«Herritarrek sarritan euskara erabiltzeari uko egin behar izaten diote zerbitzua oztoporik gabe jasotzeko» (2023. urteko Txostena)

«Herritarrek sarritan euskara erabiltzeari uko egin behar izaten diote…» –

behatokia

2023. URTEKO TXOSTENA

  • 2023an Euskararen Telefonoan jasotako intzidentziak biltzen dituen txostena aurkeztu du Behatokiak gaur Iruñean.
  • KORRIKAren bidez aurrerapausoak eskatzen diren honetan, herritarrek salatzen dute urtero horma berdinaren aurka borrokatzen jarraitzen dutela.
  • Lurralde batzuetan euskarak duen estatus, aitortza eta lege-babes ezak hizkuntza politikarekiko neurri zuzentzaileak hartzea oztopatzen du. Bestalde, Justiziaren kasuan, hizkuntza eskubideen urraketak sistematikoak dira.
  • Behatokiak ohartarazi du eskubidea dena eskaintza-eskaria merkatuaren parametroetara eramaten ari dela, ekitate neurriak aplikatu beharrean gutxiagotutako izaera betikotzeko arriskuarekin.

2024ko martxoaren 19a

Gaur, Behatokiak Hizkuntza Eskubideen Egoera 2023 txostena aurkeztu du Iruñeko Kondestable Jauregian, iazko urtean Euskal Herrian zehar hizkuntza eskubideekiko eman diren gertakariak zein hutsuneak arloz arlo aztertzen dituena. Txostenaren aurkezpenean izan dira Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendaria eta Garbiñe Petriati teknikaria.

Azken 10 urteetan hizkuntza eskubideen aitortzan salto kualitatiborik ez

«Euskararen lurraldea zeharkatzen ari den KORRIKAren bidez erakundeei aurrerapausoak eskatzen zaizkien honetan, herritarrek salatzen dute urtero horma berdinaren aurka borrokatzen jarraitzen dutela. Azken 10 urteetan errepikatzen diren urraketa eta muga berdinekin jarraitzen dugu eta horiei irtenbidea eman beharrean parametro berdinetan kokatzen jarraitzen dira euskaldunon hizkuntza eskubideak: euskararen bigarren mailako izaera eta hizkuntza eskubideen eta gutxiagotutako hizkuntzekiko berdintasun eza» baloratu du Behatokiko zuzendariak. Izan ere, herritarrek jasotzen dituzten oinarrizko zerbitzu eta jardueretan euskara erabiltzeko dauden ezintasunak edo oztopoek egunerokoan euskararen aldeko hizkuntza hautua egiteko nola baldintzatzen den erakusten dute 2023an jasotako hainbat kasuk.

GaurHerritarrek sarritan euskara erabiltzeari uko aurkeztutako txostenean egiten diren egoeraren irakurketa, salaketa eta hausnarketak herritarren kexa edo protesta hutsa bezala kalifikatzetik harago, espazio eta zerbitzu publiko eta pribatuetan gizarte berdinzale eta justuago bat eraikitzeko baliagarriak izan behar direla uste du Behatokiak. Zerbitzu publikoetan eta oinarrizko zerbitzuetan euskara normaltasunez erabiltzeko edo eremu sozioekonomikoan hizkuntza eskubideen aitortza enpresa, erakunde pribatu zein eragile sozial eta ekonomikoen oinarria ere izan dadila aldarrikatu dute. Jakina da Zuberoa, Nafarroa Beherean, Lapurdin, Nafarroako hegoaldean zein Trebiñu eta Villaverde Turtziozen euskarak duen estatus eta aitortza ezak erabakiak edo hizkuntza politikarekiko neurri zuzentzaileak hartzea oztopatzen duela eta ondorioz euskaraz zerbitzuak jaso, ikasi, lan egin edo kontsumitzea herritar eta eragile batzuen borondate eta determinazioaren gain geratzen da, baina beti ere ziurgabetasun eta babes nahikorik gabe.

Hala ere, euskarak nolabaiteko estatusa duen gainerako eremuetan, 2023an jaso diren intzidentziek hizkuntza eskubideen bermearekiko neurri eraginkor falta erakusten dute. Euskarak lurralde batzuetan estatus ofiziala izan arren eta herritarrek euskara erabiltzeko eskubidea bermatua izan beharko luketen arren, euskara ezagutzen ez dutenek markatzen dute bermea norainokoa izan behar den. Eremu publiko zein pribatuan eskubideak egikaritzeko betebeharretan ez da aurrerapauso edo salto kualitatiborik ematen eta horrek antzeko egoerak behin eta berriz erreproduzitzea ekartzen du.

Eskubide urraketen lagin bat

Garbiñe Petriati Behatokiko teknikariak eskaini ditu erakundeak bildutako datuak. 2023an, guztira 987 intzidentzia jaso ziren Behatokiak eskaintzen duen Euskararen Telefonoaren dei zein zerbitzu telematikoen bidez. Intzidentzia guztietatik, 909 kexak, 49 zoriontzek eta 29 kontsulta, iradokizun edo bestelakoek osatzen dute, hain zuzen, aurtengo balantzea. Aurreko urtean jasotako kexen jaitsiera txiki bat egon den arren, Petriatik datuen eta errealitatearen arteko arrakalan jarri du enfasia: «Kontuan izan behar da kopuru hau errealitatearen lagin bat baino ez dela. Izan ere, jakin badakigu herritar askok zerbitzuak euskaraz eskatzeko erreparoa izan dutela, atzerapenak edo bestelako albo-kalteen beldur, eskubide urraketa gisa identifikatu gabe». Behatokiko teknikariaren hitzetan, sistema osoaren hutsuneen adierazle da hori: «Herritarrak bere hizkuntza eskubideen kontzientzia izan arren, zerbitzua oztoporik gabe jaso nahi badu, euskara erabiltzeari uko egin behar izatea eragiten dio sarritan».

Jarraian, Hizkuntza Eskubideen Egoera 2023 txostenaren ataletan jaso diren eskubide urraketa eta atzerapauso nabarmenenak laburbiltzen dira. Txosten osoa ikusgai dago www.behatokia.eus webgunean.

Hizkuntza eskubideen egoera eremuz eremu

Osasungintzari dagokionez, lehen arretan edo administrazio guneetan euskarazko zerbitzuak ez dira behar bezala bermatzen eta euskaraz lan egiteko oraindik mugak edo baldintzatzeak daude. Euskal Autonomia Erkidegoan, Osakidetzako zerbitzuetan hizkuntza hautua egiteko aukera dagoen arren, horrek hainbat osasun etxe edo espezialitatetan ez du bermerik eskaintzen eta herritarra baldintzatzen da. Osasunbidean idatzizko harremana soilik eskatu daiteke euskaraz Nafarroa osoan, baina euskarazko osasun arretarik bermatzeko ez da beharrezko neurri koiunturalik hartzen. Orokorrean mediku espezialisten zerbitzuetan egoera are makurragoa da.

Hezkuntzan, euskarazko eskaintza urriagoa izaten da eta hainbat baliabide oraindik ez daude euskaraz. Batik bat Ipar Euskal Herrian zein Nafarroako Foru Erkidegoan euskararen irakaskuntza zabaltzeko azken urteetako oztopo berdinekin jarraitzen da, milaka haur eta gazteri euskara ikasteko eskubidea urratuz.

Administrazio publikoei begiratuz gero, administrazio orokor zein herriko etxe eta udaletan herritarrek zerbitzua euskaraz jaso nahi dutela adierazi arren, hainbatetan hizkuntza aldatzeko eskatzen zaie, edo hizkuntza hautua albo kalte-ondorioen bidez baldintzatzen zaie, atzerapen eta itxaronaldi nabarmenak eraginez, besteak beste. Administrazioak euskarazko eskaintza aktiboa egitea kostatzen da, eta azpikontratatutako zerbitzuetan ez dira hizkuntza irizpideak behar bezala ezartzen eta bermatzen.

Aisia, kultura eta kirolari dagokionez, euskarazko eskaintza askoz urriagoa da. Kezkatzekoa da adin batetik aurrera gazteek euskararen ezagutza izan arren, erabaki ezberdinen bidez, erdaraz kontsumitzera edo aisiarako jarduerak erdaraz egitera bultzatzen zaiela. Bestalde, baliabide eta inbertsio falta dago, eta zinemek eta streaming plataforma handiek euskarazko eskaintza egiteko dituzten betebeharrak ez dira lantzen.

Herrizaingoan eta segurtasun publikoan euskarazko zerbitzua eta arreta uneoro ez bermatzeak albo-kalte ondorioak ekartzen jarraitzen dizkie herritarrei. Gainera, herritarren hizkuntza eskubideak gutxiesteak, herritarren integritatea, segurtasuna edo babesa arriskuan jarri ditzakeen arren, alor honetan ez da aurrerapausorik eman azken urte honetan. Justizian hizkuntza eskubideen urraketak sistematikoak dira. Babes eta mekanismo eza, ziurgabetasunak zein besteak beste euskara erabiltzeagatik epeen luzatzeak herritarrak nabarmen baldintzatu edo mugatzen ditu.

Zerbitzu pribatuei dagokionean, borondatearen esku uzten da enpresa eta establezimenduek beraien zerbitzuak euskaraz eskaintzea edo euskaraz kontsumitzeko aukera ematea, eta horrek herritarrak erdaraz kontsumitu behar izatea eragiten du. Hainbatetan, jarrera oldarkorra jasan dute euskaraz zuzentzen saiatu diren bezeroek. Lan munduan ere, euskaraz lan egiteko eskubidea ez da bermatzen. Euskaraz lan egiteko tresnak, ohiturak eta gaitasunetan sakontzea falta dira.

Eremu publiko zein pribatuko paisaia linguistikoari dagokionez (kaleko seinaleak, informazio kartelak, publizitatea…), toki ugaritan erdarak lehenesten jarraitzen dira, eta hainbatetan ez dago euskararen presentziarik edo presentzia urriagoa edo bigarren mailakoa da.

Bestalde, urraketak gainditzeari begira trantsiziozko neurriak beharko luketenak egonkortzen ari dira, eta anbizio eta determinazioz aurrera egin ordez, egoerak eta urraketak betikotzen eta euskaraz bizi nahi duten pertsonen hizkuntza hautua baldintzatu eta mugatzen jarraitzen da. Lege, dekretu, euskara plan, ordenantza zein bestelako arauek hainbatetan ez dituzte neurri zuzentzaileak ezartzen.

Hizkuntza eskubideak bermatzeko neurrien aurkako jarrerak eta ekintzak

Azkenik, Behatokiak nabarmendu du 2023an hizkuntza eskubideen bermean aurreratzeko neurrien kontrako erabaki eta jarrerek urte osoan zehar izan zutela presentzia. Auzitegietatik eratorritako sententziez harago –Udal Legea eta garapen dekretuaren aurkakoak, hizkuntzaeskakizunak baliogabetu dituztenak eta abar–, hizkuntza politikan hartzen ez diren neurriek zein emandako atzerapausoek –EAEko Kontsumitzaileen legea, Nafarroako udal ordenantzetan emandakoak…– herritarren eskubideak eta euskaraz bizitzeko hautua behar besteko lege babesik gabe uzten dute.

Izan ere, euskaraz bizitzea jendarte berdinzale eta bidezkoago baten oinarrietako bat izan beharko lukeen arren, eskubidea dena eskaintza-eskaria merkatuaren parametroetara eramaten da. Beraz, euskara gutxiagotutako hizkuntza den heinean, ekitate neurrien printzipioak aplikatu beharrean, gutxiagotutako izaera hori betikotzeko planteamenduak egiten jarraitu zen 2023an ere.

«Herritarrek sarritan euskara erabiltzeari uko egin behar izaten diote zerbitzua oztoporik gabe jasotzeko»

Hizkuntz Eskubideen Behatokia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude