Merituen Dekretuaren inguruan Nafarroako Kontseiluaren Irizpena inkonstituzionala da

Merituen Dekretuaren inguruan Nafarroako Kontseiluaren Irizpena inkonstituzionala – 

MERITUEN DEKRETUAREN INGURUAN NAFARROAKO KONTSEILUAREN IRIZPENA INKONSTITUZIONALA DA

Nafarroako Administrazio Publikoetan sartu edo lanpostuak hornitzeko garaian merituak baloratzeko Foru Dekretuaren inguruan Nafarroko Kontseiluak irizpena eman du, 2024ko otsailaren 21ean. Irizpen honek komentario batzuk merezi dituenez, hona hemen nire azterketa juridikoa.

LEHENENGOA.- Euskarari dagokionez, Irizpenak ez du ia aipatzen Nafarroako Euskararen Legea (eremu mistoan administrazioek euskaraz jakitea nahitaezkoa duten lanpostuak jar ditzaketela eta lan deialdietan euskara meritu moduan balora dezaketela zehazten duena). Oso kontuan hartzen du, ordea, Espainiako Konstituzioaren 23. artikulua (hiritarrrek berdintasun baldintzetan eskubidea dute, legeek ezartzen dituzten baldintzez, funtzio eta kargu publikoetara heltzeko).

BIGARRENA.- Euskararen puntuazioa zehazteko berdintasun printzipioa hartzen du kontuan, legeek ezartzen dituzten baldintzetan aplikatu behar dela ahaztuta. Nolabait Zuzenbideko printzipio moduan hartzen du eta hortik aurrera euskararen puntuazioa modu inkisitorial aztertzen du.

HIRUGARRENA.- Konstituziotik Zuzenbideko printzipioak atera nahi badira, osotasunean eta modu harmoniko eta integralean atera behar dira. Horrela, 103.3 artikuluak ezartzen du funtzio publikoan sartzea meritu eta gaitasun printzipioetan oinarritzen dela. 3. artikuluan ezartzen du gaztelania dela Espainiako Estatuaren hizkuntza ofiziala eta beste hizkuntzak ere ofizialak izanen direla haiei dagozkien Erkidego Autonomoetan berauen Estatutuei dagozkien eran. Nafarroako Parlamentuak Euskararen Legea onartu zuenean Konstituzioak aipatzen zuen ahalmen hori erabili zuen. Beraz, berdintasun printzipioa irizpide absolutu gisa erabiltzea, meritu eta gaitasun printzipioak alde batera uztea eta Euskararen Legea ahaztea ez dira printzipio konstituzionalak ateratzeko modurik onena.

LAUGARRENA.- Espainiak onartu eta berretsi duen Eremu Urriko Hizkuntzen Gutunak aztarna batzuk ematen ditu Konstituzioa interpretatzeko: “Erregio edo gutxiengoen hizkuntzetako hiztunen eta gainontzekoen arteko berdintasuna lortu asmoz edo hizkuntzan egoera berezia kontutan izan dadin hartutako aldeko neurri bereziak, ez dira indar handiagoko hizkuntzetako hiztunen kaltetan egindako bereizkeriatzat hartuko”.

BOSGARRENA.- Euskararen balorazioa modu proportzionalean egin behar dela, lanpostuen ezaugarriak kontuan hartu behar direla eta abar eta abar, horiek guztiak epaileek eraiki duten eszenatoki euskarafobikoaren ondorioak dira, berdintasun printzipioa sakralizatu eta beste hizkuntzei legeek ematen dieten ofizialtasuna ahaztu ostean (ofizialtasun mugatua euskararena eremu mistoan, baina erreala, Euskararen Legeak arau batzuk jartzen baititu).

SEIGARRENA.- Euskarari dagokionez (Osasunbidean euskara meritu moduan modu orokorrean baloratzerik ez du onartzen), Irizpena erabat antikonstituzionala da, %100ean gainera, Konstituzioak aipatzen dituen gaitasuna, meritua eta hizkuntzen ofizialtasuna ahazten baitu.

ZAZPIGARRENA.- Nafarroako Kontseiluak lerro gutxi behar zituen, Merituen Dekretuaren legalitatea aztertzean, Irizpena emateko: Konstituzioko 3. artikulua eta Euskararen Legearen 17. artikulua indarrean dauden bitartean, euskara meritu gisa baloratzea guztiz legala dela, eta hori egiteko orduan, ez Konstituzioak ez Euskararen Legeak inolako murrizketarik ez dutela ezartzen.

Joseba Otano Villanueva

Zuzenbideko Lizentziatua eta Administrazioan Euskaraz taldeko kidea

Administrazioan Euskaraz Taldea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude