrik ekonomikoak izan ziren, garapenari lotuak. Gaur egun, lehentasuna azpiegiturak sendotzeko eta ekoizpen-ahalmena handitzeko proiektu ekonomikoen sustapenean mantentzen badu ere, munduko gertakizunek helburu geopolitikoei ere garrantzi handia ematera eraman du taldea. Lehen Ipar Koreari, Kubari, Yemeni, Venezuelari, Irani… eta azken aldian Errusiari AEBek ezarri dizkieten zigorrek mesfidantza handia zabaldu dute mundu osoan eta kontinente guztietako herrialde asko elkargune honetara hurbiltzea eragin dute. Dagoeneko beste 23 herrialdek eskatua dute sarrera kolektibo honetan. Horietako batzuk: Aljeria, Bahrain, Bangladesh, Bielorrusia, Bolivia, Kuba, Honduras, Indonesia, Kazakhstan, Kuwait, Nigeria, Nikaragua, Pakistan, Palestina, Senegal, Thailandia, Venezuela, Vietnam…

Izen zerrendak erakusten duen bezala, BRICS erakundea egun Hego Globala edo Gehiengo Globala deitua den garatze bidean diren herrialde multzoarentzat erreferente nagusia bihurtu da. Denek komunean dute Txina edota Errusiaren lagunak izatea edo, bestela, AEBen etsai edo oso mesfidati izatea. Kolektibo honek ateak zabalik ditu eta munduko herrialde gehienak izan daitezke kide, lehenago edo beranduago. Aurrez aurre ditu neoliberalismoan murgilduta dauden G7ko kideak eta beren aliatuak: AEB, Kanada, Japonia, Erresuma Batua, Frantzia, Alemania, Italia, Hego Korea, Australia, Zeelanda Berria… eta Europako Batasuna.

“Desdolarizazioa”

AEBen diziplinatik aparte jardun ahal izateko, Garapenerako Banku Berria izeneko bankua sortu dute, Munduko Bankuarekin eta Nazioarteko Moneta Funtsarekin lehiatzeko asmoz. Bide beretik, beren merkataritza harremanetarako dolarra baztertzea erabaki dute eta, moneta propioa sortzen duten bitartean -epe ertainean-, beren moneta propioak baliatuko dituzte, yuana, errubloa eta errupia bereziki. “Desdolarizazio” izenez ezagutzen den prozesu honen bitartez AEBei beren hegemonia inposatzeko tresnetako bat ahultzen ari zaizkie, herrialde askori zigorrak jartzeko bidea itxita geratzen zaielako. Errusia estatu hauentzat eredu bihurtu da, azken bi urteotan sekulan estatu bati jarri zaizkion zigorrik gogorrenei aurre egin behar izan dien arren, bere ekonomiak mundu osoan hazkunde handienetakoa izan baitu.

Azken hamarkadetan ezagutu dugun munduko ordena aldatzen ari da, mundu polobakarretik mundu multipolarrera igarotzen ari gara. AEBen eta G7ren hegemonia amaitzen ari da. Datu ekonomiko garrantzitsu bat: erosteko ahalmenaren parekotasunari erreparatuta, une honetan BRICSen BPG handiagoa da G7rena baino eta hurrengo urteetan tartea handituz joanen da BRICSen aldera. Nazioarteko Moneta-Funtsaren arabera, 2028rako BRICSen BPG %38,5era iristea espero da eta G7rena %27,7ra jaistea. Zenbaki hauen garrantzia ulertzeko, aski da oroitzea 1975ean G7ren BPG %70 zela eta BRICSeko kideena %10.

 

Informazio iturriak:
https://youtu.be/1gs9pJPUhoQ?si=LptPEVA750_-0y0l
https://youtu.be/ZvFp4quK3PQ?si=tSWjzyiiO1v2jMbH
https://youtu.be/_tlgKvIO4Yg?si=XI3dEI_FSG50m4jn
https://youtu.be/RkPhuY5M5Bo?si=cT2VJp1PN3Nzaa1f
https://youtu.be/3276UCRfUgI?si=p6_-VWxGcO9CPkTV
https://youtu.be/6Dxi_vdmQfI?si=Vkd4TR6eNMvUZQ0R
https://youtu.be/rTrbEnWJClw?si=J-9PpXWHwFkxM-sR

Etorkizuna BRICSen eskutik dator  Etorkizuna BRICSen eskutik dator  Etorkizuna BRICSen eskutik dator

Irakasle erretiratua. Nafarroa Garaia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude