Sorterrikoak eta atzerritarrak: langile klasean ere bada arrakalarik
Sorterrikoak eta atzerritarrak –
Martxoan aldarrikapenerako bi hitzordu izan ditugu: Emakume Langileen Nazioarteko eguna (M8) eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren kontrako eguna (M21). Horren harira dokumentu bat iritsi zait (Informe sobre la integración laboral de Inmigración, 2022), eta hor esaten da bertako emakumeen eta migratuen arteko soldata-arrakala %37koa dela.
Datu honen aurrean sortzen dira galderak: Nola liteke lan merkatu formalean, hau da, ustez hautaketa irizpide objektiboak nagusi direnean, halako diskriminazioa gertatzea bertako emakumeen eta migratuen artean? Nola sortzen da, eta zergatik gertatzen da bereizkeria hori?
Galdera jarrita, gogora datorkit bizi izan nuen pasarte bat: Behin batean, Lanbidek esanda, bulego batera jo nuen, non, besteak beste, lanerako aholkularitza eskaintzen zuten. Gainera, leku hura elikagai-bankua ere bazen eta migratzaileentzako beste zerbitzu batzuk eskaintzen zituen.
Beraz, prestutasun guztiaz joan nintzen esandako orduan. Bulegoak Getxoko parrokia batekin zuen lotura, eta honek arreta eman zidan: Zein harreman izan zezakeen parrokia batek lanerako aholkularitzarekin? Txirrina jo nuen eta atea zabaldu zidatenean konturatu nintzen han zeuden erabiltzaileak atzerritarrak zirela, azal ilunekoak eta azentu latinoamerikarrekikoak. Egin zidaten lehenengo galdera izan zen janari bila ote nindoan; ezezkoa erantzun nien, eta nire harridura areago handitu zen: ez nuen ulertzen Lanbidek nora bidali ninduen enplegua bilatzen laguntzeko.
Gela txiki batean itxaron nuen; nire izena esan eta sarrarazi ninduten. Hemengo gizon heldu batek artatu ninduen; itxura, jokatzeko eta mintzatzeko eragatik gogora ekarri zizkidan nire herrialdera misiotara joaten ziren apaizak. Eseri nintzen. Pozik, lana topatzen lagunduko ninduelakoan, nire curriculuma erakutsi nion. Hau kontu handiz prestatu nuen, nire prestakuntza eta lan-esperientzia laburbildu asmoz. Gizon hark esku artean hartu zuen dokumentua, arretaz aztertu zuen, eta isiltasun tarte baten ostean gomendioa eman zidan: “Hoberena da unibertsitate-ikasketak eta lan-esperientzia ez aipatzea. Batxilergoko prestakuntza baino ez utzi, eta bila ezazu dendaren batean saltzaile lana. Hori kendutakoan hurrengo hitzorduan berba egingo dugu berriro. Inork ez du nahi hainbesteko prestakuntza duen saltzaile edo zaintzailerik”.
Nahigabetuta eta etsita irten nuen handik. Jakina, ez nintzen hara itzuli. Iparralde globaleko herrialde batera joandakoan prestatzeko egin dituzun ahalegin guztiak eta zure lan-esperientzia pikutara doazela ikusteak jota uzten zaitu.
Ez zen nire lehenengo migrazioa; Latinoamerikako beste herrialde batzuetan ere bizi izan nintzen nire ikasketak zirela eta; alabaina, han nire eskarmentu profesionala ekarpen gisa hartzen zuten. Hemen, ordea, kontrakoa zirudien.
Horregatik ez da harritzekoa sektore formalean dihardugun bertoko eta migratuen artean halako arrakala gertatzea, lan munduan eta ordainsarietan. Lan merkatu informala ez da aipatzen, eta horretan migratutako biztanleria gehiengo ia osoa da. Arrakalaren inguruko datua aipatutako txostenetik atera dut, Observatorio del Racismo y la Xenofobia erakundeak landu duena. Arrakala okupazio, jarduera mota, partzialtasun, lanaldi eta antzinatasunari lotuta dago. Datu horrek islatzen du espainiar estatuan enplegu formala dugun emakume migratzaileok bertoko emakumeengandik 37 puntura gaudela enpleguaren kalitateari dagokionez; hori, bi kolektibo horien diru-sarreren maila eta erosahalmenari erreparatu gabe. Izan ere, aldagai hauek aintzat hartuz gero arrakala are handiagoa bailitzateke.
Emakume langileen eta arrazismoaren kontrako egunetako aldarrikapenak direla eta, argazki hau guztiok ikusi behar dugu errealitateaz hausnartzeko eta, batez ere, arrakala hori murriztu eta desagerrarazten saia gaitezen. Arrakala sortzeko hazia herri-administrazioek ereiten dute, hauek enplegua bilatzeko aholkularitzan darabilten eskema delako sexuaren eta arrazaren araberako lanaren banaketa.
Horren kontrapuntua emakume migratzaile sindikalizatu eta ez sindikalizatuok gara, arrakalari aurre egiteko asmoa dugunok. Geure eta gure aliatuak diren bertoko emakumeen eginkizuna ezinbestekoa da diskriminaziorik eta arrazismorik ezagutuko ez duen jendarte bat eraikitze aldera.
Ekin diezaiogun lanari!