Hierarkia

Hierarkia –

Aspaldi honetan gertatzen ari diren euskararen kontrako erasoen harira, elkarrizketa egin dio Zuriñe Rodriguezek Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiari El Salto aldizkarian. “Eskisabelek euskaraz erantzun die gure galdemoduei, gaztelaniaz argitaratzen den elkarrizketa honetan”, gaztigatu digute testuaren hasmentan.

Solasaldiaren edukiaz ez dut gauza handirik errateko; ez, behinik behin, orain eta hemen. Berarekin ados egon ala ez, mamitsua eta ongi hausnartua izaten da beti Eskisabelek erraten duena. Elkarrizketaren alde linguistikoari erreparatu nahi nioke.

Testua luzea bada ere, aitzakiarik gabea da hizkuntzaren aldetik. Hatxeak bere tokian daude, p eta b letren aitzinean m heldu da, eta solas proparoxitonoek behar den tokian daramate azentu-marka. Elkarrizketaren propaganda egiteko, txio bat idatzi du Rodriguezek, euskaraz: “Euskaldunen artean jerarkiak daude. Estrategiak findu behar ditugu eta sujetuaren inguruan hausnartu”. Elkarrizketaren aldean txioa aski motza izanda ere, hortxe daude: jerarkia eta sujetua. Horrela. Biak gaizki idatziak. Eta agian Rodriguezek ez du zertan jakin nola idatzi behar diren –baina susmoa dut bere ikerketa-eremuan behin baino gehiagotan erabiltzen dituen solasak direla–, baina bi minutuko lana eskatzen du hiztegian begiratzeak. Baldin eta, bistan dena, nola idazten diren inporta bazaizu.

Zeren irudipena baitut euskaldunen artean ez ezik, hizkuntzen artean ere badirela hierarkiak: egiazko hizkuntzek –hala nola gaztelaniak– badituzte errespetatu beharreko arauak; bertzeak, berriz, hain egiazkoak ez direnak, sudurraren puntan jartzen zaigun bezala idazten ahal ditugu. Hain egiazko ez diren hizkuntza horietan, hizkuntza zenbat maite dugun aise inportanteagoa baita hizkuntza zenbat zaintzen dugun baino. Izan ere, azken bolada honetan ez dira guti euskarak bertze zerbaitetarako tresna izan behar duela diotenak. Hau eta bertze aldarrikatzeko tresna. Manifestazioetan leloak idaztekoa. Ideologiaren alde onean gaudela sentiaraziko digun tresna. Komunikatzeko, berriz diot, hizkuntza serioak baditugu.

Nolanahi ere, aitortu behar dut Rodriguezek arrazoia duela: euskaldunen artean ere badira hierarkiak. Badira euskara eguneroko komunikazio- eta lan-tresna dutenak eta, horregatik, aukeran nahiago luketenak tresna horrek ahalik eta hobekien funtzionatzea. Eta badira euskaran eguneroko tresna ez, baizik eta euskaran ez dakit zeren ikur ikusten dutenak; sare sozialetan txalo zaparrada espero dutenak, bart arratsean okin erdaldunari gabon erran diotelako edo Korrikak iraun bitartean izigarri hunkitu direlako.

Zenbait kontent biziko lirateke, euskara normalizatu gabe, klub alternatibo baten kideen ondasun esklusiboa balitz. Gehienez ere leloak, txioak eta erdipurdiko zutabeak idazteko tresna. Guaitasuna erakusteko bide. Zenbait ezin zoriontsuago izanen lirateke euskara unikornioen hizkuntza balitz, lau haizetara oihu eginen bailukete ezen, euskarari esker, inork baino hobeki ulertzen dutela berek unikornioen patu petrala. Horrek franko baldintzatzen du, jakina, hizkuntzekin dugun harremana. Gaztelaniaz txukun idatzi eta mintzatu behar da. Zilegi da, berriz, euskara lardaskatzea. Nik, halere, nonbait aditu dudan lelo bat erabiltze aldera, nahiago nuke batzuek euskara gutiago maitatuko eta hobeki erabiliko balute. 

Hierarkia

Hierarkia

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

14 pentsamendu “Hierarkia”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2024-03-26 12:14

    Euskal hiztegietan ez da unikorniorik, adarbakarrak baizik.

    Pneumatiko, krokodilo, orkestra, hierarkia, subjektu/objektu eta holakoak ez ote ziren izan, duela mende erdi edo, grafia etimologikoaren alde suharki zihardutenei egindako kontzesio txiki bat, gaur egun diziplina leninistaz eta erresignazio kristauaz obeditu behar duguna. Alegia, frantsesez bezala Psychologia ez, hori gehiegi bailitzateke, baina bo, psikologia idazten dugunez gero, pneumatiko bai…

    Orain serio: niri ere axolagabekeria honen atzean zeozer txarra dagoela iruditzen zait. Baina gehiago esango nuke honen hondoan dagoena batez ere halako “populismoa” dela (Mitxelenak leporatzen zien idazle batzuei), bestela esanda, antiintelektualismoa. Alegia, marimaistra tankera hartzen badizute, gero errekreoan bokadilloa lapurtu eta garondoan zapetekoak emanen dizkizuten beldur izatea, edo zer dakit nik.

  • Euskarari egindako errespetu falta ikaragarria da.

    Arduratzen nauena da ustezko euskaltzaleen zabarkeria, nahita egindakoa, oso zabaldua dagoela. Erdaraz inoiz ere “uebo” idatziko ez luketenak barra-barra “aiatu” (=ailegatu) idazten. Eta, bai, zeozer esanez gero, pedante zurruna zara. Noski, laneko mezu serioetan ere lagunarteko whatsapetan mezala “biyar aiatukoala esateit” modukoak idazten dituztenak defendatuko dute berena euskara naturala eta bizia dela, baina SEKULA ERE ez lukete idatziko erregistro formal horretan “m’a dicho que te yebara unos webos”. Jakina, gaztelania erregistro formaletan ERE bizia delako haientzat.

    Total, euskara bizia zer da batzuentzat: euskara formala ikasteko gogorik ezak eratzen duen muga gure hizkuntzaren muga naturaltzat hartzea. Eta ez, muga haiena da. Gure hizkuntza besteen mailan jartzen ez duen muga diskriminatzailea.

  • Ados nago hemen esandakoekin eta erakusten duten kezkekin. Horregatik, ez dakit Joseba Sarrionandiaren adierazpen hau (joan den igandeko BERRIAko elkarrizketan) ez dudan ondo ulertzen ala, besterik gabe, desegokia iruditzen zaidan:

    “Euskaldunok pasa dugu hainbat mende araurik gabe; azkenean, hizkuntza arautu bat lortu genuen 70eko hamarkadan, eta harrezkero arauari oso lotuta gabiltza. Euskara hizkuntza eskolarra bihurtu da, eta korrekzio bila gabiltza, gehienbat, gramatikan, literaturan eta politikan. Markatuta gaudelako. Eta korrekzio bilaketa horretan, abandonatu dugu parte inkorrektoa eta parte ludikoa ere bai.”.

    Uste dut hori esan eta gero komeni dela bi ludikotasun mota bereiztea: ludikotasun alfabetatua eta ludikotasun analfabetoa. Agian lehenengoari buruz ari da Sarrionandia, eta hor ados egion naiteke, baina beldur naiz bigarrena praktikatzen dutenek ez dutela horrela ulertuko.

  • Pruden Gartzia 2024-03-26 18:33

    Santiren testua irakurri dudanean lehen erreakzioa izan da biziki haserretzea eta madarikazio batzuk han hemenka sakabanatzea… utzi dut denboratxo bat pasatzen eta orain saiatuko naiz modu egoki batean azaltzen zergatik haserretu naizen.

    Hitz batean esanda, ez zait gustatu tonua, ez zait batere gustatu. Hori izan da nire inpresioa eta horregatik haserretu naiz.

    Ondoren, pentsatu dut Zuriñeren aldeko zerbait idaztea, ezagutzen ez dutenek haren jardunaz ideia zehatz bat egiteko, baina, batetik, haserre nengoen (eta haserre inoiz ez da idatzi behar) eta, bestetik, nik ez dut Zuriñe ezagutzen. Hau da dakidana (eta zerbait txarto esaten badut, zuzenduko naute): gasteiztarra da, kazetaria, feminista militantea eta euskaltzalea. Bai, euskaltzalea da zeren behin idatzi/irakurri nion nonbaiten (ahaztuta dut noiz eta non, zuzenduko naute oker banago) une konkreturen batean euskararen kontzientzia hartu zuela (ordura arte ez zion inoiz garrantzi handirik eman) eta ganoraz ikastea erabaki zuela, horretan ahalegin pertsonal bat sendo bat eginez.

    Eta orain dator biragunea: Zuriñe ez da Gipuzkoa/Bizkaia “sakoneko” euskaldun “jator” bat, bere jatorkeria frogatzeko (ezen ez erakusteko) trikimailu populisten bateria osoa darabiltzaten horietakoa, ez, Zuriñe euskaldun berri gasteiztarra bat da. Eta, nire begietan, Gasteizerako amesten dugun euskaldunaren ispilua: ahalegin pertsonal handi baten bitartez euskara ikastera eta osorik menperatzera ailegatu den pertsona bat. Horrelako asko ditugu, askoz ere gehiago behar ditugu oraindik.

    Eta hemen bigarren biragunea: ez zuen errespetu gehiagorik merezi?

    Baina, esango didazue, berdin dio, kazetaria da, profesional on baten moduan jokatu behar du kasu guztietan, berdin gasteiztar, azpeitiar edo ondarroarra izan (bide batez, zenbatek daki, gure artean, horrela erabaki duela Euskaltzaindiak, eta ez ondarrutarra?). Eta bai, egia da, ados horrekin, baina legeak abstraktuak badira ere, aplikazioa beti konkretua da, eta aplikazioa ezin da erresumindua, larderiatsua eta nagusikeriaz betea izan. Horrelakoa baita Santiren artikulua, nire begietan behintzat.

    Aste Santuan gaudenez, amai dezadan esanaz kristau-doktrina guztia puntu honetan laburbiltzen dela: mundu honetan ez dago justiziarik, ezinezkoa da egotea, egiten duzuna egiten duzula beti kaltetuko duzu norbait, modu bidegabean kaltetu ere. Adibidez, gurutzera eraman zuten hura solas desegoki batzuk egiteagatik tenpluko atarian.

    Eta orain metafora barik esanda: Santi, goitik behera erratu zara, Zuriñek ez du tratu hori merezi, eta funtsean arrazoi baduzu ere (kazetari profesionala da), tonuan ez duzu asmatu, eta ondorioz zure mezuak ez du bere helburua lortuko, alegia, gure hizkuntzaren ohoretan zerbait esatea.

    Hori baitzen helburua, ezta?

  • Leonek esan duenarekin ados egon zaitezke edo ez. Baina ez dut ikusten idatzi duena zertan den iraingarria. Eta ez zait eraso pertsonal bat iruditzen, ez doa pertsona zehatz baten aurka, oso zabalduta dagoen jarrera baten kritika da.
    Hain haserre egoteko motiboa, Pruden, ez da izango idatzi duena Santi Leone dela eta kritikatua “feminista militante” bat? Zaharrak berri.

  • Santi Leoné 2024-03-26 19:43

    Nire tonua, Pruden, ez zaizu gustatu. Zer eginen diogu, bada. Nik ere ez dut Zuriñe Rodriguez ezagutzen; Twitterren irakurri diodanaz aparte, deus guti dakit haren bizitzaz, baina Twitterren nola idazten duen ikusita, luze eta zabal mintzatzen ahalko litzateke erabiltzen duen tonuaz eta, gaia zein den, erakusten duen gurasokeriaz. Baina, tira, ez da hori kontua.

    Diozunez, Rodriguez ez da Gipuzkoa/Bizkaia sakonetik heldu, eta noizbait kontzientzia hartu eta euskara ganoraz ikastea erabaki zuen. Galdera da erabaki hori bete ote duen, edo uste ote duen erabakia hartzearekin aski lan egin duela. Konparazioa zilegi bazait, Joxemiel Bidador zena ere ez zen preseski Goierritik heldu, baina hark bai ganoraz ikasi zuen euskara. Eta, txalo egin geniazion egunero bere euskalduntze prozesua zeinen hunkingarria izan zen nabarmendu beharrean, euskara landuz eta zainduz erakutsi zuen hizkuntza maite zuela.

    Zuriñe Rodriguezek “euskara bastarta” aldarrikatu zuen duela urte batzuk (antza, bere gabeziak estaltzeko balio dioten teoriak asmatzeko gaitasuna badu). Ez dakit inoiz gaztelaniari aplikatzeko moduko antzeko kontzepturik aldarrikatu duen. Susmoa dut ezetz. Beraz, tonuan erratu banaiz ere, iduri luke nire teoria zuzena dela: Rodriguezen ikuspuntutik, bada hierkarkia bat, markatzen duena norainokoa den hizkuntza bakoitzari zor zaion errepestua.

    Zuriñe Rodriguezek prestigio iturritako dauka euskara ikasi izana, baina ez du bi solas hiztegian begiratzeko lanik hartu (kontua ez baita jakitea edo ez jakitea; kontua da ez jakiteaz harro agertzea, nahita euskara zabar idaztea). Hala eta guziz ere, ez du inolako problemarik gipuzkoarrez, arabarrez eta maria santisimaz pontifikatzeko.

    Iruñea ez da Gasteiztik hain diferente. Nik ere baditut euskara ganoraz ikasteko eginahal guziak egiten ari diren ikasleak, batzuk giro arrunt erdaldunetik heldu zaizkidanak. Eta gehienak Rodriguez baino aise harrokeria gutiagoz ari dira.

    Gauza batean nago ados zurekin: tonuan goitik behera erratu naiz. Gogorrago behar zuen.

  • Gabon, Zuhur! Neronek, egiaren aitortzeko, zuzenduko zintuzket, eta ederki zuzenduta utziko zintuzket, irmo eta tente, ez dakit gerritik gaizki ote zabiltzan, baina badakizu, euskaldunon artean, batez ere eskualde sakonekoen artean, elkartasuna da nagusi. Bai, amorrarazi egiten nau Nafarrak eta Lapurtarrak eta Zuberotarrak sakontzat ez jotzea, Joe, gu ere sakonak gara. Beno, oso esamolde español da hori. Geronena ez al da Espainia baino askoz ere modernoagoa, Araba alde batera utzita, noski.Bestalde, zerorrek idatzi dituzun baldarkeriek Zuriñerenak ttiki uzten dituzte.

  • Pruden Gartzia 2024-03-27 15:56

    Arratsalde on, Santi. Pozten nau ikusteak nire mezuak ez dizula erantzun zakarrik eragin, atzo idatzi ondoren beldur bainintzen lortuko nuen bakarra dela giroa nahastea. Alde horretatik, mila esker, iritzi berekoak ez izan arren, ez dugu zertan haserretu.

    Baina ez gara iritzi bereko, ez. Eta gakoa, bistan da, ez da Zuriñe Rodriguezez iritzi desberdina izatea, hori kontu pertsonal xamarra litzateke, puntuala, bigarren mailakoa. Jokoa honetan dago: zer egin behar dugu euskararen eta euskal kulturaren kaltetan gero eta zabalduago eta indartsuago dagoen sasi-populismoaren kontra? Nire ustez bi bide, orokorrean bi bide, eta horiek besterik ez daude une honetan: bata, Juan Luis Zabalak etengabe eta adore handiz aldeztu duena, hots, alfabetizazioa goratzea eta gure herrikide askoren analfabetismoa edo sasi-jatorkeria salatzea, baina adi, termino orokorretan egitea, geziaren punta inoren gainean (izen eta abizen) jarri gabe, edo nabarmenki egin gabe behintzat. Beste bidea, zurea (nire ustez), da salaketak gogortzea eta ardurak pertsonalizatzea beldurrik gabe, hori egiteko eskubidea izateaz gain, hori delako bide eraginkor bakarra. Ni bete-betean Juan Luisen bidearen alde nago, eta hori da zure eta nire artean dagoen ezberdintasun nagusia, nire ustez.

