Hitz ezgauzaz-baigauzazkoak ez dira hitz burugabe hutsak

Hitz ezagauzaz-baigauzazkoak ez dira hitz burugabe hutsak –

Urtetan aurrera egin ahala, gauzak, ideiak edo dena delakoa aitortze aldera, aitortutako horrek zer edo zer esan gabe uztea gero eta erakargarriago zait, agian neronek ere kontrarako berezko joera edo jaugina izan dudalako, agian egunaren arabera, edo eguneko aldartea tarteko, guztiz ezinezko zaidalako gaurko egunean ere. Esandakoan zer edo zer zabalik utzi, itxi gabe, zehaztu gabe, edota batzuetan ere, baiezko erapean aitortutakori ezezkotik erdi-ulertarazitakotik ere ez libratu. Errealitatearen sakonari zintzo kontu egin nahi izanez gero, esaldia, edo hitzez egotzitakoa, gerturapen bat baino ez da izango, gerturapen saiatu bat, izatekotan; errealitatearen sakona eta aberastasun ezin agortuzkoa nekez “hitzetaratu dugu” eta, hori eginez gero ere, berau antzeman eta atzeman dugula nekez pentsatuko dugu.

Hitz ezagauzaz-baigauzazkoak ez dira hitz burugabe hutsak

Honen harira, Iñaki Segurolaren Sed quia sua liburuan ondo jorratutako “olgetan benetan hitz egitea” edo “ezbaikari hitz egitea” delako ideiei iritzi nien zinez interesgarri. Benetan intereseko iritzi nion bere liburura eramandako kontzeptu edo adigai horri. Berak e-gogoari (“euskal gogoaren” egindako bere laburtzea) aitortzen zion “ezbaikari” mintzatzeko gaitasun hori, gurean, egun, gero eta galduago honi. E-gogoak “olgetan-benetan” jardutea gogokoa zuen oso, zioskun Segurolak. Hau ez zen inondik ere adar-joka edota ziria sartu nahian ibiltzea. Oso besterik zen kontua. Olgeta hutsak nekatu egiten du eta benetan jarduteak, aldiz, nazkatu, aitortuko digu Seguroak bere ohiko umorez. Benetan jardutea ere nekagarri egin dakiguke, “benetakoegi” jarduteak sinetsiak izan gaitezen eskatzen duelako une oro, diogun hori guzti-guztia egi-egiatzat hartua izan dadin; hori esalearekikoan, ezen, entzunka diharduenak, azkenerako, “askotasun-sentipena” senti dezake (asko, gehiegitxo, irentsiarazi nahi diotelako sentipena), betekada duelako sentipena, gainezka egin diolarik belarri-zuloetara etorri eta etorri datorkin ortodoxia hitz-lasterra, hitz-uholde, baztergabe hori. Olgetan hitz egitera nork bere burua bete-betean emateak, aldiz, justu kontrako ondorioa lekarke berekin; betiro olgetan jardunez gero, egiatasun beharraren presioaz guztiz libro geldituko da agian, baina, horrekin bateratsu, dioen edota esankizun duen den-dena gezurtzat jo dezaten paira dezake ordianetan.

Olgeta-benetakoa izango da azkenerako zinez eta zintzoki entzuna izango dena, benetan onartua izango dena bere esanak eta guzti. Olgetan-benetan jardungo du, ezbaikari,ezarian-baiarian, ez dakigula zehazki edo noraino egiaren bat ari zaigun belarrietara, ezta noiz, aldiz, egiatik deusik ere ez dugun, noiz gauden mintzaiara zapalegiaren aurrean. Ez dago jakiterik zehatz-mahazki noiz dugun batetik edo bestetik, hori baita hain justu olgetan-benetan jardutea, ezin bereizizko moduan jardutea.

Segurolak hitz egin modu hau e-gogoarekin (euskal gogoarekin) lotzen duenean ez dugu zehatz-zehatz jakiterik hau benetan hala izan zen, edo bere asmakeria edo sikiera erdi-asmakeria den. Beharrik ere ez dago, esango liguke berak. Agian bera berori ere bere jakinduriatik olgetan-benetan ari zitzaigulako. Txarrenean ere, zera esango zigukeen Segurolak; hala hitz egin zela sinesteak on egiten badigu, bada, orduan hala sinets dezagun, gure hobe beharrez.

Euskal hitz egin molde zahar eta jator hori zin-zinez hala izan edo ez, orain pixka bat bazter utzirik, Segurolaren kontu honekiko lerroetan badago hiztegintzarako ekarpen interesgarri bat. XVII. mendeko Sarako Haranbururen Debozino eskuarra izenburuko liburutik euskarazko hitz edo esamolde jada desagertua baina oso interesgarri bat berreskuratuko digu Segurolak goian aurkeztutakoarekin oso ondo bat egiten duena: “hitz ezgauzaz-baigauzazkoak”. Haranbururen testuan delako esamolde hori bere literalean honela zetorkigun “Hitz ergelak eta ezgauzaz-baigauzazkoak benial dira”. “Hitz ezgauzaz-baigauzazko” delako esamoldea jada orduantxe bere azkenak ematen ari zen; izanez ere, liburua atera eta mende-erdi pasatxora egindako beste argitaldi batean hitza erauzi eta bere ordez “burugabeak” ipini zuten (“Hitz ergelak eta burugabeak benial dira”). Galduxea edo guztiz atzendua zegoen ziur ordurako askoz iradokigarriagoa geneukakeen jatorrizko esan modua. Ordezkapen horretan galera inportante bat sumatzen du Segurolak. “Burugabea” den zerbaiten gainean pentsatzen dugunean, bururik ez duen zerbaiti buruz ari garela esango genuke. Segurolak, baina, hau azpimarratzen digu; hori bainoago, “eduki behar den baino buru gutxiago” leukakeen horretaz aritu beharko genuke, eta ez berez bururik ez duenaz. Lotsarekin beste horrenbeste esango digu; lotsagabea, lotsa falta bainoago, beharko lukeen baino lotsa gutxiago duen hori geneukake. Askoz argiagoa eta adierazgarriagoa geneuzkake, hortaz, “ezgauzaz-baigauzazkoa” terminoa; hitz ezgauzaz-baigauzazkoak hitz txoroak, funtsgabeak, badaezpadakoak…baino askoz gehiago dira, harago baitoaz hitz ezgauzaz-baigazazkoak. Baiari bezainbat emanak dira ezari emanak; oso-holistikoagoak dira, esan digu Segurolak; era ezbaikarian ahoratuak: dena eta ez dena diotelarik, eta esan ahala, entzuleak bi-bietatik aditzen du. Olgetan-benetan dabilkeen horixe ez legoke oso urruti hitz ezgauzaz-baigauzazkoak ahotan hartzetik, hortaz.

Igor Goitia

Hitz ezagauzaz-baigauzazkoak ez dira hitz burugabe hutsak

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude