Akira Toriyama, euskarazko telebistara itsatsita gintuen sortzaile handia
Akira Toriyama, euskarazko telebistara itsatsita gintuen sortzaile handia –
Jon Tornerrek Argia aldizkariko Slump doktorearen zaintiratua blogean.
Jakingo duzue honezkero. Akira Toriyama hil da, besteren artean Slump doktorea eta Dragoi Bola manga ezagunen sortzailea. Animera jauzia eginda, euskaraz gozatu ahal izan genuen Araleren istorio eroekin, eta euskaraz Son Gokuren borrokaldi latzekin. Milaka ume, gazte, heldu, ETB1era itsatsita. Kalitatezko produktuak, eta bikoizketa-lan ederrak.
Ez dakit haien osteko ETB1 edo ETB3 kateetako produktuek ume eta gazteengan zein erakarpen indar izan duten, baina etxean ikusitakoak ikusita, esango nuke koxkortzen doazen neurrian euskarazko produktuek interes geroz eta gutxiago sortzen dutela haiengan. Eta eskerrak eurek behintzat Ene Kantak-eta bazituzten, bestela lehenago hasiko ziren-eta gaztelaniazko kateak jartzeko eskatzen, edo Youtube. Ikus-entzunezkoen eskaintza izugarri handitu da urteotan.
Goazen! eta Irabazi arte! aparteko gauza dira. Egia da, ostiraletan 21:00ak noiz joko duten zain egoten dira seme-alabak, baina listo, ez digute ETB3ko beste ezer jartzeko eskatuko. Ordubeterekin nahikoa dute. Hori horrela, ez da erraza euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitzeko ohitura txertatzea. Filmak ikustera eramango ditugu (haientzat “onenak” direnak euskaratzen ez diren arren), Euskal Encodings moduko plataformak baliatuko ditugu, BAINA… Doraemonek aliatuak behar ditu borroka horretan.
Tira, ez zen nire asmoa euskarazko telebista publikoaren ibilbideaz hitz egitea, Akira Toriyama gogora ekartzea baizik, euskaldun umeen memorian iltzatuta geratu diren pertsonaien sortzailea den heinean. Ez dut obituario poetikorik idatziko, nostalgiak edo idolatriak edo dena delakoak begirada lausotuko didalako. Haren obrari buruz gauza gehiago ezagutzeko baliatuko dut eguna. Esaterako, ez nekien Dragoi Bola sortzeko Mendebaldera Bidaia txinatar nobela klasikoa izan zuenik inspirazio-iturri. Hain justu, eleberri horretako protagonista batek Sun Wukong du izena. Tximino Erregea. Hartan oinarrituta dago Son Goku.
Toriyamak ez du elkarrizketa asko eskaini, ez da erraza haren esanak aurkitzea. Euskarazko Wikipedian irakurri dugu Toriyama Akira’s Manga Theater Vol.2 liburuan elkarrizketa egin ziotela, sei ataletan banatuta, non kontatzen duen mangaka nola bihurtu zen. 1988an publikatu zen, ingelesezko Wikipediak zehazten duenez. Ez nago erabat seguru elkarrizketa hau ote den; edonola ere, merezi du irakurtzeak: Gaztelaniaz / Ingelesez. Sei puskatan banatuta dago, baina aipatu liburuan jasota dagoena ote den…
Akira Toriyama, euskarazko telebistara itsatsita gintuen sortzaile handia