Zaintza Itun bat Greba Feminista indargabetzeko?
Zaintza Itun bat Greba Feminista indargabetzeko? –
Nerea Melgosa berdintasun sailburuak berak adierazi du itun honek ez duela sistemaren birmoldaketa proposatzen, zainketen arloan egiten ari diren lana mahai gainean jartzea baizik. Bertan, 14 konpromiso aitortzen dira, baina ez dute edukirik jasotzen. “Bultzatzen jarraitzea” edo “neurriak aplikatzen jarraitzea…” bezalako esaldiak jasotzen dira, baina ez da zehazten nola, noiz eta zein finantzaziorekin egingo den. Sailburuaren arabera, “zaintzak aitortzea eta ordaintzea” edo “zaintzak emakumeen eta gizonen artean birbanatzea” bezalako printzipioak sustatzen dira. Hala ere, errealitatea ez dator bat Melgosaren hitzekin.
Zaintza sistemak estaldurarik gabe uzten ditu mendetasun-egoeran dauden pertsona asko. Gure herrialdeko milaka eta milaka pertsona eta familien egoera dramatikoa da. Kasu askotan ez zaie zerbitzurik ematen pertsona horiei, beste batzuetan ordu kopurua oso mugatua da. Era berean, ohikoa da zerbitzu pribatuetara jo behar izatea kostu oso handia ordainduz.
EAEn zaintza sektorea ia erabat pribatizatuta dago azpikontratazioaren bidez. Hau da, gure diruarekin ordaintzen dugu mendeko pertsonen zaintza enpresen eta interes pribatuen esku egotea. Horren adibide dira egoitzak: EAEn dauden 434 egoitzetatik 40 baino ez dira kudeaketa publikokoak (%9,2). Gauza bera gertatzen da etxez etxeko zerbitzuarekin; zerbitzu hori udalen mende dago, azpikontratatuta kasu gehienetan. Ildo horretan, duela hilabete batzuk ELAk Bizkaiko hainbat udalerritan etxez etxeko zerbitzua publiko egiteko eskatu zuen, zerbitzua hutsik geratu baitzen. Beste adibide bat Bilboko Udalarena da; izan ere, Zaintza Itunaren sinatzailea den bitartean, bere etxeko zerbitzuaren kostua hirukoiztu egin da aurten. Ondorioz, mendekotasuna duten pertsona askok zerbitzua ukatu behar izan dute, ezin izan dutelako ordaindu.
Zaintza lanak aitortzeari eta ordaintzeari dagokionez, lortutako aurrerapenak, oraindik ere nahikoak ez direnak, emakumezko langileen borrokaren ondorio dira. ELAk ehunka greba egun egin ditu hainbat zaintza sektoretan, horiek aitortuak eta sarituak izan daitezen. Araban oraindik ez dago egoitzen sektoreko hitzarmenik. Egoitzen Hitzarmena negoziatzeko bilera batean, patronalak iradoki zuen langileen soldata beren bikotekideek etxean jasotzen zutenaren osagarria zela. Patronal horri berari esleitzen zaio zaintza zerbitzuen kudeaketa, hala nola egoitzak, etxez etxeko zerbitzua, eguneko zentroak eta abar.
Gaur egungo sistema ere ez da erantzunkidea; gaur egun ere zaintzaren sektorea erabat feminizatuta dago. Kontratazioaren partzialtasuna askoz handiagoa da emakumeen artean (%25,9) gizonen artean baino (%7,9). Hori da soldata arrakala iraunarazten duen elementuetako bat (EAEn, %22 inguru) eta zaintza sektoreetako emakume langileen arteko arazo nagusietako bat.
Joan den astelehenean adostutako Zaintzen Itunak ez du zerikusirik joan den azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorraren aldarrikapenekin, sailburua horretatik aldendu baitzen. ELAk zaintza sistema erantzukidea, publikoa, unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa aldarrikatu zuen.