Zer gara gu?

Zer gara gu? –

Herria, nazioa eta gizartea ez dira gauza bera.
Hizkuntza, kultura, historia, ohiturak… partekatzen dituen herritarren multzoa litzateke herria.
Herri horren antolamendu politikoa, edo politikoki antolatzeko proiektua partekatzen dutenen erkidegoa dateke nazioa.
Gizartea, zuzenean edo zeharka lur eremu jakin batean elkarreragin iraunkorrean diharduen gizabanakoen multzoa, normalean egitura politiko jakin baten menpe, baina herri edo nazio ezberdinak bil ditzakeena bere baitan. Euskal Herriko gizarteak, edo gizarteek (egun nekez esan dezakegu mugaz bi aldeetako gizataldeek gizarte bakar bat osatzen dutela), adibidez, nazio ezberdinak biltzen dituzte bere baitan: euskal nazioa, espainiarra eta frantsesa, gutxienez.

Zer gara gu?
1.go KORRIKA

“Euskal Herria” adiera, abertzaletasuna sortu baino mendeak lehenagokoa da, eta kultur ezaugarri jakinak gutxi-asko partekatzen dituen lurralde jakin bati egiten dio men, muga politiko-administratiboak zein ziren edo diren ere.
1571koa da Euskal Herria adieraren gorde den lehen testigantza idatzia, Joanes Leizarraga idazle lapurtarraren eskutik, honako pasartean besteren artean: “Heuscal-herrian gaztetassunaren iracasteco carguä dutenér eta goitico guciér, I. Leiçarraga Berascoizcoac”
Garai bertsukoa da Perez de Lazarraga arabarraren aipu hau ere: “çeñetan ditut eçautu eusquel erriau oy nola eben erregue batec pobladu”, besteak beste.
Hara non, XVI. mendean, lapurtarra bata, arabarra bestea, Euskal Herriaz mintzo biak ala biak… Eta XVII. mendean, Pedro de Axular nafarrak pasarte ezagun hau utzi zigun: “Ceren anhitz moldez eta differentqui minçatcen baitira euscal herrian, Naffarroa garayan, Naffarroa beherean, Çuberoan, Lappurdin, Bizcayan, Guipuzcoan, Alaba-herrian eta bertce anhitz leccutan”. Euskal Herria zer zen hizki handiagoz idatz zezakeen akaso, baina argiago nekez.
Larramendi gipuzkoarrak 1745ean, “Al Bascongado generalmente llamamos Euscalduna, y a todos los paises en que se habla el Bascuence, Euscalerria.”. Eta horrela jarrai genezake, aiputik aipura gaurdaino.

Lehen “abertzalearen” arrastorik ere ez zen artean
Axularrek euskara Euskal Herriaren eremu osoan kokatu zuen, eta Larramendik argi eta garbi lotzen ditu euskara eta euskalduna, euskara eta Euskal Herria, beraz, ematen du ez dugula ezer asmatu XX. mendetik aurrerako abertzale kuitaduok, askoz lehenagotik zetorrela bien arteko loturaren ideia. Horrenbestez, guztiz zuzena dirudi Euskal Herriari “euskararen herria” deitzea, nire uste apalean, Euskal Herrian hainbat hizkuntza hitzegiten badira ere. Beti izan baita horrela, guk dakigun arte (inguruko herrialdeetan bezalaxe, esan gabe doa), euskaraz gain, latina, erromantzeak, gaskoiera, gaztelera eta frantsesa gero… hedapen handiko hizkuntzak izan dira Euskal Herrian, okupazio militarra tarteko gehienetan. Baina oraintsura arte, beste hizkuntza horiek etorri bezala gerora desagertu diren bitartean, Euskal Herrian euskara beti hitz eginda, gero eta eremu txikiagoan bada ere, gaurdaino.
Euskara da Euskal Herriko jatorrizko eta berezko hizkuntza, ez abertzaleok hori erabaki dugulako, mendeak eta mendeak aurretik ere, dakigun arte horrela izan delako baizik.

Espainiera eta frantsesa Euskal Herriko hizkuntzak dira?
Eta Euskal Herriko hizkuntzak badira, zergatik inposatu dizkigute armen, legeen, erbesteratze masiboen eta okupazio bitartez?
Espainiak, Frantziak eta euren sukurtsal eta ordezkariek euskara ordezkatzeko erabiltzen dituzten gaztelera eta frantsesa… “gureak” dira?
Euskal Herri osoan, zenbat eta ekialderago okerrago, gure hizkuntzan jarduteko eskubidea urratzen eta zapaltzen dutelarik, indarrez inposatutako gaztelera eta frantsesa “gureak” dira?
Gutako askoren gurasoek, aiton-amonek eta horien aurrekoek bortxaz, zigorpean, seinalatuta eta jazarrita ikasi behar izan zituzten Estatu zapaltzaileen hizkuntzak “gureak” dira?
Oso guretasun bitxia iruditzen zait.
Ez da izango menpekotasunari “irekitasun” eta “pluraltasun” deitzen hasi zaizkiola gure arteko batzuk ere?

Zer gara gu?

Oinezkoa

9 pentsamendu “Zer gara gu?”-ri buruz

  • Ba orduan EH ez da 7/(6) probintzietako eskualde guztien batura.

    Laguardia, Berantevilla, Lodosa eta Elvillar non erdaraz bizi diren, baita EH izena erabiltzen hasi ziren garaian baino lehen, ez lirateke EH izango.

  • Eskualde? Probintziak? Euzkadi? Analfabetoa behar da gero! Geronen tradizioari badarraikiogu,

  • Espainia eta Frantzia euskararen ordezkapen prozesua burutzetik gertu daudenean, Iparraldean eta Nafarroan bereziki, alderdi abertzaleetako agintariak horrelako ergelkeriekin irtetea oso larria da, eta ezin tristeagoa.
    Ez dugu epaile, alderdi eta sindikatu euskarafoboen beharrik. Jende ustez abertzale hauek zulora eramango gaituzte, jakintsu plantak eginez gainera.

  • Lemazain abertzaleen hurrengo geltokia:
    “Guardia Zibila ere Euskal Herrikoa da”.

  • Euskal Herria, 7 probintziak euskararen inguruan osatutako errealitate moduan, gaur egun ez da existitzen, hori hala da.

    Erabilera:
    https://www.argia.eus/argia/fitx/irudiak/86014mapa7-ojyi_content.png

    Ezagutza:
    https://i.imgur.com/RFoafdy.png

    Ulermena:
    https://i.imgur.com/kHTfjM7.png

    Eskualde batzuetan (Enkarterriak, Arabako Errioxa, Tuteraldean…) mendeak daramatzate erdaraz hitz egiten -Espainia bera osatu baino lehen- eta hori da haien izaeraren parte. Hori ukatzea bazterkeria hutsa da.

    Frantsesa, Parisko mintzaira, atzerriko hizkuntza da. Gaskoia izan baitzen Europa kontinentaleko euskal lurretan garatu zen hizkuntza latindarra.

    Nafarroako Erresumaren aginpean toponimia erromantzea duten herri ugari sortu ziren Ebro Haranean, hango jendeak hizkuntza erromantzea hitz egiten zuelako.

  • Benat Castorene 2024-04-06 11:08

    Kaixo eta milesker Juanjo
    Hitzak definitzeko zure ahalegina gustatzen zait. Horretaz baliatuko naiz ikusten dudan iparraldeko panorama deskribatzeko.
    Herria definitzen duzu ezaugarri garrantzitsu komun batzuk giza kolektibitate bat bezala. Beraz orain Iparraldean herria da biziki tipi, ahuldu eta barreiatua frantses lurralde administratibo batean. Pertsona kopuru bat emaitekotan, biziki zaila egiten zait, zein exigentzia mailarekin hartzen dituzun ezaugarri horiek. irrisku guti hartzeko, nik erranen nuke hamar mila eta berrogei mila artean, hor nunbait.
    Zuk irudikatzen duzun euskal nazio erkidegoari dagokionez, nik erranen nuke hemen ez dela existitzen nun onartzen duzun berrogeita hamar bat kasko pelatuk osa dezakegun nazio bat.
    Beste guziek, abertzaleak buru, oraiko antolamendu politiko administratibo frantsesean kolaboratzen dugu naturaltasun osoz. Ezin dugu Frantziaz kanpoko proiekturik irudikatzen ahal eta.
    Bukatzeko erran nezake kanpotarren inbasioagatik, gure demografia eta ekonomia nigargarriengatik eta azkenean frantses estatuarekiko gure kolaborazio masiboa gatik ez dugu gehiago euskal lurralde propiorik exigitzen ahal. Indarrak eta batez ere kopuruak garaitzen gaituzte. Baina gure ameskeriek ere min egin digute. Orain bizirauteko beste bide bat asmatu beharko ala akabo Iparraldea!

  • Eskerrik asko, Beñat. Oso iritzi interesgarria zurea, ohi bezala.

  • Benat Castorene 2024-04-06 20:25

    Interesgarria ene iritzia? Espero dut egia dela. Baina lasai badakit ez dagokizula zuri Juanjo hori erraitea ene herritarrei baizik.
    Adeitasunez

  • Mikel Haranburu 2024-04-12 12:49

    Agertzen den argazkia ez da lehenengo korrikakoa, laugarrenekoa baizik. 2 080 km egin eta gero Iruñean bukatu baitzen.
    Ez da garrantzizkoa datua, badakit ongi, baina ekartzen dit gogora beste kontu bat: hots, kilometro andana egina dugu (ez dut biderkatuko zuzen, baina honez gero…), 48 000 kilometro inguru, planetari itzulia eta laurden, baina hala ere hizkuntza dela eta ezer gutxi aurreratu dugu… nahiz eta umeak oro eraman ohi ditugun sarri ospakizunetara…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude