Martxoak 29
Martxoak 29 –
Sautrela desagertu zenetik, gero eta gehiagotan TV3eko Més 324 ikusten dut. Ez, bistan dena, saio osoa, aldian idazle bati egiten zaion hogei bat minutuko elkarrizketa baizik. Artefaktua ere ikusten dut, baina erranen nuke Més 324k hartu duela hondar denboraldian Beñat Sarasolak –rameganteki– aurkeztu zuen saioaren toki sentimentala. Ez toki berbera, dena aldatu baita aspalditik, deus ez baita berdin. Sautrela bezala, TV3ekoa afekzio gune bat da –laketoki bat, Donibane Lohizuneko liburu-denda baten izena erabiltze aldera–, literatura katalanari diodan estimua –gero eta handiagoa– sendotzeko balio didana eta, aldi berean, zenbait lagunekin –Euskal Herrian sortu baina herrialde katalanekin bizi denarekin, herrialde katalanetan sortu baina Euskal Herrian bizi denarekin– solasean aritzeko balio didana, ez baita adiskideak atzentzea komeni. Baina Sautrela ez bezala, TV3ekoa desafekzio baten ondorio ere bada. “Herrialde bat behar da, alde egiteko besterik ez bada” zioen Natalia Ginzburgek, Aritz Galarragak zutabe batean gogorarazi bezala. Nik bi behar ditut: nondik eta nora alde egiteko.
Nolanahi den ere, kontua da gustura ikusi ditudala hainbat idazle beren lanak aurkezten Més 324 saio horretan: Sergi Pàmies –baina ikusi orduko, erosia eta irakurria nuen haren liburua–, Núria Cadenes –zeinak berretsi baitzidan Erromako kontuekin dabilen jendeak sortzen zidan lilura: berehala deskargatu nuen haren Tiberi ebookera–, Melcior Comes, Laura Gost, Carlota Gurt, Ramon Mas, Sebastià Perelló, Irene Pujadas –Pàmies kenduta, hark baitu toki gorena nire bihotzean, hurrenkera alfabetikoan zerrendatu ditut gainerakoak, inor kexatu ez dadin–. Ikusiaren ikusiz, Xavier Graset aurkezlearen zale ere bihurtu naiz; atsegin dut haren estiloa, gonbidatuari mintzatzera uzteko daukan manera dotorea. Gaurgero irakurleren batek esperoko duenaren kontra, ez dut Grasetek aspaldi honetan izan duen elkarrizketa famatuena –oihartzuna Euskal Herriraino ailegatu baitzen– aipatzeko asmorik. Horren ordez, 2023an Daniel Vázquez Sallési egin ziona ekarriko dut solasera. Daniel Vázquez Sallés –Vázquez hori Manuel Vázquez Montalbánengandik jaso zuen– El príncep i la mort aurkeztera joan zen; liburuan, sortzetik bi eritasun arraro izan zituen eta hamar urte zituelarik hil zitzaion semeaz mintzatzen da egilea. Elkarrizketaren une batean, Grasetek ez du aitzinat egiten ahal; boza hautsi zaio, eta, hunkiturik, negargalearen kontra ari da borrokan, esku arteko txartelean idatzia duen aipua irakurtzeko eginahaletan. Ni ere berarekin batera hunkitu nintzen.
Més 324ko elkarrizketek bulkatu naute, behin baino gehiagotan, solasagai izan duten liburua erostera. El príncep i la mort, berriz, sekulan irakurriko ez ditudan liburuen zerrenda jakin bat gizentzera etorri da: han daude, erraterako, Camille Laurens-en Philippe edo Philippe Forest-en Tous les enfants sauf un. Izenburua James Barrie-ren Peter Pan nobelari ebatsi zion Forestek, honela dio-eta Barrierenaren lehen lerroak: haur guziak handitzen dira, bat izan ezik; idazle frantsesak, ordea, bertze zentzu bat eman zion. Gurea bai handitu da, baina erran dezagun, T. S. Eliot parafraseatuz, garai batean morroi eternalak berokitik hartu eta irribarre maltzurra egin zidala, eta nik beldurra sentitu nuela. Hortik heldu zait gai jakin baten gaineko liburuak baztertzeko tema. Ez, ordea, Vázquez Vallésekin edo Grasetekin enpatizatzeko jaidura. Hori lehenagotik heldu zait, enpatia etxetik ekarria bainuen: gurasoek ez zidaten aipatzea mereziko lukeen ondare politikorik transmititu, baina bai izan zuten astia oinarrizko gauza pare irakasteko. Dezentziaz ari naiz. Naski klase ertaineko balioa deituko lioke horri baten batek, mespretxuz deitu ere.
Vázquez Vallések dio semea zaindu beharrak lagundu ziola zenbait adikzio gibelean uzten eta bizitzari bertze manera batez begiratzen. Ez dakit –jakiteko, liburua irakurri beharko nuke– paradoxikoa edo mingarria gertatzen ote zaion sintagma berean “semearen eritasuna” eta “esker” juntatzea. Nik neronek maiz pentsatu dut gurearen eritasunari esker –idaztea bera ere arraroa da– ez naizela izan izan nintekeen bezain aita kaskarra. Badut, nolanahi den ere, garai hartan behingoz egon behar nuen tokian egon nintzelako segurtasuna. Eta hori inportantea da. Inportantea da, batez ere, beti dudatan ibiltzen garenondako, argi dugunondako bizitzan behin baino gehiagotan harka sartu dugula. Ez da inportantea, imajinatzen dut, gauza guzietan beti arrazoi izaten dutenendako. Ezta, pentsatzen dut, betiereko guaitasunean bizi direnendako ere. Ezta erortzen badira ere ez dakit gorantz baina beti ideologiaren alde eguzkitsuan erortzen direnendako ere. Dena doan ateratzen zaienendako.
Niretako euskarri da, helduleku da jakitea noizbait behar zen tokian egon naizela, gostatu zena gosta. Semearen hartako hura izan zen bat, baina ez da bakarra izan. Gutienez bertze behin behar zen tokian egon nintzen, gostatzen zena gosta. Martxoaren 29an, ni ez nintzen poztu, eta geroago ez nien zuzenki edo zeharka txalorik egin poztu zirenei. Horregatik da hain inportantea Més 324 bezalako saio bat eskuar izateko. Hain zuzen ere, hara alde egin ahal izateko, kiratsa jasanezin bihurtzen delarik.
Kontsolamendu pixar bat ematen dit badirela beste batzuk beste herrialdetako kulturan oasiak bilatzen dituztenak ikusteak.
Inbidia ariketa osasungarria izan daiteke.