    Beste modu batean ere esan dezaket: gustatzen zaizkit zurea bezalako mezuak agintarien/boteretsuen kontra zuzenduta daudenean, ez ordea, hiritar soil eta botere berezirik gabekoen kontra dihardutenean. Garbi esanda, Gimeno kontseilariaren kontra horrelako bat irakurri eta barre galantak egingo nituzke, baina kazetari baten kontra… tira, hori beste kupel bateko ardoa litzateke. Esango didazu, haatik, badirela kazetariak eta kazetariak, eta batzuk ez dutela errespetu askorik merezi (hori begibistakoa da edonorentzat), baina horri erantzungo nizuke Zuriñe ez dela talde horretakoa, dituen iritziak dituela ere (eta inoiz ez dut aditzera eman nahi izan, inoiz, Zuriñeren iritziak konpatitzen ditudanik)

    Baina uste dut nire ikuspuntua garbi gelditu dela eta, zure baimenerekin, ez naiz eztabaida honetan tematuko. Irarkutzen digunak aterako ditu bere ondorioak, eta hortik aurrera, ziur nago guztiok saiatuko garela euskararen ohoretan lanean (askotan asmatuko ez badugu ere, hori ere guztiok).

    Ondo izan.

  • Santi Leoné 2024-03-27 18:47

    Ados, Pruden, ni ere ez naiz tematuko. Bi kontu ttiki, bertzerik ez.

    Lehendabizikoa: Juan Luisena da biderik egokiena, dudarik gabe, eta hori da, aukeran, nik neronek ere nahiago dudana. Ez nukeen izenik nabarmenduko, izen horrek bere burua jarrera jakin baten alde nahikotxo nabarmendu izan ez balu.

    Eta bigarrena, lehendabizkoarekin franko lotura handia duena: itsusia da, diozunez, gauzak horrela kazetari baten kontra pertsonalizatzea. Ados. Baina memoriak huts egiten ez badit, duela urte batzuk gauzak dezente pertsonalizatu ziren kazetari baten kontra, eta zenbaitek, bertzalde, irri galantak egin zituzten horren kontura. Memoriaren tiraderak pittin bat miatzea komenigarria izaten da, jendea inozente boteregabeen taldean sailkatu baino lehen.

    Ongi izan.

  • Barrikagane 2024-03-27 18:55

    … hori aberia, hori….! Oraintxe ez dakit zer egin: ..edo aluzinatu, …edo haluzinatu…

  • Santi Leoné, bikain! Ezin hobean definitu duzu Zuriñe eta nire ustetan ere motz geratu zara tonuan.

  • Bikain idatzita Santi, ezin hobeto deskribatu dituzu Zurine hau bezalako ustezko euskararen lagunak.

  • Oxandabaratz 2024-04-17 15:17

    Ni neu gertuago nago Leonerengandik Rodriguezengandik baino. Lehena historiagile zorrotza iruditzen zait (bi zentzuetan, zorrotza “xehea” izateagatik, eta zorrotza “ironikoa” izateagatik), eta esango nuke ez duela izan bigarrenak izan duen itzalik. Zergatik? Hau beste baterako, baina laburki esanda, euskal intelligentsiaren “kontsentsu ideologikoan” barna ez dagoelako (eta bigarrenaren merituan, hein batean, hori ziategatik direlako).

    Hala ere, testu honekin ezin naiteke ados izan. Ez ziat gauza bera iruditzen aldizkari baten idaztea, berrikuskatzaile batekin, edo TW bezalko toki “ez oso formalean” idaztea. Hor ere bda hierarkia, ziurrenik erdarazko testu hori euskarazko aldizkari baten idatzita balego eta euskarazko txio hori erdaraz, gauzak ezberdin lirateke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude