2026
2026 –
Hemen bertan irakurri genuen duela aste gutxi Donostian giza-zoologiko bat egon zela 1926an. Bi urte falta zaizkigu gertakari horren 100. urteurrena «ospatzeko». Kokatzearren, hiriko beste ikonoekin alderatuta: Union Artesanak 154 urte ditu, Behobiak 104, Realak 115 urte beteko ditu aurten eta duela 100 urte, 1924ko urtarrilaren 10ean, Eduardo Txillida jaio zen.
Nire inguruan jendeak sorpresa eraman zuen, normala den bezala, zoologikoarena astakeria galanta delako, baina gaur egun, oraindik, gure historiarekin dugun arazo handiena da pentsatzea astakeria hori baino ez dagoela donostiarren espediente historikoan. Elipsi kolektibo batek ahaztera garamatza historiako gertakari kolonial garrantzitsuenen parte izan zirela euskaldunak, eta horien artean donostiar asko: Amerikako konkista eta esplotazio ekonomikoa eta merkatu esklabista. Eta hau gertatu da, hein batean, duela bi hamarkada eskasera arte, euskal esklabotzaren salbuespenaren «mitoa» hain errotuta zegoelako, ezen historia profesionalak ere ez zuela zalantzan jartzen.
Horregatik, adibidez, Donostiako iruditeriak filantropotzat dauka Jose Matia Calvo enpresaria, Amerikako lanaren fruituen zati handi bat herrikideen ongizatera bideratu zuena, fundazio baten sorrerarekin. Donostiako Matia Fundazioa 1881ean sortu zen bere ekimenez, egun aktibo jarraitzen du eta gizarte laguntzaren arloan lan ezaguna eta aitortua duela esan daiteke. Hala ere, gainetik pasatzen da beti zerbitzu publikoari eskainitako aberastasun horren jatorria: alde batetik, Afrikako esklabotzaren merkatu oparoa, eta bestetik, azukre industriaren garapena posible egin zuten esklabo bihurtutako eskulanaren erabilera, 1847-1859 bitartean etorkin txinatarrak erreklutatzean bere plantazioetarako. Gizon honek, ordea, Donostiako kale ezagunetako bat du.
Atzerago joan gaitezke, baita ere. 1617an hamaika esklabo (zortzi emakume eta hiru gizon) Donostiako kartzelan espetxeratu zituzten, haiekin zer egin erabakitzen zuten bitartean. Portugalgo merkatari batek ekarri zituen, eta Donostiako agintariek konfiskatu egin zizkioten, herritarren artean enkantera ateratzeko. Berezko eta kartzelako baldintzen ondorioz, hala nola, hotzarengatik eta higiene eta pribatutasun faltarengatik, salmentaren aurretik Antonio izeneko esklabo bat hil egin zen eta parrokiako hilerrian lurperatu zuten. Gainera, emakumeetako bat haurdun zegoen, eta salmentaren ondoren, erditzen hasi zen. Donostiako agintariak kezkatu ziren, erditze korapilatsua izanagatik, saldutako emakume esklaboa eta zetorren seme esklaboa galdu baitzezaketen. Horregatik, agintariek arreta eskaini zioten, hil ez zedin. Donostiar kontzejuak idatzi behar izan zituen ehorzketa eta erditze gastuengatik izan ez balitz, ez genukeen ezer ezagutuko, eta pertsona horien historia eta sufrimendua ezereza sakonean geratuko ziren.
Esan bezala, bi urte falta dira Donostiako giza zoologikoaren 100. urteurrenerako. Badugu denbora atzera begiratu eta iraganari modu kritikoan heltzeko, garai esklabista eta kolonialisten errepasoa egiteko eta, bide batez, gure hautsak harrotzen hasteko.