Aurrena lapurtu, gero usteltzen uzteko

Aurrena lapurtu –

Sarri (ez behar bezainbeste, ziur) entzun dugu azken 20 urtetan Elizak burututako lapurreta masiboaz, ondasunen inmatrikulazioaz: etxeak, ermitak, lurrak… Kalkulatzen da Elizak 1592 inmatrikulazio egin dituela Hego Euskal Herrian: Nafarroan 1087, Gipuzkoan 368, Araban 69 eta Bizkaian 64. Hots, 3.04 inmatrikulazio herriko.

Etxe batean lapurreta bat egin behar duen norbaiten azalean jarriko bagina, errango genuke gaizkileak planifikazio apur bat egina izango zuela: lehenik harribitxiak, ondoren dirua, gero telebista… Bada “Eliza” izeneko lapurra ez zen lehentasunak markatzen hasi. Etxera sartu eta eraman zituen gortinak, aulkiak, goilarak, komuneko papera, alfonbrak, lanparak, umeek margotu eta hormetan itsasita zituzten marrazkiak, hortzetako eskuilak, oinetakoak, toallak, ardo botilaren bat, hozkailuan hasita zegoen txorizoa… Bere elizara itzulitakoan (berea ote den egiazki, auskalo) zakua zabaldu eta ostu duen altxorrari erreparatzen hasi zen lapurra, eta orduan erabaki zuen zenbait gauza ez zitzaizkiola hainbeste interesatzen.

Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak oraintxe zabaldu duen lan-ildo baten berri eman du bere webgunean: Nafarroako Elizak lapurtu eta ondoren abandonatuta utzi duen ondareari buruzko ikerketa. Lehenik Elizak inmatrikulatu eta ondoren bazter utzitako ondarea bisitatzen hasi dira militante hauek, ondarearentzako bi aldiz kaltegarria den praktika bat dokumentatzeko: lehenik lapurreta, eta bigarrenik zainketarik eza.

Aurrena lapurtu

Lehen adibideetako bat Aristu da, Urraulgoiti ibarreko etxalde bat. Biztanle bakarra du historia handiko txoko honek: 1042. urtean agertzen da bere inguruan idatzitako lehen erreferentzia (Ariztviga), Gartzia Sanchez III.a erregeak eta bere emazte Estefaniak Leireko monasterioari eman baitzioten. Eneko Aristaren jatorrizko orubea izan zela uste izan da.

San Andres eliza erromaniko txikia XII mendekoa da. Eraikina azken beltzera joateko zorian da, eta teilatuaren erabateko erorketa berehalakoa izan daiteke. Sakristiako ganga eta sotakoro zatia hondoratuta daude. Ez du inolako babes juridiko espezifikorik.

Eraikin txikia da, eta bere oinplanoa buru lau batean amaitzen den nabe bakarrekoa da. Epistolaren alboko hormak Erdi Aro osteko hiru leiho ditu, kanpoko argia sar dadin.

Fatxada erdi-puntukoa da, bi arkiboltaz osatuta dago inposta leun eta zutikoetan apainduta. Lehenengoak hondoratutako kosku ilara bat du zizelkatuta eta bigarrenak gizaki eta animalien buruak eta luzera osoko irudi bat ditu.

Nafarroako Eliza Katolikoak inmatrikulatua 2008ko urriaren 24an, 6953 finka, 91 m2-ko azalera duena.

Aurrena lapurtu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude