Euskararen aurkako azken sententzien aurrean, langileen eta herritarren eskubideen alde elkarretaratzea deitu dute martxoaren 6an
Euskararen aurkako azken sententzien aurrean –
- Auzitegiek lanpostu publikoetan euskararen ezagutza eskatzea «diskriminatzailea» dela argudiatu dute 227 lanposturen egonkortzea baliogabetzeko.
- Sententziak lanpostuak egonkortzeko azken fasean iritsi dira, herritarren eskubideak ez ezik langileen eskubideak ere kaltetuz. Jurisprudentziaren bidez doktrina aldaketa ezartzen ari direla salatu du Kontseiluak.
- Elkarretaratzea deitu dute martxoaren 6rako Bilbon, 12:00etan Foru Jauregian. Eragile sozial eta politikoei parte hartzeko gonbidapena luzatu diete.
Bilboko Administrazioarekiko Auzien 3 eta 6 zenbakiko epaitegiek Bizkaiko Foru Aldundiko 227 lanposturen egonkortze, promozio eta esleitze prozesuak baliogabetu dituzte, euskararen ezagutza eskatzea «diskriminatzailea» dela iritzita. Zehazki, Aldundiaren 2022ko maiatzaren 17ko Akordioa (77 lanposturen egonkortze prozesua) eta 263/2022 Foru Dekretua (150 lanposturen promozioa eta 18 berriren deialdia) baliogabetu dituzte. Sententziak lanpostuen esleipena amaitzear zegoenean heldu dira, lanpostu publikoa eskuratzera zihoazen berrehundik gora langileren etorkizuna kolokan jarriz.
Oldarraldiaren jurisprudentzia baliatzen duten sententziak
Azken sententzia hauek euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi judizialaren baitan kokatu ditu Euskalgintzaren Kontseiluak. Izan ere, oso kezkagarritzat jo du lanpostu publikoetan bi hizkuntza ofizialetako baten ezagutza eskatzea «diskriminatzailea» dela baieztatzea, orain arteko sententzien soka beretik, beti euskararen aurka. Horretarako, gainera, argudio bezala hautagai euskaldunen eta gaztelaniadun elebakarren proportzioak kontrajarri ditu, aintzat hartu gabe euskaldun guztiek gaztelania ere ezagutzen dutela eta bi hizkuntzetan lan egin eta harremana bermatzeko gai direla, euskara ezagutzen ez duten elebakarrek ez bezala.
Epaileek, gainera, euskararen normalizazio prozesuaren aurkako oldarraldi judizialaren bidez garatzen joan den jurisprudentzia berria darabilte argudio gisara, hain zuzen, Gipuzkoako Uliazpi fundazioaren aurkako sententzia (errekurrituta dagoena) eta Irungo udaltzaingoen deialdiaren aurkakoa, oraindik irmoak izan ez arren.
Bere unean Kontseiluak ohartarazi zuen bezala, Uliazpiko sententziak 86/1997 Dekretuko derrigortasun-indizearen irakurketa murriztaile bikoitza egin zuen. Alde batetik, indizea gehienezko sabai modura ezarriz, EAEko Auzitegi Nagusiaren 549/2011 sententziak gutxieneko modura ezarri bazuen ere. Bestalde, indize hori deialdi bakoitzean hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuen portzentajearekin alderatu zuen, dekretu zaharrak argi dioenean administrazio edo instituzio bakoitzeko lanpostu guztiak hartu behar direla kontuan. Guzti honekin, azkenaldiko sententziek orain arteko hizkuntza-politikaren doktrina-aldaketa ezarri dutela agerian uzten dute, oraindik irmoak izan ez arren, ekintza burutuen politika ezarriz.
Kontseiluak behin eta berriz aldarrikatu du badela garaia hizkuntza-eskakizunen eta derrigortasun-indizearen eskema gainditzeko. 2022an, euskal gehiengo sindikalarekin batera EAEko administrazioa 15 urtean euskalduntzeko proposamen zehatz eta egingarri bat aurkeztu zuen. Hala ere, pasa den astean onartu zen dekretu berriak ez du jasotzen euskararen normalizazioan jauzia emateko bokaziorik, are, oldarraldi judizialak ezarritako mugak islatzen ditu eta ez du honen aurrean babes juridiko nahikorik bermatzen. Horregatik «aukera galdutzat» jo zuten hainbat eragilek, Kontseiluak tartean.
Euskara eskatzea soilik da “gehiegizkoa”
Beste behin, lanpostu publikoen %100ean gaztelania derrigorrezkoa bada ere, epaileen arabera euskara eskatzea soilik da “gehiegizkoa”. Administrazio publikoan euskaldunon hizkuntza-eskubideak etengabe urratzen diren arren, lanpostu batzuetarako euskararen ezagutza ere eskatzea elebakarrekiko “diskriminatzailea” da. Eta derrigortasun indizearen interpretazio murriztaile honen bidez, kristalezko sabai bat ezartzen zaio euskararen normalizazio prozesuari, hizkuntza-berdintasuna hautsiz eta orain arte ezagutu dugun euskararen ofizialtasuna bera kolokan jarriz.
Sententzietan, epaileek baieztatzen dute Bizkaiko Foru Aldundian herritarren hizkuntza-eskubideak erabat bermatuta daudela, nahiz eta datuek kontrakoa erakusten duten. Izan ere, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jasotako kexa ugariek aurkakoa adierazten dute: sail ezberdinetako arreta presentzialean zein telefonikoan euskaraz egiteko ezintasuna, gaztelaniaz hitz egitera behartzea, kartelak, gidak eta dokumentazioa soilik gaztelaniaz jartzea, herritarraren hizkuntza-hautua errespetatu gabe gaztelaniaz zuzentzea, eta abar luze. Hizkuntza-eskubideak, gainera, ez dira administrazioarekiko harreman hutsetara mugatzen, ezin baita ahaztu langileek euskaraz lan egiteko duten eskubidea.
Azkenik, azpimarratu behar da sententzia hauek lanpostuak egonkortzeko fasean dauden 95 langile kaltetzen dituela; beraz, oldarraldi judizialak herritarren eskubideei ez ezik langileen eskubideei ere kalte egiten die.
Elkarretaratzearekin bat egiteko deia
Euskalgintzaren Kontseiluak bere babesa adierazi dio Bizkaiko Foru Aldundiari euskararen normalizazio prozesuaren aurkako eraso honen aurrean helegitea jarri eta prozesua azken bururaino eramateko. Era berean, Hizkuntza Eskubideen Babeserako Protokoloa oinarri, sententziak salatzeko elkarretaratzea deitu dute ELAk, LABek eta Kontseiluak martxoaren 6an 12:00etan Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza nagusiaren aurrean (Kale Nagusia 25, Bilbo), eta parte hartzera deia egiten die hizkuntza-eskubideen defentsan sinesten duten gizarte eragile, alderdi politiko, sindikatu eta norbanako guztiei.
Azkenik, nabarmendu du euskararen aldeko hizkuntza-politiketan jauzi bat egiteko akordio soziopolitiko zabal baten beharra eta norabide horretan lan egiteko konpromisoa azaldu du.